Eusko Jaurlaritzak museoen bildumak digitalizatuta erakusteko “MuseoTIK” plataforma berria jarri du martxan

0

Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak, museoetako 40 bat eragilerekin batera, “MuseoTIK” lankidetzarako plataforma digital berria aurkeztu du. Atari honetan Euskal Autonomia Erkidegoko museo eta ondare-erakunde guztien bilduma, funts, objektu eta dokumentazio dago katalogatuta eta digitalizatuta. Lan hori oinarritzat hartuta, “MuseoTIK” plataforma berri hau lankidetzarako tresna izateko jaio da, bai museoetako 300 bat profesional eta langileentzako, baita gainontzeko erakunde publiko, unibertsitate zein herritarrentzako. Helburua da bertoko kultura-ondarea ezagutzera ematea, istorio, kontakizun eta aukera berriei bide emateko. Horretarako museoetako bildumak digitalizatuta erakutsiko dira MuseoTIK plataforma berrian.

Gaur goizean Euskadiko Artxibo Historikoan egin den aurkezpenean, Bingen Zupiria sailburuarekin batera, Kultura sailburuorde Andoni Iturbe eta museoetako eta ondare-erakundeetako eragileak izan dira.

Bingen Zupiria sailburuak eskerrak eman dizkie museo eta ondare-erakunde guztiei epe-luzeko proiektu honetan parte hartzeagatik. Bere hitzetan, “etorkizunera begira, MuseoTIK aukera berriak irekiko dituen ataria da. Kultura 2028 Plan Estrategikoari erreferentzia eginez, Bingen Zupiriak  ondarearen zaintzari garrantzia eman dio hori baita “historiatik gorde eta zaindu nahi dugun hori, hurrengo belaunaldiei transmititzeko.” Zentzu horretan hauxe gehitu du sailburuak: “MuseoTIK plataforma herritarren eta museoen arteko elkargunea da, ondarearekin konektatzeko eta eduki baliotsuez gozatzeko aukera ezin hobea. Webgune honetan katalogatutako objektu, pieza, artelan, eskutitz edo dokumentuak daude digitalizatuta eta horrek aukera emango digu edonori, horietan oinarrituz, istorio eta kontakizun berriak sortzeko. Bildumen digitalizazioan azken urteetan egin den lanak gure ondarea osotzen duten funtsak publikoaren eskura modu irisgarri eta erraz batean jartzea ekarri du”.

MuseoTIK-eko jatorria

Gaur aurkeztutako “MuseoTIK” plataforma digitala ez da ezerezetik hasten. MuseoTIK ataria EMSIME web orriaren garapenetik sortu da, hau da, bertan Euskadiko museo eta bildumetako funtsen inbentario orokorra batzen duen Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailak bultzatutako aplikazioa. Beraz, alde batetik, MuseoTIK ataria jarraituko du izaten museo-bildumen dokumentaziorako eta digitalizaziorako erreferentziazko katalogoa; eta bestetik, eraldatu egin da ikuspegi eta behar berrietara egokitzeko. Orain, eskuragarriagoa, anitzagoa, eta inklusiboagoa da.

Zergatik da interesgarria MuseoTIK ataria?

MuseoTIK lankidetzarako proposamen digitala ere bada. Izan ere, digitalizazioa eta parte-hartzearen bitartez, bildumen eta gainerako jardueren hedapena erraztuko die museoetako 300 bat langile eta ordezkariri beren banakako hedapen-estrategiak osatzeko. Era berean, euskal ondarea ezagutzeko, gozatzeko eta harekin lankidetzan aritzeko nahia sentitzen duten pertsona, talde edota kultura-eragile guztientzako gunea ere bada.

MuseoTIK ondarea gorde eta zaintzeaz gain, interpretatzeko eta hedatzeko asmoarekin jaio da:

  • Museo-jardueran inplikatutako eragile guztiak integratu nahi ditu,
  • Euskal museoetako ondareari balio erantsia eman
  • Eta guztion artean, kultura nortasuna nabarmentzeko narratiba berriak sortu.

Zer eskainiko du MuseoTIK atariak?

  1. Eskuragarritasuna: artea eta kultura edonorren eskura edonoiz eta edozein lekutan.
  2. Nabigazio aukera berriak eskainiko ditu, askoz ere intuitiboagoak.
  3. Bistaratzeko esperientzia berriak emango ditu: 3D bisorea eta erresoluzio handiko irudi galeria.
  4. Bildumei eta egileei buruzko edukiak eta istorioak eskainiko ditu.
  5. Museoetako jarduera-agendaren bitartez, kultura-ondarea bizitzea ahalbidetuko du.
  6. Norberaren gustuetara egokitzeko aukera egongo da, bilduma pertsonalizatuak sortuz.
  7. Parte-hartzea: norberaren gustu edo ekarpenak egiteko aukera egongo da.