Garraio Sailak 11 milioi euro inbertitu ditu Zornotzan trenbide segurtasuneko hainbat jarduketatan
Amorebieta-Etxanoko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak udalerrian geratzen diren trenbide pasaguneei konponbidea emateko alternatiben azterlana egitea erabaki dute. Zehazki, erdiguneko Gudari eta San Pedro kaleetan dauden pasaguneak dira.
Iñaki Arriola Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburua eta Pedro Marco Azpiegitura eta Garraioetako sailburuordea Eusko Jaurlaritzaren Gasteizko egoitzan bildu dira Ainhoa Salterain Amorebieta-Etxanoko alkatearekin eta Alicia Hernández zinegotzi sozialistarekin, egungo egoera hobetzeko konponbide eraginkorrak planteatzeko.
Alternatiben azterlanak batez ere hirikoa den ingurunean trenbidea integratzeko aukerak jarriko ditu mahai gainean. Erronka konplexua den arren, bileratik irtetean bi ordezkaritzak bat etorri dira gizarte-, ekonomia- eta ingurumen-alderdiak bateratuko dituen konponbideari heltzeko premian.
Horrela, Arriolak zuzentzen duen sailak azpimarratu duenez, ETSk, Euskal Trenbide Sarea euskal trenbide administratzaileak, inbertsio handia egin du azken hiru urteetan Amorebieta-Etxanoko trenbide segurtasunaren arloan, guztira 11 milioi euro, hain zuzen ere. Zehatzago, 2021ean inauguratu ziren Bilbo-Bermeo lineako geralekua birgaitzeko eta ondoko trenbide pasagunea birmoldatzeko obrek bi milioi eurotik gorako kostua izan zuten.
Gaur egun, Euba Bernagoitiko trenbide pasagunea kentzeko obrak egiten ari dira. Datorren udaberrian jarriko da martxan, 6 milioi euroko inbertsioaren ondoren, eta horri laster leku horretarako lizitatuko den oinezkoentzako pasabidearen 600.000 euroak gehituko zaizkio. Azkenik, Bernabeitiako trenbide pasagunea kentzeko lanak datozen hilabeteetan hasiko dira, 2,2 milioi euroko aurrekontuarekin.