Euskadi garapenerako laguntza ofizialeko estatu azpiko emaile nagusia da mundu mailan

0
  • Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundeko 11 herrialdetako eskualdeetako eta tokiko gobernuek 3.072 milioi dolar bideratu zituzten garapenerako laguntza ofizialera, 2021ean
  • Lankidetza deszentralizatuari buruzko 2023 txostenak, bereziki, GKEen bidez bideratutako laguntza aztertzen du

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak, Nerea Melgosak, Lankidetza Deszentralizatuari buruzko 2023ko txostena aurkeztu du gaur goizean. Sailburuarekin batera, eLankidetza-Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren zuzendariak, Paul Ortegak, ikerketa argitaratzearen garrantzia azaldu du. Txostenak tokiko eta eskualdeetako gobernuek 2017-2021 artean mundu mailan eman zuten garapenerako laguntza ofizialaren zenbatekoak ematen ditu. Gainera, dokumentuak gizarte zibileko erakundeen bidez bideratutakoa aztertzen du.

Aurkezpena Nerea Melgosaren hitzekin hasi da, eta lankidetza deszentralizatuaren hazkundea nabarmendu du, termino absolutuetan eta nazioartean. Hala ere, azpimarratu duenez, “are garrantzitsuago da kualitatiboa dena: balio diferentzial handiko lankidetza dela, jarduera eta egiteko modu asko eta askotarikoak dituelako, baina berezko ezaugarriekin”. Hain zuzen, gobernu zentralek ez bezala, estatuz azpikoek GKEen lankidetzarekin garatzen eta ezartzen dituzte beren ekimenak.

Sailburuak gaineratu du, lankidetza deszentralizatuak “gizarte zibilaren aurpegia du”. Funtsezko ezaugarri horri esker, “lankidetza horrek herritarrengandik hurbilago egotea ahalbidetzen du, gizartearen sormenaz elikatzeko gaitasun handiagoa izatea errazten du, sentsibilizaziorako ekarpena egiten du, gizarte-eraldaketarako hezkuntzara, eta laguntzen dio bultzatzera tokiko zein erronka globalekin konpromiso handiagoa duen herritartasuna sortzeari”.

Bere hitzaldian, Melgosak euskal eredua nabarmendu du, gizarte zibilarekin eta gizarte zibilarentzat lan egiten duen garapenerako lankidetza gisa. Sailburuak gaineratu du, “Eusko Jaurlaritza, eLankidetzaren bidez, bere aurrekontu kopuruagatik nabarmentzen da, Flandria, Katalunia, Valentzia edo Eskoziaren gainetik”. 2021ean, Euskadi izan zen nazioarte mailan estatu azpiko lehen emailea, 61 milioi dolarrekin.

Amaitzeko, sailburuak gogorarazi du eredu hori dela, hain zuzen, “Legebiltzarrean asteotan eztabaidatzen ari den Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Lege Proiektuan islatu duguna, eta espero duguna onartua izatea”.

GKEen bidez bideratutako laguntza

Lankidetza deszentralizatua askotariko ereduen bidez gauzatzen da, eta Hegoko zein Iparreko gizarte zibileko eragile ugari inplikatzen ditu. Era berean, lankidetza mota hori elkartasunean oinarritzen da, eta ez interes nazional, diplomatiko edo komertzialetan.

Ezaugarri nagusietako bat da estatuz azpiko gobernuek gizarte zibileko erakundeei ematen dietela nazioarteko laguntzaren zati handiena. Horregatik, hain zuzen, txostenak GKEen bidez bideratutako laguntzaren zenbatekoak aztertzen ditu, eta Quebek, Geneva, Berlin, Flandria, Brusela, Paris, Bartzelona, Bavaria, Eskozia eta Euskadiko kasu zehatzak erakusten ditu.

Euskadiren kasuan, erakundeen zeregina funtsezkoa da. 2021ean, Eusko Jaurlaritzaren garapenerako laguntza ofizial osoaren % 91 GKEen bidez bideratu zen.

Jarraipen-sistema aitzindaria

Lankidetza deszentralizatuari buruzko txostena urrats bat da gertuagoa den lankidetza eredua honen azterketan; izan ere, mundu mailan ez dago lankidetza mota hori neurtzeko sistemarik. Horrela, iaz, eLankidetzak txosten sorta baten lehenengoa argitaratu zuen.

Azterlanak Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundeko 11 herrialdetako eskualdeetako eta tokiko gobernuen datuak erakusten ditu. 2021ean, gobernu horiek 3.072 milioi dolar bideratu zituzten garapenerako laguntza ofizialera, aurreko urtean baino % 14 gehiago.

Azkenik, txostenetik ondorioztatzen den beste datu bat da laguntza deszentralizatua gainerako garapenerako lankidetzatik bereizten dela, gizarte zibileko ekintza eta eragile askori laguntzeko gaitasuna duelako. 576 milioi dolar GKEen bidez bideratu ziren 2021ean, eta herrialde emaileen garapeneko eta gizarte-eraldaketarako hezkuntzako 10.000 jarduera finantzatu zituzten.