Lurzorua berroneratzeko lehen fasea otsailean hasiko da. Urtarrilean eraitsi dute Maser fabrika ohiaren azken industria-eraikina.
Sprilur, S.A. Spri Taldean txertatuta dago eta Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren mendekoa da, eta aurrerapausoak egiten ari da Burtzeña-Barakaldo eremuan lurzorua berroneratzeko eta lehengoratzeko, hori guztia Burtzeña Enpresa Parkea, S.A. Sozietatearekin akordioa lortu ondoren. Sprilur, S.A sozietate horren akzioduna da Azpiegiturak erakundearekin eta Barakaldoko udalarekin batera. Etorkizuneko enpresa-parkearen garapenari forma emateko, beharrezkoa izan da Maser irin-fabrika ohiaren partzelan zegoen azken industria-eraikina eraistea, urtarrilean egin dena. Iazko maiatzean, bestalde, lurzorua kudeatzeko sozietate publikoak erabiltzen ez ziren eta eremu horretan bertan zeuden hainbat etxebizitza- eta industria-eraikin eraitsi zituen.
Otsailean zehar, Burtzeñako ontziola eta zentral termikoaren partzeletan hondakin eta material kutsagarriek eragindako lurzorua berroneratzeko lehen faseari ekitea aurreikusten du Sprilurrek.
Horrela, onartutako deskontaminazio-proiektuak, beste hondakin batzuen artean, olioak, fluidoak, erretxinak, nikela, beruna eta antzeko konposatuak garbitzea aurreikusten du. Guztira 73.369 metro karratuko azalera da, hainbat hamarkadatan industria-izaerako jarduerek kutsatu dutena.
Eraikinak eraistetik eta soberakinetatik ateratako materialari dagokionez, neurri handi batean, ondorengo betelanerako eta lurra finkatzeko erabiliko da. Horrela, etorkizuneko parkea garatzeko behar diren hirigintza-kotak berdinduko dira.
Barakaldoko lurzoru horiek deskontaminatzeko lehen fase horretarako aurreikusitako inbertsioa 1,3 milioi eurokoa da, eta 5 hilabeteko egikaritze-epea aurreikusten da.
Berroneratze-lanak ontziola eta zentral termiko ohietako partzeletan
Aurreikusitako saneamendu- eta berroneratze-lanek eragiten dieten bi partzelak, ontziolak eta zentral termikoa, mugakideak dira eta 26.955 eta 46.414 metro karratuko azalera dute, hurrenez hurren.
Aurreikusitako lanetan honako hauek egitea aurreikusten da: kontrolik gabe isuritako hondakinak erretiratzea, lursailetan dauden eta obran berrerabiliko diren 4.500 m3 agregakin inguru balorizatzea, hondakin arriskutsuak hondeatu eta kentzea, hondakin-urak ponpatzea eta araztegian in situ tratatzea, eta hondeatutako eremuak betetzea, partzeletako material birziklatuarekin egingo dena.
Ezkerraldeko lurzoruak berroneratzeko bultzada
Sprilurrek azken 3 urteetan lurzoru berriak eskuratzeari eta egindako hirigintza-izapideei esker, hasierako bultzada eman ahal izan zaio Burtzeña enpresa-parkea izango denari. Hala, instalazioak eta eraikinak eraistea eta 73.369 metro karratuko partzelak konpontzea dira Lutxana-Barakaldoko BEPB 05 betetzeko abian jarritako lanak.
Burtzeña Enpresa Parkea, S.A., Sprilur, Azpiegiturak eta Barakaldoko udalaren partaidetzapeko sozietatea, eremua berroneratu eta egokitu ondoren, Burtzeñako etorkizuneko Enpresa Parkea sustatzeaz eta kudeatzeaz arduratuko da, inguruan jarduera ekonomiko berriak hartzeko.
Burtzeña berroneratzeko proiektu horrek 289.469 metro karratu hartzen ditu, Ezkerraldea-Meatzaldeko lehentasunezko jarduketako Eskualdeko Plan Estrategikoetan sartuta dago eta erakunde publikoen (Eusko Jaurlaritza, Foru Aldundiak eta Udalak) laguntza du. Ezkerraldearen eraldaketan eta garapen ekonomikoan pizgarri gisa aurreikusten den proiektu estrategikoa da.
Sprilurrek inguruko beste udalerri batzuetan, esaterako, Sestaon, Trapagaranen, Erandion eta Santurtzin, lurzoruak berroneratzeko proiektuei ere ekin die, Ezkerraldean 600.000 metro karratu inguruko azalera lehengoratzeko eta balioa emateko. Lurzoru aktiboa eta azpiegitura jasangarriak, Ezkerraldean garapena eta enplegua erraztuko duten ekimen, proiektu estrategiko eta inbertsioak erakartzeko prestatutakoak.