DBUS-ek zerbitzua elektrifikatzeko obrak hasiko ditu

0

Instalazioak elektrifikatzeko lan horiei esker, beste autobus elektriko gehiago sartu ahal izango dira

Gaur astehelena, urtarrilak 22, Kotxetegietako instalazioen azpiegitura elektrikoa eraldatu eta autobus %100 elektriko gehiago sartzen utziko duten obrak hasi dira.

Dbus eraldatu eta zero emisioko flota bihurtzeko, ezinbestekoa da instalazioetako azpiegitura elektrikoa eraldatzea. Gaur egun, flotako 4 autobus %100 elektrikoekin kotxetegietako hartune elektrikoak duen ahalmen guzti-guztia erabiltzen da. Horregatik, beharrezkoa da linea elektriko baten trazadurari ekitea Egiako banaketako transformazio azpiestaziotik Kotxetegien inguruetaraino, 1,5 kilometro inguruko distantzian, non sekzionamendu zentro bat egongo den. Sekzionamendu zentrotik zuzeneko hornidura elektrikoa banatzen hasiko da, transformazio zentroetatik igaroz.

Flotaren elektrifikazioa

Kotxetegiak elektrifikatzeko prozesuaren lehen fase honetan, kargatzeko hartune guztiak egingo dira, guztira dauden 119 aparkaleku plazetaraino. Horrez gain, kargatzeko 22 puntu, 60 pantografo alderantzikatu eta horiei dagokien euskarri egitura metalikoa gehituko dira. Instalazioak elektrifikatzeko lan horiei esker, beste autobus elektriko gehiago sartu ahal izango dira, eta, horrela, urte batzuen buruan, Dbusen azpiegitura elektriko berria erabat martxan dagoenean, Dbusek 8,5MW-ko karga ahalmena edukiko du, eta, beraz, Gipuzkoan potentzia gehien kontratatuta duen erakundeetako bat izango da. Aurten bertan hasiko da autobus %100 elektriko gehiago sartzen, instalazioen elektrifikazio lanak amaitu ondoren. Zehazki, 2024an 12 metroko 23 autobus %100 elektriko eta 18 metroko sei autobus elektriko (artikulatuak) jasotzea aurreikusten da.

Berrikuntza horri esker, kalkulatzen da 960.000 litro gasolio gutxiago kontsumituko direla eta 2.600 tona CO2 gutxiago igorriko direla.

Next Generation funtsen finantzaketa

Obra hau eta lehen 20 autobusen erosketa Next Generation funtsek finantzatuta egingo dira. Autobus horietatik, 12 metroko autobus batek Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioaren Helmugetako Jasangarritasun Turistikoko planaren ezohiko deialdiaren bidez dirulaguntzak jaso ditu, eta gainerako ibilgailuak Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioaren (MITMA) dirulaguntzarekin erosiko dira. Lizitazio horien ondoriozko inbertsioa 23.456.613,82 €-koa da, eta Next Generation Europako funtsen bi deialdien dirulaguntza osoa 10.056.492 €-koa da.

Erlazionatutako dokumentuak

2024/01/22-an argitaratua