Eusko Jaurlaritzak indartu egin du atzerritartasun-arloan arreta juridikoa emateko Aholku Sarea

0

Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak, Migrazio eta Asilo Zuzendaritzaren bitartez, gaur iragarri du Aholku Sarea, Atzerritartasunaren arloko Arreta Juridikoaren Euskal Sarea izeneko bost bulego berri irekiko dituela, bai eta jada aktibo dauden beste hiru bulego indartu ere.

Gaur egun, Aholku Sareak 30 bulego ditu kalean, hiru euskal lurraldeetako hainbat herritan. Migratzaileen eta horiekin nolabaiteko lotura duten bertakotarren eskariei aurrez aurre erantzutea du helburu. Era berean, programak aholkularitza eskaintzen die atzerritarrak artatzen dituzten profesionalei, erakunde publiko zein pribatuei.

Aholku Sarea Migrazio eta Asilo Zuzendaritzak sustatzen du, eta sarean lan egiten dute Biltzen-Kulturarteko Integrazio eta Bizikidetzarako Euskal Zerbitzuak; Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Abokatuen Elkargoek, eta Hirugarren Sektoreko zortzi gizarte-erakundek: Gurutze Gorriak hiru lurraldeetan, eta Zehar Errefuxiatuekin elkarteak Araban; Caritas, Kosmopolis, Bidea Eginez eta Cite-CCOOk Bizkaian; eta SOS Arrazakeria eta Adiskidetuak, Gipuzkoan.

Nerea Melgosa sailburuak hurrengo bulego irekieren berri eman du, zehazki, Bilbon, Donostian, Mutrikun, Durangon eta Ermuan, baita Gasteizen, Zarautzen eta Errenterian dagoeneko martxan daudenak indartuko dituela ere. “Egin dugun ahalegina, merezi du”, esan du Melgosak.

“Oso garrantzitsutzat jotzen dugu Aholku Sarea bezalako programen lana, beti ere Migraziorako Euskal Itun Sozialaren pean, gure harrera eredua garatzen laguntzen baitigu, oinarritik hasita, udalerrietatik”, azaldu du, eta Migrazio eta Asilo Zuzendaritzak aurten Aholku Sarearen aurrekontua 116.800 eurotan gehitu duela, 916.800 eurora iritsi arte.

Balantzea: 2023ko jarduera

Sailburuak joan den ekitaldiko balantzea ere eskaini du. Bertan, partikularrek egindako 23.592 kontsultari erantzun zitzaien, bai gizarte-erakundeei, bai Biltzeni. Horietatik % 46 Bizkaian egin ziren, % 40 Gipuzkoan eta % 14, berriz, Araban.

Profesionalek egindako kontsultei dagokienez, 4.276 kontsulta jaso ziren ( % 62 Bikaian, % 24 Gipuzkoan eta % 14 Araban); eta 248 kontsulta gizarte-erakundeek edo Biltzenek bideratu zituzten euskal abokatutzaren hiru elkargoetako batera. Halaber, etorkinei buruzko 34 informazio-saio eman ziren (12 Bizkaian, 17 Gipuzkoan eta 5 Araban), eta 566 pertsona bertaratu ziren.

Aholku Sarera etortzen diren pertsonen profila Latinoamerikatik datorren emakume batena da. Emakume horren migrazioa beste jatorri batzuetakoa baino feminizatuagoa dago, hala nola Magreb edo Saharaz Hegoaldeko Afrikakoa. Izan ere, aurreko kontsulten %59 emakumeek egin zituzten. Kolonbia eta Maroko dira, alde handiz, erabiltzaileen nazionalitate nagusiak.

Adinari dagokionez, gehienek 30 eta 50 urte bitartean dituzte, eta, beraz, lan-merkatuan sartzeko interesa dute. Kontsultek lotura izan ohi dute, batez ere, bizileku-baimenekin eta -berritzeekin, gizarte-sustraitzeagatik, prestakuntzagatik bai eta egoitza berritzearekin ere, lan-kontuengatik edo familia berriz elkartzeagatik.

“Ezin dut ekidin migratzaileei buruz hitz egiten dudan bakoitzean Migraziorako Euskal Itun Sozialaren leloa gogoratzea: jaso nahi genukeena eskaintzea”, ondorioztatu du Nerea Melgosak.