Segurtasun Sailak bere lantaldea berregituratuko du Eusko Legebiltzarrerako hurrengo hauteskundeei begira

0

Josu Erkoreka lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuak Eusko Legebiltzarrerako hurrengo hauteskundeei begira Segurtasun Sailean egingo den kargu publikoen barne-berregituraketaren berri eman dio Gobernu Kontseiluari. Gaur egungo Administrazio eta Zerbitzuen sailburuorde Miren Goitiak kargua utziko du, eta Segurtasuneko sailburuaren aholkulari bihurtuko da, egungo maila berarekin. Horrela, Segurtasun Sailak hurrengo hauteskunde autonomikoetarako prestatzen ari den operatiboa indartuko da. Aurrez betetzen zuen postu hori (Administrazio eta Zerbitzuen Sailburuordetza) Ricardo Ituarte Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako egungo zuzendariak beteko du, eta hark hutsik uzten duen postua Joseba Zorrilla segurtasun publikorako prestakuntza-politiken aholkulariak.

Aldaketak ostiral honetan, urtarrilaren 19an, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean izango dira indarrean.

Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeak, 2024

Seihileko honetan, Segurtasun Sailak guztira 11 milioi euroko zenbatekoa duten zenbait aurrekontu-partida kudeatuko ditu Eusko Legebiltzarrerako 2024ko hauteskundeak egin ahal izateko. Zenbateko horretan sartzen dira gastu informatikoak, telekomunikazioak, kabinak, boto-paperak, hautestontziak, eskuliburuak, posta-zerbitzuak, hauteskundeetako komunikazio instituzionaleko kanpainak, alderdi politikoen finantzaketa —hautestontzietan lortutako ordezkaritzaren arabera—, eta abar.

Hauteskundeetako materialen eta dokumentuen ezaugarri teknikoak eta eredu ofizialak berrikusi, zuzendu eta eguneratzen dituen Dekretua onartu ondoren egiten diren lehen hauteskunde autonomikoak izango dira. Gainera, araudi berriak ekipamendu horiek hauteskunde-operadoreei emateko prozedura ezartzen du.

Informazio gehiago: https://acortar.link/0XPgVj