“Hiru Anaiak” eta “Rokillo” ontziak prest daude itsasoan isuritako pelletak biltzeko

0
  • Itsasertza Planaren barruan, Eusko Jaurlaritzak dagoeneko bi ontzi prest ditu Santurtzin, plastiko horiek biltzeko sare bereziak dituztenak, behar izanez gero.
  • Ikuskaria izeneko arrantza-ikuskapeneko ontziak dagoeneko bi egun daramatza Toconaoko isuriaren hondakinen etorrera etengabe zelatatzen

“Hiru Anaiak” eta “Rokillo” ontziak, itsasoan isuritako pelletak biltzeko prest dauden lehenak, Santurtzin aurkeztu dira gaur goizean, Itsasertza operatiboaren barruan. Eusko Jaurlaritzak abian du alerta-maila, baita, prebentzio gisa, Euskadiko Larrialdi Plan Berezia ere, Toconao ontziaren isurketaren ondorioz itsasoa kutsa daitekeelakoan.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren arrantza-ikuskapeneko ontziak (Ikuskaria izenekoak) dagoeneko bi egun daramatza hondakin plastikoak gure itsasertzera iristen diren etengabe zelatatzen, begiztatzeen bidez eta haize eta korronteen simulazio-patroien bilakaeraren jarraipena eginez.

Operatibo horri “Hiru Anaiak” eta “Rokillo” ontziak gaineratu zaizkio. Ontzi horiek portuan egongo dira, eta esku hartzeko prest daude, beharrezkoa izanez gero.

Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuorde Bittor Orozek, AZTIko ikertzaile Oihane Cabezasek, “HIRU ANAIAK” ontziko patroi Jesús María Fernándezek eta Santurtziko Arrantzaleen Kofradiako idazkari Adolfo Onaindiak ontzi horien ekipamenduen xehetasuna azaldu dute.

Eusko Jaurlaritzaren Plana Toconao ontziaren istripuaren ondoren euskal kostaldera pelletak iristeak eragin dezakeen krisiari aurre egiteko diseinatuta dago, eta zentro teknologikoekin eta arrantzaleen kofradiekin koordinatuta doa aurrera, beharrezkoak diren baliabideak gaitzeko.

Ekipamenduaren ezaugarriak

Pelletak biltzeko, neuston motako sareen bidez hornitu dira lehenengo ontziak, oihal trinko samarrarekin, 1.000 mikrako sare-argiarekin eta 500 mikrako ordezko batekin. Sare mota hori maiz erabiltzen du komunitate zientifikoak itsasoko zaborren/mikroplastikoen eta planktonaren laginak biltzeko ikerketa-kanpainetan.

Lan egiteko modua ezaguna da arrantzaleentzat zein kanpaina zientifikoak egiten dituztenentzat: itsasoaren gainazalean pelleten edo zaborraren pilaketa bat begiztatzen denean, sarea jaurti eta herrestan eramaten da, pelleten lerroari/orbanari jarraituz. Sarea materialez beteta dagoenean, barruan pilatutakoa garbitu eta gauza bera egiten da berriz, orbana garbitu arte.

Ontzian egindako proben ondoren, doikuntzak egingo dira operatiboan, eta, balidatu ondoren, erreplikatu egingo da estrategia bati jarraikiz. Estrategia horren arabera, ontzi bakoitzak laginketa bat egingo du egunean, itsasoaren gainazalaren sekzio beretan. Horri esker, pelleten etorreran aldaketa esanguratsurik badagoen ikusi ahal izango da.

Sareko probei buruzko bideoak esteka honetan: https://we.tl/t-d2lodqwfeN

 

 

 

.