Abian da BIND 4.0ren 8. edizioa, aurten 21 startupek parte hartuko dute bizkortze-programan. Joan den irailean itxi zen deialdia, industria adimendunerako, energia garbietarako, jasangarritasunerako, osasunerako eta elikadurarako soluzioak proposatzen dituzten mundu osoko startupen 770 eskaerarekin baino gehiagorekin. BIND 4.0ren taldeak aurkeztutako teknologien balorazio- eta scouting-prozesuaren ondoren, BIND 4.0 plataformako 70 enpresa kideek —egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan duten industria liderrak dira, hala nola Iberdrola, ITP Aero, Arteche, RPK, Betsaide eta Quirónsalud— 29 proiektu berritzaile hautatu dituzte startupekin elkarlanean garatzeko.
Programaren helburu nagusia da startupak eta enpresa liderrak erreferentziazko bezero gisa konektatzea, betiere euskal industriaren lehiakortasuna sustatze aldera. Edizio honetako proiektuak teknologia disruptiboek bultzatzen dituzte soluzio jasangarrien bidez, besteak beste, prozesuak adimen artifizialaren bidez automatizatzeko, fabrikan gizakiaren eta makinaren arteko interakzioa errazteko edo industria-prozesuen zirkularitatea hobetzeko. Gainera, aukeratutako startupek bizkortze-programaren onura anitzak izango dituzte eskura: 20 astez eta doan, mentoring indibidualizatuko zerbitzuak, inbertitzaileekin konexioa, startupa hazteko adituen tailerrak eta Euskal Autonomia Erkidegoko industriaren ekosisteman murgiltzea.
Edizio honetan enpresek eta startupek batera egingo dituzten 29 proiektuetatik, soluzioen % 64 industria adimendunerako erabiliko dira, % 27 energia berriztagarrietarako eta jasangarritasunerako, eta % 9 osasunaren eta elikaduraren arloko proiektuetarako. Proiektuen soluzioetan aplikatuko diren teknologien artean, nabarmentzen dira industria-enpresen prozesuak hobetzeko eta baliabideak optimizatzeko erabiliko diren adimen artifiziala, CleanTech eta robotika.
Zortzigarren edizioko startupen jatorriari dagokionez, hautatutako startupen % 35 Euskal Autonomia Erkidegokoak dira, 2 Bizkaikoak, 2 Arabakoak eta 3 Gipuzkoakoak, eta startup kopururik handiena, proiektuen % 40, Estatukoak. Nazioarteko ordezkaritzari dagokionez, % 25 Erresuma Batukoak, Portugalgoak, Singapurrekoak eta Brasilgoak dira.
300 proiektu garatu baino gehiagorekin eta nazioarteko erreferentziazko 200 startup baino gehiagorekin, BIND 4.0 plataforma Europako enpresen eta startupen arteko lankidetza-eredurik garrantzitsuena da industria bultzatzeko eta eraldatzeko. Gainera, nazioartean bitan saritu dute: 2023ko abenduan, Mind the Gap plataforma globalak eta International Chamber of Commerce (ICC) elkarteak Startup Ecosystem Stars saria eman diote Industria eta Enpresa Txiki eta Ertainentzako Laguntza Bikainari. Aurrez, Europako Batzordeak ekimena saritu zuen Enpresa Sustapenerako Europako Sarien XIV. edizioan, enpresa-ingurunea hobetzeko kategorian.
Murgiltzea Euskadiko ekosisteman eta industrian
Programak irauten dituen asteetan, startupek zenbait jardueratan parte hartuko dute. Batetik, adituek emandako prestakuntza-saioak izango dituzte, beren pitch-a egiteko trebetasunak hobetze aldera, bai merkataritzarentzat bai inbertsiogileentzat. Era berean, B2B salmenta-estrategia konfiguratzeko tailerrak izango dituzte. Bestalde, BIND 4.0ko 40 aholkularien aholkularitza aditua eskaintzen zaie, baita plataforman modu aktiboan parte hartzen duten inbertitzaileen klubarekiko konexioa ere. Gainera, bizkortze-programak Euskal Autonomia Erkidegoko industriaren ekosisteman astebetez murgiltzeko programa eskainiko die startupei. Euskal Autonomia Erkidegoko enpresa aitzindarietara bisitak egingo dira haien azken berrikuntza-proiektuak ezagut daitezen. Amaitzeko, programaren 20 asteetan garatutako proiektuak 2024ko ekainaren 27an izango dira ikusgai, Bilboko Euskalduna Jauregian, jendeari, enpresei eta inbertitzaileei irekitako ekitaldi batean.
Bizkortze Programa da Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak, SPRI Taldearen eta UpEuskadi plataformaren bidez, sortutako berrikuntza irekiko plataformaren hiru ekimenetako bat, SME Connection eta BIND 4.0 GovTech ekimenekin batera. SME Connection programak erronka sektorialen bidez konektatzen ditu Euskal Autonomia Erkidegoan lider diren enpresa txiki eta ertainak eta startup disruptiboak, betiere euskal enpresen trantsizio digitala bultzatze aldera. Bestalde, BIND 4.0 GovTech programak digitalizazio-proiektuetan konektatzen ditu euskal autonomia erkidegoko sozietate publikoak eta startupak, teknologiaren bidez sektore publikoaren eraginkortasuna eta efizientzia hobetze aldera. Bere hiru ekimenen bidez, Berrikuntza Irekiko plataformak 200 startup baino gehiago bizkortu ditu eta 300 proiektu baino gehiago garatu ditu, hiru helbururekin: startupen garapena bizkortzea Euskal Autonomia Erkidegoko industria-ekosisteman; enpresen eraldaketa digitala sustatzea; eta Euskadiko ekosistema posizionatzea industria-ekintzailetza aurreratuko hub gisa.
8 edizioan parte hartzen duten startupen zerrenda
- 4i Intelligent Insights, Adimen artifiziala
- 51toCarbonZero, Softwarea
- Advanced Algorithms 4 Radar, Robotika eta elektronika
- Aunoa, Adimen artifiziala
- Birziplastik, CleanTech
- Detektia, Adimen artifiziala
- Goldilock, Zibersegurtasuna
- Hedro Sistemas Inteligentes, Konektibitatea eta IoT
- Infinite Foundry, Murgiltze-teknologiak
- Kernova, CleanTech
- Eatamigo, Adimen artifiziala
- Nawattia, CleanTech
- ORBIK Cybersecurity, Zibersegurtasuna
- Recog Analytics, Adimen artifiziala
- Safeloc Systems, Konektibitatea eta IoT
- Uali, Adimen artifiziala
- Uktena, Adimen artifiziala
- Visionaries 777, Murgiltze-teknologiak
- We are clickers, Adimen artifiziala