Eusko Jaurlaritzak Euskadi Bonu Jasangarriaren zortzigarren jaulkipena aurkeztu du Londresen

0

Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak bilerak egin ditu gaur Metlife inbertitzaileekin, VB AM kudeatzailearekin, BlueBayrekin eta Exoduspointekin, Euskadi Bonu Jasangarriaren zortzigarren jaulkipena aurkezteko helburuarekin. Aurten, jaulkipena 600 M €-koa da eta, horri esker, 2018tik zor jasangarrian jaulkitako 5.000 M €-ra iritsiko da.

Lehenengo topaketa MetLife, Inc aseguru-talde estatubatuarrarekin izan da. Talde hori munduko hogei konpainia handienen artean dago sektore horretan. 1868an eratu zen eta bost kontinenteetan du egoitza, 45.000 enplegaturekin, 40 herrialde baino gehiagotan. Ondoren, Eusko Jaurlaritzaren taldeak bilera egin du 2024an ehun urte betetzen dituen Vontobel AMrekin. Konpainia hori funtsen familia-kudeatzaile bat da, jatorri suitzarrekoa, 100.000 M €-ko kapitalduna.

Bestalde, BlueBay Asset Management errenta finkoan espezializatutako kudeatzaile britainiar bat da. 2001ean sortu zen, zor korporatiboaren Europako merkatuan antzematen zituzten aukera berriei erantzuteko; garatzeko bidean dauden merkatuetako errenta finkoaren hedapena aktibo instituzional mota gisa aurreikusita. % 100ean Royal Bank of Canada-ren jabetzako filiala da.

Azkenik, ExodusPoint Capital Management inbertsioak kudeatzeko enpresa estatubatuarrarekin amaitu da Londresko erronda. Enpresa horrek New Yorken du egoitza, eta Europan eta Asian bulego gehigarriak ditu. 2018 ezkero, abioko diru-bilketa handiena du Wall Streeten historian, besteak beste Blackrock edo Blackstone-ren tamainako inbertitzaileen artean saio batean 8.000 M € altxa ondoren.

2023aren amaieran, Eusko Jaurlaritzak 10.270.731 euroko zorra zuen, mailegu eta bonuen artean. Zor hori EAEko BPGren % 12,8koa zen, autonomia-erkidegoetako txikiena, eta Espainiako estatuko batez bestekoa baino ia 10 puntu txikiagoa.

Euskadik kalifikazio-agentzia nagusiek emandako rating bikaina du; horren ondorioz, merkaturatzea arrakastatsua da, eta horrek berekin dakar euskal ekonomiaren sendotasuna eta gure finantzen indarra aintzatestea. Horren erakusgarri da jaulkipen bakoitzak inbertitzaileen eskari askoz handiagoa izan duela. Adibidez, 2023ko azken jaulkipenak (700 M €-koak) eskari zazpi aldiz handiagoa lortu zuen.

Europako finantza-merkatuak jaulkipen horiekiko duen interesa herrialdekako batez besteko kokapenean islatzen da, eta ordezkaritza askotarikoa da. Inguruko herrialdeek, hala nola Frantziak (122 M €) eta Alemaniak (116 M €), kokapen horien jarraipena egin dute, kontinenteko beste herrialde batzuek bezala, hala nola Erresuma Batuak, Austriak, Italiak eta Luxenburgok.

% 69 nazioarteko inbertitzaileetan kokatu da —Alemania da lehen herrialde inbertitzailea, eta haren atzetik datoz Frantzia, Holanda, Austria eta Bretainia Handia—, % 16 Estatuko inbertitzaileetan eta % 15 Euskadiko inbertitzaileetan. “Hori da euskal zor publikoaren jaulkipen bakoitzak bonu jasangarrietan lortzen duen nazioarteko aintzatespenaren erakusgarririk onena. Horrela, Eusko Jaurlaritzak asmo sendoarekin jarraitzen du bonu jasangarrien merkatuaren garapenean zeregin garrantzitsua betetzeko, eta finantzaketa arduratsu eta eraginkorra sustatzeko, Euskadik ingurumenaren, ekonomiaren eta gizartearen arloetan dituen erronkei aurre egin diezaien”, Azpiazuk nabarmendu duenez.

Jaulkipen horiek jasangarritasun-zigilua izateak, gainera, “erraztu egiten du jasangarritasunean soilik inbertitzen duten inbertitzaileek gure bonuetan arreta jartzea. Horrela, Euskadik ingurumenaren, ekonomiaren eta gizartearen arloetan dituen erronkei aurre egiteko finantzaketa arduratsua eta eraginkorra sustatzeko estrategiarekin jarraitzen dugu”, nabarmendu du Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak, eta onartu du “jasangarria” etiketak arrakasta ziurtatzen ez badizu ere, “interesa handitzen duela eta, gainera, merkatu konplexuetan egikaritzen laguntzen duela”.

Azpiazuk azpimarratu du beharrezkoa dela finantzaketa-esparru jasangarri bat izatea, “gure kasuan Jaurlaritzaren 2030 Agendarekin bat datorrena”. Izan ere, finantzatu beharreko programak Jasangarritasun Bonuen Batzordeak hautatzen ditu, “eta kontuan hartzen da GJHekin duten lerrokatze-maila”, zehaztu duenez.

Eusko Jaurlaritzak funts horiei ematen dien erabilerari erantzuten dioten proiektu edo kategoria hautagarriak dira. Zehazki, Eusko Jaurlaritzak xede hauetarako erabiltzen ditu funts horiek: inbertitzea etxebizitza eskuragarrian eta funtsezko zerbitzuetarako irisgarritasunean (hala nola hezkuntzaren eta osasunaren arloan), aurrerapen sozioekonomikoaren aldeko apustua egitea, enplegua sortzea edo energia berriztagarria eta garraio garbia bultzatzea, beste xede jasangarri batzuen artean. Inbertitzaileei egindako aurkezpen honetan, Azpiazuk proiektu hautagarri gisa planteatu ditu, bonu jasangarrien jaulkipen honen bidez finantzatu beharreko proiektu gisa, 2024rako gizarte-proiektu jasangarriak (% 75) eta ekologikoak (% 25), 1.000 M €-ko balioaz.

Frantzia eta Alemania

Gaur bertan, Finantza eta Aurrekontuetako sailburuorde Hernando Lacallek eta Ekonomia eta Plangintzako zuzendari Alberto Ansuategik Municheko Bonu Jasangarria aurkeztu diete Meag, Pimco, Bayern eta Ampeaga AM funtsei, eta bihar bilerak egingo dituzte Frankfurten Hauck Aufhaeuser Lampe erakundearekin (banku pribatua) eta Deka inbertsio-funtsarekin.

Azpiazu sailburuak bihar jarraituko du harremanetan Parisen, eta lagun izango ditu Iñaki Barredo Ekonomiako eta Europako Funtsetako sailburuordea, Arantza Larrauri Finantza Politikako zuzendaria eta Yurdana Burgoa Kabinete eta Koordinazioko burua.