Eusko Jaurlaritzak garraio berezietarako baimenen izapideak eta kudeaketa optimizatuko ditu

0

Estíbaliz Olabarri Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendariak gaur aurkeztu du garraiolarien sektorearen aurrean Zirkulazio Baimen Osagarriak (ZBO), hau da, araudian ezarritako masa eta neurriak gainditzen dituzten garraio berezietarako baimenak, arintzeko eta errazteko tresna informatiko berria.

Horretarako, alde batetik, baimen horiek izapidetzeko aplikazioa hobetu da, eskatzaileei laguntza handiagoa ematen dien formulario berri bat ezarriz, automatikoki joaten baita baliozkotzen datuak zuzen sartzen ari diren.

Beste alde batetik, Eusko Jaurlaritzak beretrack izeneko geolokalizazio-aplikazio mugikor bat ere jarriko du garraiolarien eskura. Aplikazioa dohainik jaits daiteke Play Storen, eta bidaia bakoitzaren hasiera eta amaiera jakinarazteko aukera ematen du, bai eta geoposizioa ere ibilbidean zehar.

Estibaliz Olabarriren arabera: “Helburua da garraio berezietarako baimenak eskatzen eta izapidetzen dituztenei laguntza eta erraztasun gehiago ematea.  Era berean, geolokalizazioak garraio horien kontrola eta jarraipena erraztuko du, eta hori lagungarria izango da Euskadin trafikoa hobeto eta eraginkortasun handiagoz kudeatzeko”.

Eskaerak egiten dituztenentzat, berrikuntza nagusietako bat ibilgailuak jakinarazteko prozedura da, ZBOren eskaeratik bereizi egin baita. Hau da, ZBOren formularioa bete aurretik, eskaeran sartu nahi diren ibilgailu guztiak jakinarazi behar dira. Ibilgailuen datuak ezin dira zuzenean eskaeran sartu.

Otsailaren 1etik aurrera ibilgailuak jakinarazteko formularioa erabili ahal izango da, eta otsailaren 14tik aurrera egongo da erabilgarri ZBO eskatzeko formulario berria. Baimena emandakoan, Eusko Jaurlaritzak, beretrack aplikazioaren bitartez, garraio berezien irteera eta iritsiera ez ezik, orain arte bezala, ibilbide osoa ere monitorizatu ahal izango du denbora errealean.