Euskadiko upategien parte-hartze handia Barcelona Wine Week 2024 azokan, kalitatezko ardoaren erreferentziazko erakustokian

0

• 48 euskal upategik parte hartu dute Eusko Jaurlaritzak Euskadiko nekazaritzako elikagaien industria sustatzeko bultzatu dituen azoken egutegiko lehenengo hitzorduan.

• Euskal Sagardoako enpresek lehenengoz parte hartu dute jatorri-deituradun edarietan, Arabako Errioxako ardoekin eta txakolinekin batera.

• Aurten ere, Euskadiren espazioak Basque Wine Bar izango du, euskal ardoak arreta pertsonalizatuagoarekin ezagutzera emateko.

Guztira, 39 euskal enpresa ekoizlek parte hartu dute, Eusko Jaurlaritzaren eskutik, HAZIren bitartez, Barcelona Wine Week azokaren laugarren edizioan. Oraingoan, otsailaren 5etik 7ra egin da Bartzelonan. Ekitaldi hori erreferente bihurtu da mahastizaintzako eta ardogintzako sektorerako. Aurten, Euskadiko upategien bertaratzeak marka hautsi du, iaz baino 11 parte-hartzaile gehiago izan baitira. Berritasun gisa, Euskal Sagardoako enpresek lehenengoz parte hartu dute jatorri-deituradun edarietan, Arabako Errioxako ardoekin eta txakolinekin batera. Era berean, beste bederatzi enpresek parte hartu dute ardogintzako lehenengo azoka honetan, Euskadiko stand elkartutik kanpo.

Gaur goizean, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuorde Bittor Orozek eta Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendari Raul Perez Iratxetak Bartzelonara bidaiatu dute euskal upategiei laguntzeko eta Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak egiten duen Euskadiko edarien sustapen eta nazioartekotzearen arloko babesa erakusteko.

Barcelona Wine Week da urteko lehen hitzordua Eusko Jaurlaritzak bultzatzen dituen elikagai eta edarien azoketako egutegian. Eusko Jaurlaritzak Euskadiren nekazaritzako elikagaien industria azoka horietan egotea eta bere produktuak estatuko edo nazioarteko merkatuetan sustatzea bultzatzen du, produktuok saltzeko helmuga izan daitezen.

2024an, Bartzelonako ekitaldi horrez gain, Euskadiko edarien sektoreak nazioarteko azoka hauetan parte hartuko du: Prowein Alemanian, Wine París Frantzian eta Prowine Singapour Asiako merkatuan. Bestalde, euskal nekazaritzako elikagaien industria azoka hauetan izango da: Alimentaria, Gourmets, Seafood, Conxemar, Cibus Parma (Italia) edo Sial París (Frantzia).

Euskadiko kalitatezko ardoak BWWn

Egunotan Barcelona Wine Week azokan ikusgai izango diren 39 euskal enpresak hiru standetan banatu dira: Arabako Errioxa, Rioja jatorri-deiturako 21 upategirekin; Euskadiko Txakolinaren standa, jatorri-deiturako txakolinekin ( Getariako 9,  Arabako 3 eta  Bizkaiko 2), eta lehenengoz, Euskal Sagardoaren standa, 4 upategiren ordezkaritzarekin.

Gainera, aurten, Euskadiren espazioan Basque Wine Bar gunea izango da berriro, Basque Wine sustapen-markaren babeseko ardoak dastatzeko eremua. Jende asko ibili izan ohi da bertan, eta arreta pertsonalizatua eta berariazkoa ematen denez, ardoei banaka ematen zaie balioa.

Mikel Garaizabal enologoak ematen ditu dastatzeko, berak ezagutarazten ditu eta aholkuak ematen dizkie gune horretan ikusgai dauden ardoetakoren bati buruzko interesa duten pertsonei; izan ere, upategi ekoizlea dagoen standera gonbidatzen dira.

Barcelona Wine Week, ardoaren erreferentziazko erakustokia

Barcelona Wine Week azokak, edizio honetan, 73 jatorri-deituratako 952 upategi bildu ditu, eta 20.000 bisitari profesional bertaratzea espero da.

Halaber, ardoa esportatzeko herrialde estrategikoetako 650 erosle eta inportatzailek baino gehiagok parte hartzen dute, hala nola Ameriketako Estatu Batuek, Erresuma Batuak, Alemaniak, Kanadak, Herbehereek edo Txinak. Herrialde horiek  azokako “Hosted Buyers” programaren bidez gonbidatu dira, ICEXekin lankidetzan.

Barcelona Wine Week programak, gainera, 70 hitzaldi eta dastaketatik gora hartuko ditu, eta 160 adituk baino gehiagok aztertuko dituzte ekonomiarako sektore gako baten berehalako erronkak.

Euskal upategi erakusketariak BWW 2024an

Honako hauek dira Bartzelonan Eusko Jaurlaritzaren babesarekin parte hartu duten 39 upeltegiak:

Arabako Errioxa

Altún
Bodega 202
Bodega Bello Berganzo
Bodegas Fos
Bodegas Las Orcas
Bodegas Loli Casado
Bodegas Tierra
Bodegas Valdelana
Bodegas y Viñedos Casado Morales
El Sacramento
Familia Chavarri
Garcia de Olano
Hermanos Frías del Val Bodegas y Viñedos
Luberri Monje Amestoy
Ostatu
Oxer Wines
Señorío de Arana
Ukan
Valdemar Family
Viña Bujanda
Viñedos y Bodegas de La Marquesa – Valserrano

Getariako Txakolina

Aitaren
Arbela
Bodega K5
Gaintza Txakolina
Hika Bodega
Talai Berri Txakolina
Txakoli Agerre
Txakoli Ameztoi
Txomin Etxaniz

Arabako Txakolina

Artomaña Txakolina
Astobiza
Txakoli Garate

Bizkaiko Txakolina

Bodega Berroja
Bodegas Virgen de Lorea

Euskal Sagardoa

Petritegi
Saizar
Sidras Bereziartua Sagardoa
Zapiain