Eusko Jaurlaritzak zaintzako eta kontroleko 38 kanpaina egingo ditu, arreta berezia eskainiz motor-gidarien kolektiboari eta arreta-galtzeei

0

Estibaliz Olabarri Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendariak gaur goizean aurkeztu du Ertzaintzak, udaltzaingoen laguntzaz, 2023an egingo dituen Trafikoa Zaintzeko eta Kontrolatzeko Kanpainen Egutegia. Aurten 38 kanpaina egitea aurreikusten da, Euskadin istripu larriak eragiten dituzten arrisku-portaera nagusiak prebenitzeko helburuarekin.

Aurten ere, motozaleengan jarriko da arreta, kolektibo zaurgarrien artean hildako gehien dituen kolektiboa baita, nahiz eta 2023an 2022an baino hiru motozale gutxiago hil ziren, 11 eta 14 hil baitziren, hurrenez hurren. Era berean, gidatzean izaten diren arreta-galtzeak ere zainduko dira, bereziki telefono mugikorraren erabilera. Axolagabekeria horrek gidabaimeneko 6 puntu galtzea ekar dezake. Bestalde, abiaduraren eta alkoholaren eta drogen kontsumoaren kontrolekin ere jarraituko dute.

Olabarrik gogoratu du: “2023an 44 pertsona hil ziren trafiko-istripuan EAEn. Horietako % 47 kolektibo zaurgarriren batekoak ziren, nagusiki motor-gidariak (11) eta oinezkoak (8), baina baita 2 txirrindulari ere. Ibilgailu batek harrapatuta hil ziren pertsonen erdia 65 urtetik gorakoa zen. Egia bada ere behera egin duela kolektibo zaurgarrietako hildakoen ehunekoak 2022arekin alderatuta, bai oinezkoen bai motor-gidarien kasuan, kolektibo horiek oraindik ere babes berezia behar dute. Datu horietan oinarrituta prestatu dugu zaintza- eta kontrol-egutegi berria, eta helburua istripuei aurrea hartzea du Zero Biktima ikuspegiarekin, Bide Segurtasunerako eta Mugikortasun Seguru eta Jasangarrirako 2025 Planak jasotzen duenari jarraituz”.

Aurten, berritasun gisa, Ertzaintzako trafiko-unitateek udako, aste santuko eta abenduko zubiko irteera eta itzulera direla eta, trafiko arautzeko garatuko dituzten operazio berezien egutegia ere sartu da.

Ertzaintzaren Erandioko egoitza nagusian egin den lan-bileran, Estibaliz Olabarri Trafikoko zuzendariarekin batera izan dira Asier Erkoreka Segurtasuna Koordinatzeko zuzendaria, Iñigo Ibarra Ertzaintzaren Trafikoko Burutza Nagusiko intendentea, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udaltzaingoen ordezkariak eta Ertzaintzaren trafikoko lurralde-unitatetako arduradunak.

Eusko Jaurlaritzak erabaki du eranskinean adierazten diren trafikoa eta garraioa zaintzeko eta kontrolatzeko kanpainen egutegiak onartzea 2024an. Kanpaina horiek Ertzaintzaren trafikoko lurralde-unitateek eta, hala dagokionean, ertzain-etxeetara atxikitako agenteek, gauzatuko dituzte udaltzaingoekin elkarlanean.

ZIFRAK

2023an 10.496 kontrol egin ziren eta horietan 210.803 proba egin ziren. Horien % 9,8tan arau-hausteren bat atzeman zen, hau da, ehuneko 6 puntu jaitsi zen 2022an hautemandako arau-hausteen ehunekoa.

Trafikoa Zaintzeko eta Kontrolatzeko Kanpainen 2024ko Egutegiak honako hauek zaintzeko eta kontrolatzeko kanpainak egitea aurreikusten du: arreta-galtzeak, abiadura, alkohola eta drogak, herri barruko harrapatzeak, eskola-garraioa eta salgaien eta pertsonen garraioa, segurtasun-uhalaren erabilera eta haurrei eusteko sistemak, baldintza teknikoak bigarren mailako errepideetan, motozikletak eta ziklomotorrak.