Etorkizuneko erronkei erantzuteko euskal eredua aldarrikatu du Lehendakariak

0

DEIAk antolatutako topaketa batean, “balio sendoak dituen Euskadi bat, solidarioa den eta indibidualismotik eta biktimismotik ihesi, pertsona guztiekin konprometituta dagoen Euskadi bat” babestu du Iñigo Urkulluk

Lehendakariak baieztatu duenez, pertsonen duintasunarekin, guztion hobe beharrez lankidetzan aritzearekin eta Euskadiren nazioarteko proiekzioarekin dago lotuta azken urte hauetan gehien bete duena; eta, batik bat, horretaz aritu da DEIAk antolatutako bilgunean eskaini duen mintzaldian, zeinean euskal eredua aldarrikatu baitu etorkizuneko desafioei aurre egiteko.

Kontrako aldean, adierazi du bere kezka guztien iturria jarrera “indibidualista, biktimista edo demagogikoek” sortzen duten oihartzun minoritarioarekin harremanetan dagoela. “Gure gainetik ni ipini behar delako kultura, alegia, egositema hedatzea”- adierazi du.

Bere agintaldiaren azken garai honetan eta ondorio gisara, bakea eta elkarbizitzaren aldeko lana, enplegua eta oparotasuna, jarraian etorri diren krisiak gainditu izana, Euskadi nazioartekotzea eta autogobernua garatzea hiru legealdi hauetako lorpenik handienak izan direla adierazi du Iñigo Urkulluk, eta baieztatu du denak ere arrakasta kolektiboak direla, “Herri eredu baten fruituak”, eta eredu horrek oraindik balio du.

Gerora begira, Iñigo Urkulluk “balioak dauzkan gizartea” defendatu du, norberaren ardura, ahalegina, elkartasuna, konpromisoa eta auzolana sustatzen dituen jendartea.

“Balio sendoak dauzkan Euskadi bat, solidarioa, indibidualismotik eta biktimismotik ihesi, pertsona bakoitzarekin konprometituta dagoen Euskadi bat”- defendatu du.

Ekitaldian Bilboko Euskalduna jauregian izan da eta bertan Josu Erkoreka, Olatz Garamendi, Arantxa Tapia, Pedro Azpiazu, Jokin Bildarratz, Gotzone Sagardui, Nerea Melgosa eta Bingen Zupiria sailburuak egon dira.