Elankidetzak 54 milioi euro bideratuko ditu nazioarteko lankidetza eta elkartasun ekimenetara

0
PRUEBA
  • Berrikuntza gisa, Garapenerako Euskal Agentziak laguntza deialdi berri bat egingo du lankidetzarako programak identifikatzeko
  • Lankidetzaren eta Elkartasunaren Euskal Lege berria aurki onartuko da

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua, Nerea Melgosa, eLankidetza-Garapenerako Lankidetzako Euskal Agentziaren Kontseilu Errektoreko burua izan da, gaur. Bertan, 2024ko plangintza eta ildo nagusiak onartu dira. Aurten, eLankidetzak 56.28 milioi euroko aurrekontua izango du, eta, horietatik, 54 milioi euro bideratuko dira gatazkak edo bestelako indarkeria egoerengatik krisi humanitarioetan dauden biztanleei laguntzeko ekimenetara, Hegoko erakunde feministetara, emakumeak ahalduntzeko prozesuetara, gisa eskubideen defendatzaileak babestera edo Euskadin sentsibilizazio ekintzak egiten dituzten erakundeetara, besteak beste.

eLankidetzaren lanaren zati handi bat da GGKEei zuzendutako deialdia; garapenerako lankidetzako proiektuak, garapen produktiborako, prestakuntzarako eta laguntza teknologikorako eta gizarte-eraldaketarako hezkuntzako proiektuetan diharduten erakundeetara zuzendua, hain zuzen. Deialdi horrek 40 milioi euro izango ditu.

Dekretu berri bat argitaratu ondoren, 2024an, eLankidetzak garapenerako lankidetzako programetarako laguntzen deialdia egingo du. Iparra eta Hegoaren arteko kolaborazioa sustatuko duten ekimenak dira, tokiko eta mundu mailako ikuspegiarekin. Dirulaguntzak bi deialdi izango ditu: bata, identifikazio faserako, 150.000 eurokoa, eta, bestea, gauzatze-faserako, hurrengo urtean aterako dena.

Gatazken eta bestelako indarkeria-egoeren ondorioz krisian dauden biztanleei arreta emateko, Garapenerako Lankidetzako Euskal Agentziak ekintza humanitarioko bi deialdi egingo ditu, eta, guztira, 10.4 milioi euro izango dira.

2024ko beste berritasun bat izango da nazioarteko larrialdi deiei erantzuteko 500.000 euro bideratuko direla; izan ere, munduan gero eta segurtasun gutxiagoa eta behar humanitario handiagoak daude.

Bestalde, lankidetza gaietan profesionalak espezializatzeko lau beketarako deialdia egingo da; egoitzan bertan egiteko. Gainera, Euskadiko GGKEetan genero- ekitatearen aldeko prozesuetarako deialdi bat egongo da, eta Ignacio Ellacuria sarirako hautagaiak aurkezteko beste bat.

Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Legea

2024ko mugarrietako bat izango da Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Legearen onarpena. Lege berriak Euskadiren lankidetza-politika zabaltzea izango du helburu, egungo testuinguru globalak planteatzen dituen erronkak gero eta konplexuagoak baitira.

Zentzu horretan, eLankidetzak ekimenak bultzatzen jarraituko ditu, Eusko Jaurlaritzako sailak eta beste eragile batzuk lankidetza teknikoko eta esperientziak trukatzeko lankidetza ekintzetan parte har dezaten. Ekimenetako bat da Guinea Bissau- Euskadi Osasun Globaleko lankidetza programa. Bertan, besteak beste, euskal osasun arloko profesionalak Simão Mendes Ospitaleko langileekin batera aritzen dira, edo Akual programa, non lankidetza eragileek eta El Salvador, Costa Rica eta Euskadiko ur-operadoretako teknikariek parte hartzen duten.

Elkartasun-ekimenak 2023an

Iaz 50.9 milioi euro eman ziren 44 herrialdetan 162 elkartasun-ekimenak finantzatzeko.  Gehienak Erdialdeko Amerikan, Hego Amerikan, Saharaz hegoko Afrikan, Ekialde Ertainean eta Euskadin garatzen ari dira.

eLankidetzaren lehentasunei jarraituz, funtsen % 27,06 inguru emakumeak ahalduntzeko ekimenetara bideratu ziren, eta % 20,87 hegoko erakunde feministek egindako proiektuetara. Gatazketan eta bestelako indarkeria-egoeretan egindako ekintzak % 19,65 jaso zuten, eta giza eskubideen defendatzaileak babesteko proiektuek funtsen % 7,62a.

Azkenik, azpimarratzekoa da, diruz lagundutako ekimenen % 26,76 Afrikan egiten direla eta % 14,04 Euskadin. Azken horien artean, gizarte-eraldaketarako hezkuntzako edo GGKEak sendotzeko ekintzak.