Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkean otsailaren 1ean egingo den jardunaldian, zientziaren industriak eskaintzen dituen aukerak egongo dira ikusgai. Ekitaldia INEUSTARek (Zientziaren Industriako Espainiako Elkartea) antolatu du Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean, eta bertan sektore baitan Euskadin egiten ari diren jarduera nagusietako batzuk, ezaugarri nagusiak eta epe laburrera eta ertainera begira aurrez ikusitako aukerak aurkeztuko dituzte. Izen-emateak zabalik daude.
Euskadiko Zientziaren industria mundu mailan erreferentziak dituen sektorea da eta ikerketako instalazio eta agentzia nagusiekin eta nagusientzat egiten du lan. Euskadiko beren nitxoetan (supereroankortasuna, mekatronika edo mekanizazio ultra-zehatza, adibidez) liderrak diren enpresak izateaz gain, nazioartean aitortza handia jaso duten teknologia-zentroen, unibertsitateen eta bikaintasuneko zentroen sare pribilegiatua du.
Aurkezpena Estibaliz Hernaezek, Teknologia, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordeak egingo du eta sektoreko adituek proiektu zehatzak aurkeztu eta neutronikarekin lotutako aukerak eta azeleragailuen teknologiak eta zientziak izango dituzte hizpide. Jardunaldia BRTAko zuzendari Rikardo Buenok itxiko du eta teknologia-zentroetako gaitasunez eta esperientziaz hitz egingo du.