Osakidetzako Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako ESIak Medical Response to Major Incidents (MRMI) ikastaroa antolatu du ospitalean, non biktima ugariko gorabehera handiaren simulazioa egingo baita. Mota horretako gorabeherei erantzuteko, ezinbestekoa da alderdi asko kudeatzea: ospitale aurreko jarduketa, garraioa, ospitaleko erantzuna, komunikazioa eta kateko osagai guztien arteko koordinazioa. Erantzunaren emaitza alderdi guzti horien funtzioaren araberakoa izango da.
Horrenbestez, ezin daitezke banaka egin trebakuntza eta eman beharreko erantzunaren ebaluazio eraginkor nahiz errealista. Batera egin behar da askotariko funtzioen prestakuntza, emaitzaren ebaluazio zehatza egin ahal izateko, metodologia ikasteko eta ondoren hura garatzeko oinarri gisa.
Horretarako, MRMI lantzeko Europako ikastaroaren irakasleek eman dute ikastaroa, zeina kasu honetan gure errealitateko inguruabarretara egokitu baita. 2024ko urtarrilaren 18an, 19an eta 20an ematen da ikastaroa eta honela banatu da: egun batean prestakuntza eman da taldetan, eta hurrengo bi egunak simulazio-ariketez josita egon dira, non ikasleek aktiboki gauzatu baitute euren funtzioa.
Guztira 71 profesional aritu dira: Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako, Uribeko eta Barakaldo-Sestaoko ESIetako honako arlo hauetako fakultatiboak eta erizainak: Larrialdiak, Anestesiologia eta Bizkortzea, ZIU, Kirurgia Orokorra, Traumatologia, Toraxeko kirurgia eta Erradiologia; Emergentzietako anbulantzietako teknikariak, erizainak, fakultatiboak eta Segurtasuneko langileak; eta Polizia, Suhiltzaile nahiz Babes Zibileko kidegoetako langileak. Batera jardun dute eta era koordinatuan gauzatu dituzte ikastaroko askotariko ekintzak.
Trauma eta Larrialdietako Kirurgiako Europako Elkarteko (ESTES ingelesez) Kirurgia Militar eta Hondamendien Atalean diharduten nazioarteko adituen taldeak 2009an antolatu zuen ikastaroa. Ondoren, 2009 eta 2021 bitartean prestakuntza eman zitzaien 28 herrialdetako 7000 parte-hartzaile baino gehiagori eta MRMI jorratzeko nazioarteko hamabi zentro ezarri ziren. Gorabehera larriei erantzuteko hezkuntza-metodologia oso zehatza da eta zientifikoki baliozkotu dute argitaratutako azterlan batean, non herrialde ugaritako ikasleen talde handia aztertu baitzen. Gaur egun MRMID nazioarteko elkartearen jabetzakoa da: irabazi-asmorik gabeko erakunde bat, zeinaren helburua baita gorabehera eta hondamendi larriei erantzuteko prestakuntza eta trebakuntza sustatzea.