Lehendakariak nabarmendu du Lopez Mendizabal funtsak euskal gizartearen kulturarentzat eta historiarentzat garrantzitsua den koiuntura historikoa sakonago ezagutzeko balioko duela

0

Lopez Mendizabal familiak Euskadiko Artxibo Historikoaren esku utzi du frankismo garaiko erbestearekin lotuta dagoen balio historiko handiko ondarea

Iñigo Urkullu Lehendakariak Lopez Mendizabal familiak Euskadiko Artxibo Historikoaren esku utzitako funtsen aurkezpenean parte hartu du gaur. Ekitaldian Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak ere parte hartu du Miren Lopez Mendizabal, Isaac Lopez Mendizabalen biloba eta Xabier Lopez-Mendizabalen alabarekin eta Iñaki Goiogana Sabino Arana Fundazioko teknikari eta funtsaren antolaketaren arduradunarekin batera.

Aurrerantzean Euskadiko Artxibo Historikoan gordeko diren funtsak balio historiko handikoak dira. Lopez Mendizabal familiaren funtsa ezinbestekoa da euskal kulturaren historiaren zati handi eta garrantzitsua ezagutzeko, baita euskal erbesteratze politikoa zein ekonomikoaren berri izateko ere. Lopez Mendizabaldarren familia argitaratzaile, inprentero eta intelektuala izan zen. Funtsaren zatirik handiena Isaac Lopez Mendizabalek 1938tik aurrera, bere heriotzara bitartean, sortutako dokumentazioa eta Isaac-en seme Xabierrek sortutakoa da.  Isaac 1879an jaio zen eta 1977an hil, beraz 1936an, gerra hasi zenean, 57 urte zituen eta ordurako abokatutzan, liburuen edizioan, idazletzan, politikan eta kulturgintzan ibilbide luze eta oparoa egindakoa zen.

1936ko abuztuan gerra hasi eta ia berehala, Tolosan Lopez-Mendizabaldarren ondasunak arpilatu zituzten: liburutegi aberatsa, mendeetan sortutako agiriz osatutako artxiboa, etxeko altzari eta beste… eta lapurtu ez zutena erre egin zuten faxistek. Urteen joan etorrian beraien ondasun asko berreskuratzea lortu zuen familiak. Dokumentu horietako asko aurrerantzean Euskadiko Artxibo Historikoan gordeko direnak dira. Euskal Herriaren azken bi edo hiru mendeetako historia ezagutzen laguntzen duten funtsak dira agiri hauek.

Lopez Mendizabal funtsak hiru zati ditu:

  1. 61 kutxa, batez ere 1930 – 2010 bitartekoak, López-Mendizabal familiarenak. Sailkapen-prozesuan, funts hori, gehienbat, Ixaka López Mendizabalengandik (1879-1977) eta Xabier López-Mendizabalengandik (1925 – 2004) zetorrela identifikatu da.
  2. mendetik XX. mendearen amaiera bitarteko 420 liburuki+ xafla kalkografikoen kaxa bat, beren interesagatik hautatu direnak.
  3. 43 kutxa liburu arruntekin, nobelekin eta aldizkariekin. Baita argazki ugari ere, familiarenak, toki desberdinetakoak eta ekitaldi ugarikoak ere.

Agirien artean nabarmentzekoak dira:

  • Serapio Mujika historialariarekin izandako eskutitzak
  • Buenos Aireseko Laurak Bat elkarteko dokumentazioa
  • Agirre lehendakariarekin izandako mezu-trukaketa
  • Antonio María Labayen adiskide tolosarrarekin edukitako korrespondentzia
  • Etimologías de apellidos vascos liburuaren orijinala
  • Xabiertxo liburuaren Argentinako edizioaren argazkiak

Lehendakariak bere hitzaldian eskerrak eman dizkie Lopez Mendizabal familiari beraien sendiaren agiri eta dokumentuak Euskadiko Artxibo Historikoaren zaintzapean uzteagatik: “erakunde honekiko konfiantzazko keinu bat da eta hitz ematen dizuegu gure kulturaren eta herriaren iraganaren isla den funts hau ondo gorde eta zainduko duela Artxiboak.  Gorde, zaindu eta zabaldu ere bai. Ondare hau historiagileen, ikertzaileen eta euskal gizarte osoaren eskura egongo da ezagutua eta aztertua izan dadin”. Lehendakariak Lopez Mendizabal familiaren funtsen balio historikoa nabarmendu du: “zuen aitonak dokumentatu zuen gerraosteko, jazarpeneko, diktadurako eta erbesteko une baten testigantza eta ondarea. Hemendik aurrera, euskal gizartearen kulturarentzat eta historiarentzat garrantzitsua den egoera historiko bat sakonago ezagutzeko balioko du”.

Lopez Mendizabal familia

Lopez-Mendizabaldarrak Tolosan, Gipuzkoan eta Euskal Herrian arrasto sakona utzi duten pertsonak izan dira, batez ere edizio eta inprenta lanetan, baita euskal kulturan ere. Familia honen arbasoak izan ziren Tolosan lehen inprenta jarri zutenak. Hain zuzen ere, Francisco de La Lama izan zen 1782an aita Cardaverazen dotrina argitaratu zuena. Ordutik aurrera, eta 200 urtetik gorako historia luzean, hainbat eta hainbat liburu atera zituen Tolosako argitaletxeak, horietatik asko euskaraz.

La Lamak sortutako familiak ez zituen inprenteroak bakarrik eman, euskal kulturaren sortzaileak ere eman zituen eta horien artean garrantzitsuena Isaac Lopez Mendizabal, hain zuzen ere liburu eta edizioaren munduan familia horretan jardun zuen azken aurreko belaunaldiko kidea.

Beraz, Lopez-Mendizabaldarrek liburuak argitaratu eta liburuak idatzi ere egin dituzte, hortik beraien garrantzia eta pisua euskal kulturaren barruan. Guzti horren isla da Euskadiko Artxibo Historikoan familiak emanda gordetzen den funtsaren balioa.

1936an faxistek Lopez Mendizabalen ondasunak arpilatu eta erre zituzten eta Isaac Lopez Mendizabal zigortu ere egin zuten. Estatu frankistak 100.000 pezetako isuna ordaintzera behartu zuen. 20.000 liburutik gora zituen liburutegia desagertu zen, artxiboari beste hainbeste gertatu zitzaion eta inprentako tailerrak hondatu zizkieten. Hor galdu zen, ez bakarrik Lopez Mendizabal familiaren ondasunen zati handia, baita euskal kulturaren altxor handi bat ere.

Hala ere, Isaac eta Xabier Lopez Mendizabal aita-semeek ez zuten sekula dena galdutzat eman eta ahal izan zuten neurrian 1936ko abuztuan galdutako ondasunak, liburu eta dokumentuak berreskuratzen ahalegindu ziren. Gutxi batzuk berreskuratu zituzten, bai liburuak eta bai artxibo-agiriak ere.

Lanean ere jarraitu zuten. Iparraldean, lehenengo (1936-38), Argentinan geroago (1938-1966) eta, azkenik, berriro ere Tolosan (1966-1977) Isaac Lopez Mendizabalek (eta bere seme Xabierrek) ez zion kultur gizon, egile eta eragile, izateari utzi.

Isaacek, Argentinan, Andres Irujorekin batera, Ekin Euskal Argitaletxea sortu zuen, Laurak Baten buru-belarri sartu zen: Lagun Onak abesbatza zuzendu, Saski Naski bultzatu, euskara irakatsi, euskaldunen meza antolatu, hitzaldiak eman, eta abar. Argentinan eta Euskal Herrian, ikusmen arazo larriak izan arren, bere alaba Itziar eta Izaskunen begiez eta atzamarrez baliatuz, irakurtzen eta idazten jarraitu zuen hil arte, 98 urte betetzera zihoala.

Isaac Lopez Mendizabalek hainbat liburu eta artikulu argitaratu zituen bere bizitza luzean. Euskara, historia, euskal ohiturak… zituen maite eta hamaika artikulu eta liburu utzi zituen. Baina euskararen azterketa zientifikoan nabarmendu bazen ere, ez zuen bazterrean utzi hizkuntza zabaltzearen ahalegina eta euskara irakaslea izateaz gain, Isaac Lopez Mendizabal bere lanetariko batek ezagun egin bazuen, lan hori Xabiertxo izan zen. Hain zuzen bere seme Xabier, eta honekin batera gainerako euskal neska-mutiko guztiak, euskaraz alfabetatzeko eskola-liburu ezaguna.

Guzti hori eta gehiago ikus eta aztertu daiteke Euskadiko Artxibo Historikoan utzitak Lopez-Mendizabal familiaren funtsean.