Jaurlaritzaren Kontseiluak EAE-ko emakumeen eta gizonen egoerari buruzko 2022ko zifren Txostena onartu du

0

Gobernu Kontseiluak «EAEko emakumeen eta gizonen egoerari buruzko zifrak, 2022» txostena onartu du gaur. Emakundek egindako dokumentu horrek emakumeek eta gizonek gizartean, ekonomian eta politikan duten egoeraren bilakaera ikusteko aukera ematen du. Txostenaren helburua da administrazio publikoei genero-desberdintasunei eta horien bilakaerari buruzko datuak ematea, politika publikoen oinarri diren diagnostiko zehatzak lortzeko. Dokumentuak zifra demografikoak, ekonomikoak, lan-merkatukoak edo emakumeen aurkako indarkeriakoak biltzen ditu. Informazio-iturri nagusia Euskal Estatistika Erakundea (EUSTAT) da.

Emakumeak EAEko biztanleriaren gehiengoa izaten jarraitzen dute, zehazki, % 51,5 dira. Hezkuntzari dagokionez, Lanbide Heziketan % 35 emakumeak dira, eta unibertsitate-ikasleak, berriz, euskal unibertsitateetan matrikulatutako ikasleen % 54 baino zertxobait gehiago.

Lan-merkatuan, gizonen eta emakumeen arteko okupazio-tasaren aldeak behera egiten du, nahiz eta gizonen aldeko 8,4 puntuko aldea dagoen oraindik.

Eta kontziliazio-neurriei dagokienez, beheranzko joera ikusten da dagoen genero-arrailean. Txostenak familia-zaintzagatiko eszedentzien bilakaera erakusten du, sexuaren eta zaintza motaren arabera. Horrek adierazten du azken urteetan murriztu egin direla emakumeek eskatutako eszedentziak, bai kopuruan, bai ehunekoan, eta igo egin direla gizonek eskatutakoak.

Joera hori argien ikusi da familia eta lana bateragarri egiteko laguntzei buruzko urriaren 22ko 164/2019 Dekretua indarrean sartzearekin batera. 2019an seme-alabak zaintzeko eszedentzien % 90 emakumeek eskatzen zuten, baina 2021ean ehuneko hori % 69,5era jaitsi da.

Emakumeen batez besteko errenta pertsonala gizonena baino txikiagoa da; zehazki, 2020an aldea 9.755 eurokoa izan zen. Emakumeen % 17,9k ez zuen inolako errentarik izan; gizonen kasuan, berriz, ehuneko hori % 11ra jaisten da.

Eta emakumeen aurkako indarkeriari dagokionez, genero-indarkeria jasaten duten emakumeen % 71k bikotekidearengandik edo bikotekide ohiarengandik jasaten dute, eta % 20k familiako beste pertsona batengandik. Adin, jatorri eta egoera ekonomiko eta sozial guztietako emakumeek jasaten dute indarkeria. Eta 340 pertsona gehiagok jo du SATEVIra (emakumeen aurkako indarkeriarako telefono bidezko arreta espezializatuko zerbitzua).

Gobernu Kontseiluak, gainera, botere publikoen 2021eko jarduera-Memoria onartu du, Emakundek ere egiten duena, botere publikoek berdintasunaren arloan egiten duten lanaren jarraipena egiteko. Txosten horretan nabarmentzen denez, berdintasunerako plangintzek ezarpen-maila oso altua dute, eta 107 plan instituzional erregistratzen dira autonomia erkidego, foru eta udal mailan. Gainera, 35.000 pertsonak baino gehiagok parte hartu dute erakundeek berdintasunaren arloan antolatutako prestakuntza-ekintzetan.