Jokin Bildarratzek Tolosako Samaniego ikastetxe publikora bisita egin du, honen 50. urteurrena dela eta

0

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak, Begoña Pedrosa sailburuordearekin batera, Tolosako Félix Samaniego Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxera bisita egin du gaur goizean, ikastetxe publiko honen 50. urteurrena dela eta. Ikastetxearen instalazioak ezagutu eta zenbait gelatara bisitatzeaz gain, zuzendaritza-taldearekin bilera izan dute, eta bertatik bertara ezagutu dute ikastetxearen hezkuntza-proiektua, bai eta urteurrena dela-eta antolatzen ari diren jarduerak ere. Amaia Urzelai Gipuzkoako Hezkuntzako lurralde ordezkariak ere hartu du parte bisitan.

Tolosako Félix Samaniego ikastetxea ikaskuntza-egoeren inplementazioan murgilduta ari da une honetan lanean, indarrean dagoen curriculumean jasotzen den eran. Bertako arduradunek tresna informatiko erabilgarri bat ere diseinatu dute, irakasleei zeregin hori izugarri errazten diena. Sailburuak eta sailburuordeak bertatik bertara ezagutu dute ikastetxean alderdi honetan egin duten aurrerapena.

Garapen iraunkorrarekiko konpromisoa da ikastetxe honen hezkuntza-lanaren ardatz nagusietako bat, eta iraunkortasun-ikuspegi horrek bertan ematen burutzen diren jarduera eta ematen diren ikasgai guztiak barne hartzen ditu. Eskolako ingurumen-proiektuaren baitan, garrantzi berezia dute baratzeak (ikasleek eurek lantzen dute) eta Haur Hezkuntzako haurrek parte hartzen duten baso-eskolak. Samaniego HLHIren hezkuntza-proiektuaren funtsezko elementuak dira, halaber, proiektu eleanitza, Gorputzaldiak egitasmoa (hezkuntzaren eta dantzaren arteko diziplinarteko lanetik sortutako hezkuntza-proiektua) edo Manttirratia eskola-irratia, non ikasleek beren irratsaioak egiten dituzten.

Bere ikasgeletan 2 eta 12 urte bitarteko 560 neska-mutil inguru dituela eta horietaz arduratzen den 50 irakasle pasatxoko klaustroarekin iritsi da Samaniego HLHI 50. urtebetetzera. Ikastetxeko hiru ikasle ohik osatu dute urteurren hau ospatzeko abestia, horren bideoklipa ere egin eta aurkeztu dute, eta hezkuntza komunitate osoa buru-belarri ari da orain datorren apirilaren 27rako jaiegun handi bat antolatzeko lanean.

Orixe institutuko lanak

Samaniego ikastetxe publikoa bisitatu ondoren, eta handik oso urrun joan beharrik gabe –Santa Lutzi auzoan bertan–, Orixe Bigarren Hezkuntzako Institutuaren eraikin berria eraikitzeko lanen martxa bertatik bertara ezagutzeko aukera izan du Bildarratzek, Alfredo Ruiz Azpiegitura, Baliabide eta Teknologien zuzendaria eta Orixe institutuko zuzendaria lagun zituela. Azalpen guztiak eraikina egiteaz arduratzen ari den TECSA enpresako ordezkariek eta proiektu hau sinatzen duen Luis Uzcanga arkitektoak eman dituzte.

14.055.850,37 euroko inbertsioa (BEZa barne) eginda, Hezkuntza Saila eraikin berria egiten ari da Tolosan. Eraikin berriak DBHko ikasleentzako gelez gain, Batxilergokoekin partekatuko dituzten espazio komun ugari ere izango ditu. Orixe BHIko bi eraikinetako bat (Orixe eraikina) eraitsi ondoren, eraikin berriaren zimendu-lanak amaituta daude (aurrekoa zegoen orube berean), eta gaur egun egitura eraikitzeko lanean ari dira.

Institutuaren Gorosabel eraikinak tente jarraituko du, eta Batxilergoko gelak kokatuko dira bertan. Pasabide itxi eta estali batek bi eraikinak lotuko ditu lanak amaitzean. Obrak aurrera doaz, 2025eko udaberrian amaitzeko aurreikuspenez.

DBH eta espazio komunak

Eraikin berriak L itxura hartuko du, eta 7.468 metro koadroko azalera eraikia izango du orotara. Eraikin berrian bi bolumen bereiziko dira argi eta garbi: batetik, eraikin nagusi bat, DBHko gela arruntak hartuko dituena; eta, bestetik, erabilera komuneko espazioak (DBHrako zein Batxilergorako) hartuko dituen bigarren bolumen bat: laborategiak, liburutegia, banaketa-gelak, mintegiak edo musika gela egongo dira hemen, besteak beste. Eraikin nagusian, DBHko gela guztiak ekialdera edo mendebaldera orientatuko dira; erabilera anitzeko ikasgelek, aldiz, hegoaldeko fatxada hartuko dute. Bigarren eraikinean, gela eta laborategi guztiak hegoaldera begira egongo dira.

Espazio irekiak

DBHrako eraikin nagusiaren barruan, goiko bi solairuetan, espazio irekiak utziko dira eskailera-gunearen ondoan (lau espazio ireki, solairu bakoitzeko bi). Gune libre horiek ikasleek eskola-orduetatik kanpo erabil ditzaten, jarduera osagarriak burutzeko edo egonaldi eta harremanetarako gune gisa planteatzen dira.

Era berean, nabarmentzekoak dira sarrera nagusian, anfiteatro txiki baten eran, kokatuko diren harmailak ere. Espazio hau eraikinaren -1 solairura iritsiko da, eta hainbat jarduera garatzeko aukera emango du, hala nola bilerak, hitzaldiak, proiekzioak, edo ikastetxeak bertan garatu nahi duen beste edozein jarduera.

Kanpoaldean, eraikin berrirako sarrera nagusiak aterpe zabala (412 m²) izango du atarian. Aterpe hau elementu garrantzitsua izango da espazio nagusien antolamenduan. Aterpe funtzioa eraginkortasunez betetzeaz gain, kanpoko zirkulazioak antolatzeko modu egokian kokatuko da, euri-egunetan batez ere.

Kirol pista estalia eta gimnasioa

Orubearen kotarik baxuenean –20 metro inguruko desnibela baitu orubeak alderik altuena eta baxuenaren artean–, estalitako kirol-pista handi bat egongo da, eta baita gimnasioa eta aldagelak ere haren alboan. Pista estalia mendebaldetik irekita egongo da kanpoaldera, eta harmaila-galeria batek luzetara zeharkatuko du barrualdean. Kirol-pistaren eta gimnasioaren estalkia eraikin nagusiaren beheko solairuaren kota berean kokatuko da, eta horri esker, kirol eta jolas-patio handi bat egingo da estalki honen gainean.

Tolosako Orixe BHIren eraikin berriak izango dituen instalazio guztien artean, hauek dira nabarmentzekoak:

  • 20 gela arrunt, DBHrako
  • 2 gela erabilera anitzekoak
  • 4 banaketa-gela
  • 2 laborategi
  • Teknologia gela
  • Informatika gela
  • Musika gela
  • Plastika gela
  • Gela egonkorra
  • Liburutegia
  • Anfiteatro harmaila
  • Bilera gelak eta mintegiak
  • Jantokia, 242 m²
  • Sarrerako aterpea, 412 m²
  • Gimnasioa, 423 m²
  • Kirol pista estalia, 879 m²
  • Kanpoko kirol pista, 1124 m²
  • Kanpoko jolastokia, 408 m²

Azalera eraikia guztira: 7.468 m²

Hezkuntza Sailaren inbertsioa: 14.055.850,37 € (BEZ barne)

Eraikin berria egiteko lanek jarraitzen duten artean, Orixe BHIko ikasleak Gorosabel eraikinean eta Tolosaldea LHII-ren instalazioetan daude banatuta (azken hau ere Santa Lutzi auzoan bertan), eta baita Paper Eskolan ere. 2023-2024 ikasturte honetan Tolosako Orixe institutuak 670 ikasle ditu DBHn eta Batxilergoan.