Etxepare Euskal Institutuak euskal literatura-laginen ataria plazaratu du

0

Etxepare Euskal Institutuak euskarazko literatura nazioartean zabaldu eta beste hizkuntzetara itzul dadin sustatzeko sortutako tresna baten berri eman du gaur Donostian egindako prentsaurrekoan. Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak eta Irene Larraza Institutuko zuzendariak hartu dute parte aurkezpenean.

Webgunea ingelesez dago, eta egungo euskarazko literaturaren laginak biltzen ditu bi helbururekin. Batetik, euskal idazle, editore eta literatura-agenteei laguntzea euskarazko literatura-lanen atzerrirako itzulpen- eta argitalpen-eskubideen salmentan (foreign rights), honela euskarazko literaturaren ikusgarritasuna eta kanpo-proiekzioa bultzatzeko. Bestetik, nazioarteko publikoari egungo euskarazko literaturaren argazkia eskaintzea.

Horretarako, oraindik ingelesera edo frantsesera itzuli ez diren euskarazko literatura-lanen pasarte edo zatiak eskaintzen ditu atariak hizkuntza horietan. Lagin hauek bi ezaugarri betetzen dituzten liburuenak dira.

Alde batetik, Etxepare Euskal Institutuak 2021etik egiten duen literatura-laginen itzulpenerako laguntzen deialdiaren bitartez itzuli diren testuak daude bertan. Deialdi honetan editoreek edo itzultzaileek eman dezakete izena literatura-lan baten pasarte edo zatien itzulpenak finantzatzeko. Honela, egilearentzat berarentzat ere onura zuzena sortzen da, izan ere, bere lanaren ingelesezko edota frantsesezko itzulpenaren lagina eskuratzen baitu, bere helburuak lortzeko erabil dezakeena. Deialdi hau automatikoa da, hau da, ezarritako baldintzak betetzen dituzten eskaera guztiek laguntza jasotzen dute itzulpena finantzatzeko. Jarraian, lagin hauek webgunean jartzen dira eskuragarri.

Bestalde, 2021az geroztik Euskadi Saria jaso duten euskarazko lan guztien ingelesezko edota frantsesezko laginak aurki ditzakegu. Bi multzoak batuta, 31 libururen laginak daude eskuaragai atarian, urtero handitzen joango den kopurua.

Atarian jasotako liburuak fikzioa eta ez-fikzioa kategorietan sailkatzen dira, baita beste hainbat azpikategoriatan ere, hala nola, haur eta gazte literatura, poesia, eleberria eta saiakera. Liburu bakoitzaren fitxak liburuari eta egileari buruzko informazioa ematen du ingelesez, deskarga daitekeen lagin bat (pasarteak, zatiak, poemak, etab.) du ingelesez eta/edo frantsesez, argitalpen-eskubideetarako kontaktua jasotzen du, eta informazio osagarria (argitaletxea, orrialde-kopurua edo ISBN) eskaintzen du. Erabiltzaileek kategoriaren edo egilearen arabera egin dezakete bilaketa atarian. Liburuei buruz dagoen den informazioa egileek beraiek edo argitalpen-eskubideen jabeek emandakoa da.

Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko zuzendariaren esanetan, ekimen honen helburua da egungo euskarazko literaturaren ikusgarritasuna handitzea, obra horiek beste hizkuntza batzuetara itzultzea sustatzea, eta, ondorioz, nazioarteko jaialdi eta ekitaldietan euskarazko idazleen parte hartzea handitzea.

Larrazak azpimarratu duenez, «baliabide honek ez du literatura-lanen katalogo, hautaketa edo antologia izateko bokaziorik, ezta itzulitako euskarazko literaturaren behin betiko direktorioa izateko asmorik ere». Baina bada horren guztiaren «osagarri», euskarazko literatura ekoizpenaren zati bat erakusten duen erakusleihoa baita. «Euskarazko egile guztiei irekita dagoen tresna da, eta bertan egungo literatura-lanen ahalik eta lagin gehien erakutsi nahi dugu», adierazi du.

Tresna hau euskarazko literaturaren nazioarteko ikusgarritasuna eta proiekzioa sustatzeko Institutuak duen estrategia osatzen duen pieza da. Estrategia horren parte dira itzulpengintzarako dirulaguntzak (lan osoen itzulpena eta literatura-laginen itzulpenak), euskal idazleak beren lanak kanpoan erakusteko gonbidatzen dituztenean mugikortasun-gastuak estaltzeko laguntzak, euskal idazleak beren programazioetan parte har dezaten nazioarteko jaialdiekin eta ekitaldiekin Etxeparek egiten dituen akordioak, eta urtero ematen den Etxepare – LABORAL Kutxa Itzulpen Sariak. Ekimen hauekin Etxepare Euskal Institutuak bilatzen du euskarazko literaturaren dinamizazioa nazioartean eta euskal idazleen bidelagun izatea beren nazioarteko ibilbidean.

Euskarazko literatura-laginen ataria www.basquebooks.eus webgunean kokatuta dago. Marka hau 2020tik partekatzen dute liburugintzaren sektoreak eta euskal erakundeek euskal literatura eta liburuen kanpo zabalkunderako. Marka honen aterkipean, hainbat sustapen- eta hedapen-ekintza egiten dira urtean zehar liburu-azoketan, literatura jaialdietan eta estatu mailako edo nazioarteko beste hainbat ekitalditan. Webgune honetan, gainera, sektoreko elkarte profesional nagusiei buruzko informazioa, jatorriz euskaraz idatzitako lanak beste hizkuntzetan argitaratzeko dirulaguntzen inguruko argibidea, eta jaialdi eta ekitaldien antolatzaileek euskal egileak gonbidatu ahal izateko laguntzen berri ematen da.

Horrekin batera, EIZIEk (Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartea)  berriki Etxepareren laguntzarekin ingelesera itzuli dituen hainbat baliabide ere aurki daitezke bertan. Atariak, beraz, Euskal Herriko eta kanpoko idazle, editore, agente, itzultzaile eta argitaletxeen arteko harremana errazteko nodo gisa funtzionatzen du.

Amaitzeko, aipatzekoa da tresnaren deskarga-sistemak webguneko erabiltzaileen eta deskargatu diren laginen inguruko informazioa biltzeko aukera emango diola Etxepare Euskal Institutuari, banakako informazioa emateko eta ekintza espezifikoak burutzeko erabili ahalko duena.