Euskadiko Osasun Liburutegi Birtuala abian jarriko da profesionalentzako eta herritarrentzako osasun-informazio fidagarri eta kalitatezkoarekin

0

Osasuneko sailburu Gotzone Sagarduik osasun-arloko langile eta ikertzaileei ofizialki aurkeztu die tresna berria, ezagutzaren kudeaketa eta herritarrentzako zerbitzua hobetzen lagunduko duena

Gaurtik aurrera, Euskadiko Osasun Liburutegi Birtuala errealitate bat da. Liburutegi honek informazio sanitario egiaztatua eta kalitatezkoa eskaintzen die Euskal Osasun Sistemako osasun-langile eta ikertzaileei zein euskal herritarrei.

Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburua izan da gaur tresna berri horren aurkezpen ofizialaren jardunaldian. Lanabes berri honek euskal osasun-sarearen ezagutzaren kudeaketa optimizatzen lagunduko du, eta horrek, aldi berean, herritarrei zerbitzu hobea ematea ekarriko du.

Sailburuaren hitzetan, jauzi kualitatibo bat da, Osasun Sailak eta Osakidetzak osasun-arloko zientziarekin eta ezagutzaren kudeaketarekin duten konpromisoari erantzuten diona. Izan ere, Euskadik dagoeneko 4 milioi euro baino gehiago zuzentzen ditu konpromiso horretara, sarbide irekiaren eta Euskal Osasun Sistemako profesionalen ekoizpen propioaren aldeko apustua eginda. Profesional horiek bizirik eta etengabe garatzen ari den proiektu bat elikatzen eta aberasten jarraituko dute, sailburuak azpimarratu duenez.

Azken belaunaldiko TOPA! metabilatzailea

Liburutegi birtual berriak eskuragarri dagoen informazio zorrotz guztia sarbide bakar batean biltzen du, eta, gainera, azken belaunaldiko metabilatzaile espezializatu bat du: TOPA! Erabiltzailea edozein gailu elektronikotatik sar daiteke, euskadi.eus atariaren bidez edo Osasun Sailaren beraren webgunetik, Liburutegi Birtualera. Bertan, menuak, TOPA! bilatzailea erabiltzeko aukeraz gain, kalitatezko informazio medikoko hainbat iturritara eta zerbitzu eta baliabideetara —bai espezializatuetara, bai publiko orokorrari zuzendutakoetara— sarbidea eskaintzen dio erabiltzaileari. Baliabideak modu irekian eskuratzeko ez da gakoa behar. Profesionalentzako zerbitzu batzuek, berriz, pasahitza behar dute.

Hala, erabiltzaileak zerbitzu hauek ditu eskuragarri Euskadiko Osasun Liburutegi Birtual honetan:

  • Puntu bakar bat, Osakidetzak eta Osasun Sailak sortzen eta sinatzen duten informazio guztia eskuratzeko, kokapen geografikoa edo antolamendukoa edozein dela ere.
  • Berreskuratutako informazioa sailkatu eta ordenatzen duen TOPA! bilatzailea, testuaren osotasuna eskuratzeko aukerarekin.
  • Atari bat, Ezagutzaren Ataria izenekoa, Euskal Osasun Sistemako profesionalen ekoizpen intelektual eta zientifikoaren emaitzak biltzen eta aurkezten dituena.
  • Eskura dauden baliabide bibliografiko baliagarriak erabiltzeko laguntza.
  • Medikuntzako hiztegi elektroniko, entziklopedia eta hiztegi espezializatu kontrolatuetarako sarbidea.
  • Idazketa zientifikorako, informazioaren irakurketa kritikorako edo kalitate zientifikoa neurtzeko laguntza-baliabideak eskuratzea.

Herritarren kasuan, tresna honek zerbitzu hauek eskaintzen ditu:

  • Informazio kontrastatua eta kalitatezkoa modu irekian dagoen bilatzaile batekin.
  • Pazienteei eta herritarrei zuzendutako material espezifikoak eskuratzea, erakunde aintzatetsiek abalatuta eta hizkera errazean.
  • Herritarrentzat baliagarria den informazioa, gaixoei, haien senideei eta zaintzaileei laguntzeko mediku-gomendioak ulertzen, erabakiak hartzen eta osasun-langileen eta pazienteen arteko komunikazioa hobetzen.

Aurkezpen-jardunaldia

Liburutegi Birtual berria aurkezteko jardunaldia Eusko Jaurlaritzaren Lakuako egoitzako ekitaldi-aretoan egin da, eta Euskal Osasun Sistemako ehun bat osasun-langile eta ikertzaile baino gehiago bildu dira, bai Sailekoak, bai Osakidetzakoak, bai Euskadiko osasuneko I+Gko buru den Bioefekoak. Hain zuzen, horiek arduratu dira orain gauzatu den proiektu hau garatzeaz.

Osasuneko sailburuaren irekiera-hitzaldiaren ondoren, Pilar Roque Castells Kataluniako Osasun Zientzien Liburutegiko zuzendariak eman du inaugurazio-hitzaldia, eta liburutegietako eta dokumentazio-zerbitzuetako profesionalek teknologia berrien aurrean dituzten rol berriei buruz aritu da. Jarraian, Marian Ibarrondo Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko zuzendariaren txanda izan da. Zuzendariak Euskadin arlo honetako ezagutzaren kudeaketan jarri du arreta.

Bigarren multzo batean, Bioefeko, Saileko eta Osakidetzako ordezkariek Liburutegi Birtualaren oinarriak eta funtzionalitateak azaldu dituzte, eta, ondoren, mahai-inguru bat egin dute. Bertan, osasunaren arloko hainbat alderditako profesionalek liburutegi birtualen orainaz eta etorkizunaz eztabaidatu duten. Osakidetzako Asistentzia Sanitarioko zuzendari Víctor Bustamantek itxi du jardunaldia.