Euskal Sagardoa: Mugazgaindiko lehen Jatorri Izendapenera abiatu da

0

Euskal Sagardoa Jatorri Deiturak 6 urte bete dituen honetan, baditu berrikuntzak. Zuberoako, Behe Nafarroako eta Lapurdiko sagar eta sagardogileek  konpromisoa azaldu dute Jatorri Deiturako kide izateko. Izan ere, izena partekatzen dute eta baita sagardoa bera ere. Pirinioetako bi aldeetako sektoreek proposamen bat lantzen aritu dira azken hilabeteetan, INAO (Frantziako Jatorri eta Kalitatearen Institutu Nazionala) eta HAZI-ko teknikarien laguntzarekin eta Eusko Jaurlaritzaren eta Euskal Herria Hirigune Elkargoaren koordinazioarekin eta babesarekin. Behin akordioa lortuta, Frantziako eta Espainiako Ministerioei helarazi zaie eta hauek prozedimendua martxan jarri dute, herrialde bakoitzeko tramitazioak pasa eta Europar Batasunera bidaltzeko.

Une honetan, baimen administratibo guztiak jaso ondoren, jatorri deituraren ezaugarri berri eta berritzaile honen izapidetza Bruselarekin ixtear da. Europan ez dago mugaz gaindiko araudi bakarreko bestelako Jatorri Deiturarik eta hau izango da ezaugarri honekin jaioko den lehena.

Guzti honen berri emateko gaur Donostiako Eusko Jaurlaritzako delegaritzan agerraldia egin dute Arantxa Tapiak, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuak; Joseba Erramundeguyk , Euskal Herria Hirigune Elkargoko Mugazgaindiko, Europako eta Nazioarteko kontseilariak; Jose María Aierdik, Nafarroako Landa Garapen eta Ingurumen sailburuak, eta sagardoaren sektorearen ordezkari gisa Unai Agirrek, Euskal Sagardoa Jatorri Izendapeneko zuzendariak eta Bixintxo Aphaulek, Domaine Bordatto-ko sagardogileak. Bertan, aldundietako eta sagar eta sagardoaren sektoreko hainbat ordezkari batu dira.

Euskal Sagardoa Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabatik, Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoara ere zabalduko da beraz eremu geografikoa handitzeaz gain, mugaren bi aldeetako sagar motak ere Jatorri Deituran sartzea adostu da araudi bakarraren barruan. Euskal Sagardoa/Sidra del País Vasco eta Cidre du País Basque izango da mugaz gaindiko Jatorri Deituraren izena. Akordio honen berri eman zaio Europar Batasunari eta tramitazio guztiak martxan jarri eta izapide administratiboa ixtear da.

Piriniotako mugaz gaindiko Jatorri Deitura duen lehen edaria izango da Euskal Sagardoa. Araudi berdina izateaz gain, kudeaketa eta zertifikazioa ere bateratuta egitea adostu dute eta horretarako HAZI-ko Kontrol eta Zertifikazio arloa dagoeneko hasia da INAOrekin harremanetan Frantzian ere homologatua izateko eta Jatorri Izendapenaren zertifikazioa HAZIk egin dezan.

Bestalde, Bruselako oniritzia jaso bezain pronto Nafarroako sektorea Euskal Sagardoa Jatorri Deiturako kide izatera pasako da. Nafarroako sagar eta sagardogileak ere Euskal Sagardoan sartzeko prozedurari heltzeko konpromisoa hartua dute Kontseilu Arautzaileak, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak.