Eusko Jaurlaritzak 3,6 milioi euro baino gehiago jarri ditu familia eta pertsonarik zaurgarrienen energia- eta elikadura-pobreziari aurre egiteko

0

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak 2023ko martxoan abian jarri zuen muturreko egoera zaurgarrian dauden familiak eta pertsonak artatzeko Hitzartuz ekimena. Ekimenaren helburua da higiene-produktuak eta elikagaiak erosteko oinarrizko beharrei beren baliabideekin erantzun ezin dieten pertsonen eta familien behar horiek premiaz estaltzea, eta sistematik kanpo geratzen diren familiei argiaren, uraren eta gasaren fakturak ordaintzen laguntzea.

2023ko balantzea amaituta, Nerea Melgosak zuzentzen duen Sailak, programa horren bidez, 3,6 milioi euro jarri zituen familia zaurgarrien oinarrizko beharrak asetzeko. Gauzatutako gastutik, 800.000 euro jarri ziren energia-pobreziako egoerak arintzeko eta 2,8 milioi euro elikadura-laguntzetarako.

Programa horri esker, 2023an, guztira 1.967 familiak egin ahal izan zioten aurre energia-pobreziako egoerari: 455 Araban, 1.025 Bizkaian eta 487 Gipuzkoan. Horrela, sistematik kanpo geratzen diren familia zaurgarriei, hau da, Gizarte Larrialdietarako Laguntzarik jasotzen ez dutenei, argiaren, uraren eta gasaren fakturak ordaintzen lagundu zaie.

Elikadurako laguntzei dagokienez, 5.207 familiak edo pertsonak jaso zituzten iaz elikadura-bonuak edo higiene pertsonaleko produktuak eskuratzeko bonuak: 1.238 Araban, 2.030 Bizkaian eta 1.939 Gipuzkoan.

Gurutze Gorriak kudeatu ditu Euskadin laguntza horiek. Gurutze Gorria arduratu da eskabideak, balorazioak eta izapideak koordinatzeaz, baita baliabide egokienekin bideratu, orientatu eta koordinatuko diren beste behar batzuk antzemateaz ere.

2024an, programak jarraipena izango du, baina ez Hitzartuz izenarekin. Eusko Jaurlaritzak pobrezia materialari eta energia-pobreziari aurre egiteko hiru partida aurreikusi ditu eta aurrekontuetan jada onartuta daude.

Batetik, Euskadiko Gurutze Gorriarentzako 2,1 milioi euroko partida nominatiboa, pobrezia materialari eta energia-pobreziari aurre egiteko, hau da, dagoeneko egiten ari den lanarekin jarraitzeko.

Bestetik, 125.000 euroko beste partida bat Euskadiko elikagaien bankuei laguntzeko.

Eta, azkenik, Europako funtsetatik datozen 3,5 milioi euroko partida bat dago, oinarrizko laguntza materialeko programa baterako. Espainiako Gobernuak erabaki behar du nola banatuko diren: zein kolektibori eta zein erakunderen bidez.