Zaldibarko zabortegia behin behinean zigilatzeko lanekin aurrera doa Eusko Jaurlaritza

0

Zaldibarko zabortegia behin behinean zigilatzeko lanek aurreikusi bezala egin dute aurrera, Eusko Jaurlaritzak, urrian, Zaldibarren beste exekuzio subsidiario bat hasi ondoren. Gobernu Kontseiluak beharrezko kontratazioak baimendu zituen larrialdiko lanak, obrak eta eskatutako zerbitzuak burutzeko, zabortegian edozein arrisku saihesteko. Txosten teknikoek egiaztatu zuten une hartan zabortegiaren egonkortasun-baldintzak okertu egin zirela, eskatutako mantentze-lanik egin ez zelako.

2023ko urriaren 11n, Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen Saileko Kontratazio Organoak larrialdi-lan horiek egiteko agindua eman zuen, eta dagoeneko hasi dira egoera kontrolatzen. Aldi berean, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariaren ebazpen baten bidez, VERTER RECYCLING 2002, S.L.ri, mantentze-lan horren arduradunari, zehapen-espedientea hasi zitzaion.

Eusko Jaurlaritzaren jarduerak

Harrezkero, Eusko Jaurlaritza behin-behineko zigilatze-lanak egiten ari da, euri-ura ez iragazteko eta, ondorioz, hondakin-masaren pisua ez handitzeko (egonkortasuna bermatuz).

Lehenengo asteetan, lanak lurzorua berriro egokitzean zentratu dira, jatorrizko isurketa-ontziaren azalera osoa garbitu da (mota guztietako zuhaixka- eta zuhaitz-landaredia kentzea).

Gaur egun, gainazalean % 4ko gutxieneko malda duen azalera konbexua ematen duten materialen aportazioa egin ondoren, polietilenozko oihalak jartzen ari dira, eta behin soldatu ondoren zabortegiaren azalera estaliko dute. Soldaduraren kalitatea alderdi kritikoa da zigilatzearen osotasuna zaintzeko; izan ere, soldadura-makinek polietilenozko oihalen muturrak lotu ahal izateko, beharrezkoa da inolako hezetasunik ez egotea. Horren ondorioz, meteorologiak obraren bilakaerari eragiten dio, euriak edo kondentsazioak lan horiek egitea eragozten dutelako. Ildo horretan, azken egunetako meteorologiak obraren programazioa betetzea ahalbidetzen du. Horren helburua da zazpi hilabeteko epean lan guztiak osatzea, urriaren erdialdean egikaritze subsidiarioa hasten denetik zenbatzen hasita. Idatzitako proiektuaren arabera, aurrekontua 2,6 milioi eurokoa da.

Lanak bi fasetan banatu dira: lehenengoa eta kritikoena, orain egiten ari direna, malda handiena duen eta diketik gertuen dagoen eremuan, eta bigarrena zabortegiaren goiko aldean. Aurreikusten da lehen fase horretako instalazio-lanak martxoan zehar bete ahal izango direla.

Oso garrantzitsuak diren beste alderdi batzuk honako hauek dira: soldatutako xaflak ainguratzea haizeak osotasunari eragin ez diezaion, eta zabortegiaren gainazalean hainbat elementu ez egotea, hala nola harriak, adarrak eta abar. Bi beharrizanei erantzuteko, malda bakoitzaren arteko bide horizontaletan, material pikortsu fina jarriko da zigilatzearen gainean. Material hori ez da kaltetuko, eta haren pisuak eutsi egingo dio, haize bortitzen aurrean kaltetu ez dadin.

Era berean, obrako segurtasun-neurrien artean, asteroko obra-bileretan maila freatikoaren jarraipena egiten da isurketa-ontziaren bi puntutan eta lixibiatuaren irteera-emariaren jarraipena, isurketa-ontziak behar bezala drainatzen duela ziurtatzeko.

Azkenik, azpimarratu behar da Eusko Jaurlaritzak modu subsidiarioan egiten dituela lan horiek guztiak. Beraz, jarduketak amaitutakoan, ingurumen-organoak horiek ordaintzeko eskatuko du, eta, hala badagokio, araudiak zorra kobratzeko gaitzen dituen neurriak hartuko ditu, orain arte Zaldibarko zabortegian egindako lanek sortutako gainerako zorrekin egin duen bezala.