Lan eta Enplegu Sailak, Lanbidek eta Gizarteratze ministroak, Gasteizko alkatearekin batera, BGDS eta DSBE jasotzen duten pertsonak laneratzeko sustatutako proiektua

0

Alfonso Gurpegui sailburuordeak erakundeen arteko lankidetzaren adibidea nabarmendu du, politika berriak ezartzeko «inor atzean utzi gabe»

Lan eta Enplegu Saileko eta Lanbide Enplegu Zerbitzu Publikoko Zuzendaritzak, Elma Saiz Gizarteratze, Gizarte Segurantza eta Migrazio ministroarekin batera, Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarrera eta Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzen duten pertsonak laneratzeko Gasteizko proiektua bisitatu du.

Gizarteratzeko eta laneratzeko ibilbideen proiektu hau Europar Batasunak  finantzatutako Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren – NextGenerationEU– esparruan jasota dago. Euskadiren kasuan, eta Ministerioarekin bat etorriz, programa nahi zuten udal guztien lankidetzarako ireki zen. 15 proiektu dituzten 14 udalerrik, 5.780.722 euroko aurrekontuarekin eta hiru trantsizio handiei lotuta, urtebeteko prestakuntza- eta kontratazio-ibilbidea eskaini diete prestazio horietako edozein jasotzen zuten 199 pertsonari. Aldi berean, antzeko ezaugarri sozialak dituzten baina dirulaguntzarik ez duten pertsonen antzeko kopurua duen kontrol-talde bat egon da, esku-hartze publikoa laneratzean eraginkorra den egiaztatzeko. Eraginkortasun-azterlan hori egiten ari dira.

Hiriko alkate Maider Etxebarriak lagunduta, ministroak eta Saileko eta Lanbideko zuzendaritzak Gasteizko Ignacio Ellacuría Enplegu eta Prestakuntza Zentroan garatutako programa europar horren xehetasunen berri izan dute euskal hiriburuan. Han, hamar lagunek prestakuntza jaso dute iturgintzan eta elektrizitatean, bai eta gaitasun digitaletan, planoen interpretazioan eta altuerako lanen segurtasunean ere. Prestakuntza horri esker, udal-lokalak hobetzeko aukera eman duten lanak eskuratu ahal izan dira, eta bi kasutan, emakumeak direnez, sektore maskulinizatuetan enplegua lortzeko aukera eman dute.

Alfonso Gurpegui Enplegu eta Gizarteratzeko sailburuordeak nabarmendu du Idoia Mendia Lehendakariordeak legegintzaldi honetan hedatutako proiektu berritzaileak ahalik eta gehien hurbildu nahi dituela laguntza gehien behar dutenen errealitatera, bai hirugarren sektorera, bai, kasu honetan bezala, udalerrietara. Eta emaitza, Gurpeguik esan duenez, erakunde guztien arteko lankidetza horrek «erakusten du posible dela inor atzean utziko ez duten politika berriekin aurrera egitea».

Legegintzaldi honetan, Eusko Jaurlaritzako Enplegu Zuzendaritzak hamar aldiz biderkatu ditu enplegua eraldatzeko ereduak diseinatzeko eta gizarteratzeko eta laneratzeko proiektu berriak ezartzeko dituen baliabideak, eta Lanbideren zerbitzu publikoak % 23 handitu ditu enplegu-politika aktiboei dagozkienak. Aurten politika horietara bideratuko diren 300 milioietatik 100 baino gehiago laneratzeko programei dagozkie.