Euskadin behera egin du alkohola, tabakoa eta kalamua kontsumitzen duten pertsonen kopuruak, baita ausazko jokoetan aritzen direnen kopuruak ere

0
PRUEBA

2023ko Euskadiko Adikzioen Inkestako datuen arabera, behera egin du tabakoa, kalamua eta alkohola kontsumitzen duten pertsonen kopuruak. Kalamua ez diren legez kanpoko drogen kontsumoak ere etengabe behera egin duela ikus daiteke.

Horiek dira Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburu Gotzone Sagarduik gaur aurkeztutako Euskadiko Adikzioen Inkestaren azken edizioak erakusten dituen ondorio nagusietako batzuk. Inkestarik finkatuenetako bat da, 1992. urtetik 13 inkestako serie historikoa lortu baita. Hortaz, funtsezko tresna bihurtu da arlo horretako joerak eta aldaketak aztertzeko, eta joera eta aldaketa horiei helduko dieten neurri eta ekintza eraginkorrak definitzeko. Nabarmentzekoa da edizio honetan inkestak estaldura handiagoa duela, adin-muga kentzen baitu, 14 urtetik gorako biztanle guztiak barne.

Osasuneko sailburuak nabarmendu duenez, inkestako datuek erakusten dute aurrerapauso handia eman dela euskal herritarren bizi-ohituren hobekuntzan, Euskadik adikzioen eta droga-mendekotasunen inguruan lanean daramatzan lau hamarkadei esker, hein handi batean bederen. Hala ere, aditzera eman duenez, oraindik bide luzea dago egiteko, eta, horregatik, Adikzioen VIII. Plana (2023-2027) lehentasunezko 60 ekintza inguru garatzen ari da, kontsumoak eta adikzio-jokabideak saihestu daitezen edo hasiera atzeratu dadin, haien ondorioak minimiza daitezen eta prebalentzia eta desberdintasunak murrizten jarrai dadin, baita adikzioei lotzen zaien estigmari aurre egin dakion ere.

INKESTAREN DATUAK

Martxoa eta ekaina artean 14 urtetik gorako 2.500 pertsonari egin zitzaion 2023ko Inkestaren datuen arabera, azken 12 hilabeteetan biztanleriaren % 76k alkohola kontsumitu du eta % 23,8k tabakoa. Era berean, biztanleen % 7k kalamua kontsumitu du eta % 2,5ek legez kanpoko beste substantzia batzuk. Biztanleen % 1ek baino gutxiagok errezeta medikorik gabe hartu ditu lasaigarriak.

Sexuen arabera, oro har, kontsumo-prebalentziak handiagoak dira gizonen artean, lasaigarrien kasuan izan ezik, lasaigarrien kontsumoa ohikoagoa baita emakumeen artean. Substantzien kontsumoak behera egiten du adinarekin, lasaigarrien kasuan izan ezik, kontrako joera baitute. Tabakoa eta alkohola dira gazteen hartzen hasten diren drogak (16 urte inguru), eta beranduxeago (19 urte inguru) kalamua; 20 eta 22 urte bitartean, hasten da legez kanpoko gainerako drogak hartzen.

Substantziaren edo jokabidearen arabera:

Alkohola

  • Inkesten seriearen hasieratik hona ikus daiteke behera egin duela alkoholaren egungo kontsumoak. Bilakaera onena eguneroko kontsumoan ikusten da, beheranzko joerarekin adin-talde guztietan, 55-74 urtekoan izan ezik.
    Azken hilabeteko beheranzko kontsumo-joera bi sexuetan gertatu da oro har, nahiz eta jaitsiera handiagoa izan gizonezkoen artean. Kontsumo intentsiboaren prebalentzia handiagoa da gizonen artean eta, batez ere, adin-tarte gazteenean; mozkorraldien proportzioa murriztu egin da 2017koaren aldean, eta aldendu egin da 2004-2006ko kopuruetatik.
  • Aste barruko egunetan egun bakar batean ere alkohola edaten ez duten pertsonen ehunekoa handia da, baina oso txikia asteburuetan.
  • Herritarren erdiek alkohola kontsumitzen dute nola sentitzen diren gustatzen zaielako edo dibertitzeko.

Tabakoa

  • 2010ean hasitako tabako-erretzaileen ehunekoaren jaitsierari eusten zaio, eta 2023an lortu da serie historiko osoko eguneko kontsumoaren prebalentziarik baxuena (% 19,7), baita azken hilabeteko kontsumoan ere (% 23,3).
  • Kontsumitzaileen jaitsiera nabarmenagoa da gazteenen artean (34 urtera arteko gizonak eta emakumeak) eta, oro har, gizonen artean. 55 eta 75 urte bitarteko emakume erretzaileek izan dute beherakada txikiena.
  • Intentsitate handieneko kontsumoek (egunean 10 zigarro baino gehiago) profil maskulinoagoa dute, baina egunean 5 unitate baino gehiagoko atalasea kontuan hartzen badugu sexuen arteko distantzia estutu egiten da: emakumeen % 73k eta gizonen % 66k tabakoa kontsumitzen dutela diote.
  • 10 pertsonatik ia 8k ez du erre azken hilabete honetan, eta erre dutenen erdiak baino gehiago erretzeari uzten saiatu dira.
  • Era berean, ikusten da zigarro elektronikoaren kontsumoa laukoiztu egin dela 2017tik hona, % 5etik % 15era pasa baita 2023an. Gehikuntza hori batez ere gaztenengan gertatzen da. Gizonen % 40k eta 35 urtetik beherako emakumeen % 30ek adierazi dute zigarro elektronikoak erre dituztela azken urtean.

Kalamua

  • Kalamuaren kontsumoaren prebalentzia orokorra jaitsi egin da 2017koaren aldean, bai azken hilabeteko kontsumoan (% 4,1), bai eguneroko kontsumoan (% 1,5). Kontsumo handieneko urteak 2004 eta 2006 izan ziren, eta hortik aurrera behera egin du adin-tarte guztietan.
  • Serie historiko osoan zehar, kontsumitzaile ohikoenak 15 eta 34 urte bitarteko gazteak dira (% 14,2 mutilen artean eta % 4,3 nesken artean), baina kontsumo hori ere murriztu egin da 2017koarekin alderatuta, 2006an hasitako joerari jarraikiz.
  • Gizon kontsumitzaileen ia % 25ek eta emakume kontsumitzaileen % 14k osasunerako arriskutsua den mailan kontsumitzen dute. 35 urtetik beherako biztanleen artean, % 17k arriskuko kontsumoa egiten dute eta % 12k mendekotasuna izan dezakete. 35 eta 54 urte bitarteko tartean dago kontsumo arriskutsuko ehunekorik handiena (% 32).

Legez kanpoko beste droga batzuk

  • Berretsi egiten da legez kanpoko beste droga batzuen kontsumo esperimentalak gora egin duela (bizitzan inoizko kontsumoa), baina oraintsuko eta egungo kontsumoak behera egin duela 90eko hamarkadako mailetara iritsi arte, estasiaren kontsumoan izan ezik, azken hamarkadan kontsumitzaileen maiztasuna hazi baita.
  • Droga horien artean maiztasun handienarekin kontsumitzen direnak kokaina eta anfetaminak dira, eta horien atzetik estasia (MDMA) eta antzekoak datoz. Kontsumo horiek 15-34 urte bitarteko adin-tartean izaten dira batik bat, kokainaren eta, neurri txikiagoan, anfetaminen kasuan izan ezik, 35 eta 54 urte bitartean ere kontsumitzen baitira.

 Lasaigarriak

  • Tratamendu mediko baten barruan lasaigarrien kontsumoak goranzko joerari eusten dio. Goranzko joera hori 2010etik aurrera hauteman da emakumezkoetan eta 2017tik aurrera gizonezkoetan, eta are handiagoa da adina handitu ahala, eta ohikoagoa da emakumezkoetan adin-tarte guztietan. Lasaigarriak barnean hartzen dituen tratamendu baten mende dauden 74 urtetik gorako emakumeen ehunekoa (% 40) tratamendu hori jasotzen duten adin bereko gizonen ehunekoaren ia bikoitza da (% 20).
  • Tratamendu medikotik kanpoko lasaigarrien kontsumoa, sendagaien erabilera desegokia iradokitzen duena, murriztu egin da euskal gizartean, eta ez da biztanleriaren % 0,5era iristen.

Jokoa

  • Ausazko jokoen erabilera murriztu egin da 2017koarekin alderatuta —2017an egin zen aurreko inkesta—.Euskal Autonomia Erkidegoko herritarren % 50ek loterietan, kinieletan eta primitiboan jokatzen dute; ondoren, distantzia handira, kirol-apustuak datoz. Joko presentziala da modalitaterik ohikoena, eta online jokoa gazteek (15-34 urte bitartekoek) egiten dute nagusiki.
  • Joko patologikoaren proportziorik handiena astero jokatzen dutenen artean dago, eta baliorik handienak gizonetan eta gazteenetan erregistratu dira. Erregulartasunez jokatzen duten gizonen % 3,5 inguruk joko patologikoaren zeinuak izan ditzakete. Proportzio hori handiagoa da, % 5,8koa, 35 urtetik beherako gazteen artean.

Internet

  • 15 eta 34 urte arteko biztanleriaren % 98k egunero erabiltzen du Internet, eta 74 urtetik gorako pertsonen % 21ek. Gizonen % 4,3k eta emakumeen % 6k Interneten erabilera konpultsiboa egiten dute, eta arrisku horren prebalentziarik handiena gazteen artean dago oraindik (35 urtetik beherakoen % 15 inguru).

 

OHARRA.- Inkestak lau adierazle bereizten ditu: kontsumoa bizitzan inoiz, kontsumo berria (azken urtean), egungo kontsumoa (azken hilabetean) eta eguneroko kontsumoa.