Hezkuntza Sailak irakasleei lagunduko die gazteek pornografia kontsumitzearen ondorioak ezabatzen

0

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak nerabeek eta gazteek pornografia eskuratzearen eta kontsumitzearen ondorioei buruzko prestakuntza-jardunaldia antolatu du. Begoña Pedrosa Hezkuntzako sailburuordeak parte hartu du irakasleei eta hezkuntzaren arloko profesionalei zuzendutako topaketaren hasieran. “Pornografiaren erabileraren ondorioak nerabe eta gazteentzat” izenburupean, lehen hitzordua Bilbao Exhibition Centre (Barakaldo) erakustazokan izan da. Programa bera errepikatuko da bihar, urtarrilaren 24an, Gasteizko Musika Kontserbatorioan egingo den bigarren jardunaldi batean.

Gazteak informazioaren eta komunikazioaren teknologiak eskura izateak kezka sortu du azkenaldian gizarte-mailan eta, batik bat, hezkuntza-komunitatean. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila ikastetxeekin elkarlanean ari da telefono mugikorren eta erloju adimendunen erabileraren arloan eta Interneteko edukien kontsumo arduratsuaren arloan.

Oraingo honetan, eduki pornografikoak eskura izateari eta horrek gazteen harremanetan duen eraginari buruzko prestakuntza-jardunaldia antolatu da, eta, jardunaldi horren bidez, baliabideak eskaini nahi dira irakasleek neskei eta mutilei arlo afektibo-sexualari buruzko orientazioa eman diezaieten. Adituek diote horrelako edukiak gero eta gazteago kontsumitzeak ondorioak dituela ikasleen arteko harremanetan, arlo sexualean, arlo afektiboan eta, oro har, gizarte-elkarreraginean. Ildo horretan, adituen azterketak ardatz dituen hausnarketa batean parte hartu nahi da, gazteek pornografiaren bidez hartzen dituzten ondorio negatiboak ezabatzeko dinamikak eta estrategiak sor daitezen. Sandra Sedano Balear Uharteetako Unibertsitateko irakasle elkartuak, Maria Rodriguez sexologoak eta Maider Garcia de Vicuña psikologoak gaia jorratu ostean, mahai-inguru batean parte hartuko dute.

Hezkuntza Sailaren araberakoa

Jardunaldi hau sartzen da Hezkuntzari buruzko 17/2023 Legeak aldarrikatzen dituen hezkuntza-balioen sustapenean. Lege horrek bere hitzaurrean aditzera ematen duenez, balioak hezkuntza-sistemaren zutabeak dira eta “itsasargia ere badira, hau da, pertsona ikastetxeko bizitzan eta gizartean behar bezala txertatzeko, bai eta gainerako herritarrekiko elkarreraginean jarduteko gidariak ere”. Ildo horretan, lege berri horrek, neskak eta mutilak “digitalki ahalduntzeaz” gain, bilatzen du “ikasleen ongizate sozioemozionala sustatzea, elkarbizitza sustatzea eta printzipio demokratikoak eta giza eskubideen errespetua eta bermea oinarri hartzen dituen hezkuntza aplikatzea”. Horretarako, balio eta esperientzia zibikoak lantzearen eta berdintasuna, ekitatea eta gizarte-kohesioa bilatzearen aldeko apustua egingo da. Hezkuntza Legean errotutako balioak dira, eta talka egiten dute pornografiak helarazten dituen gizonen eta emakumeen arteko harremanak imitatu edo erreferentziatzat hartzean ezartzen diren desberdintasun-egoerekin eta botere-harremanekin.

Programa

09:00-09:15 – Sarrera eta dokumentazio-banaketa

09:15-09:30 – Irekiera instituzionala

09:30-11:15 – Sandra Sedano. Pornografia eta nerabezaroa: pornografiaren efektuak edo inpaktua, ikerketen datuak eta ikasleen ekarpenak. Balear Uharteetako Unibertsitatea.

11:15-11:45- Kafea

11:15-12:15 – María Rodríguez. Hitz egin dezagun pornoaz: sexu-heziketa alternatiba gisa. Sexologoa eta doktorea Genero eta Aniztasunean.

12:15-13:30 – Maider Garcia de Vicuña Quintana. Sexologoa. eMAIZe sexologia zentroa.

13:30-14:20 – Mahai-ingurua hizlariekin.

13:20-14:30 – Itxiera