Lehendakariak hasiera eman dio Nazio Batuen Agentzietako zuzendariek egunotan Bilboko Local 2030 Idazkaritzaren egoitzan egiten ari diren topaketari

0

Gaurtik hasita eta datorren ostiralera arte, Local 2030 Koalizioko kide diren Nazio Batuen Agentzien, Erakundeen eta Programen zuzendarien eta arduradunen topaketa egingo da Bilboko Local 2030 Idazkaritzaren egoitzan. NBE Habitat Local 2030 Koalizioaren Idazkaritzaren Zuzendaritza bere gain hartzen duen agentziak deitu ditu lan-jardunaldi hauek.

Ezaugarri horiek dituen lehen bilera da, eta, besteak beste, NBE Habitat, FAO, PNUD, UNICEF, OME, OIM eta ECLAC erakundeetako zuzendariak eta arduradunak biltzen ditu. Michal Mlynár, NBE Habitateko Zuzendari Exekutiboa da bileraren burua.

Arratsaldeko lehen orduan, Iñigo Urkullu Renteria Lehendakaria buru izan duen jardunaldien lehen saioa egin da. Halaber, Espainiako Gobernuaren izenean, Eva Granados Nazioarteko Lankidetzarako Estatu Idazkariak eta Maria Rosa Martínez Eskubide Sozialen Estatu Idazkariak parte hartu dute; Bilboko Udalaren izenean, Amaia Arregi lehen alkateordeak; eta BBK Fundazioaren izenean, Xabier Sagredo presidenteak.

Lehendakariak interes handiz hartu du topaketa hau Euskadin eta Bilboko Local 2030 Idazkaritzaren egoitza honetan egitea. «Bereziki interesatzen zaigu hemen biltzen dituen helburua: GJHen lokalizazioa. Local 2030 Koalizioaren egoitza honetako gizarte eta erakunde anfitrioi gisa, lokalizazioaren plangintza estrategikoan sakontzera animatzen zaituztegu, mundu osoko GJHen azeleragailu gisa».

Adierazi duenez, Local 2030 Koalizioaren lehentasunak bultzatzeko, haren eragina handitzeko eta Bilboko egoitzatik egingo diren lanen proiekzioan laguntzeko borondatea dago Euskadin.

Lehen hitzetan, Lehendakariak eskerrak eman nahi izan dizkie Espainiako Gobernuari, Bilboko Udalari eta BBK Fundazioari Local 2030 Idazkaritzaren egoitza hori bultzatzeko egindako aliantzagatik. «Bi urtez –azpimarratu du– elkarrekin lan egin dugu, arintasunez, borondate onez eta akordiorako prest ulertu dugu elkar. Ona da balioestea, aitortzea eta eskertzea. Berez ona da, baina baita Local 2030 Koalizioaren egoitza global honen etorkizunerako ordezkatzen duenagatik ere».

Bere hitzaldian hiru gogoeta egin ditu. Lehenik eta behin, «Now 2030 Basque Country. GJHen lokalizaziorako euskal konpromisoaren eredua» dokumentua aurkeztu du. Ekarpen hori 2030 Agendaren inguruko euskal esperientziatik sortu da, eta «konpromiso hirukoitz batean oinarritutako eredua» eskaintzen du: «instituzionalizazio handiagoa, sozializazio handiagoa eta pertsonalizazio handiagoa». Lehendakariak bere esanahia azaldu du.

Instituzionalizazio gehiago «instituzioen eta erakundeen ikuspegitik, GJHen garapen exekutiborako konpromisoa hartuko duten azpiegiturak antolatzea dakar: zuzendaritza-organoak, plangintza-dokumentuak, adierazleen eta ebaluazioen sistema, maila anitzeko gobernantza-organoak…».

Sozializazio gehiago gizarteak GJHak ez ezagutzea aitortzea esan nahi du. «2030 Agendaren dibulgazioa eta gizarte-eragileen inplikazioa sustatzeko baliabideak eta ahaleginak inbertitzeari lehentasuna ematea. GJHek masa kritiko soziala behar dute».

Pertsonalizazio gehiago, 2030 Agendari «gure eguneroko bizitzari eta bizimoduari eragiten dion dimentsio pertsonala ematea dakar, bai maila indibidualean, bai familiarrean edo pribatuan. GJHak kontratu sozial berri bat dira, atxikipen pertsonalizatua eskatzen duena».

Iñigo Urkulluk eskainitako bigarren hausnarketaren ardatza tokiko eta eskualdeko gobernuen zeregina izan da, GJHak betetzearekin lotutako eskumenen % 70 baitute. «Funtsezkoa da estatuz azpiko gobernuek GJHen gobernantza globalean zeregin garrantzitsuagoa izan dezaten sustatzea. Itxaropena dugu Local 2030 Koalizioak 2030 Agendarekiko konpromisoaren dimentsio hau proiektatzen lagunduko duela».

Hirugarren hausnarketa bakearen ingurukoa izan da. Lehendakariak azpimarratu duenez, «ezinbestekoa da 2030 Agenda aginte-erreferentzia izatea gerraren aurrean eta bakearen alde».

Gogorarazi duenez, 2024aren hasieran gerra egoerak jarraitzen du Ukrainan eta Gazan. Ez dira gerra-agertoki bakarrak: Yemen, Irak, Siria, Afganistan, Birmania, Hego Sudan, Etiopia, Somalia, Sahel, Kongoko Errepublika Demokratikoa… «gerraren bidegabekeriaren zerrenda osatzen duten izenetako batzuk dira».

Proposamen gisa, honako hau adierazi du: «gerrak eta horrek munduan dituen ondorioek gero eta presentzia handiagoa dute, eta horrek 16. GJHren edukiari eta proiekzio eguneratuari buruzko nazioarteko hausnarketa ekarri beharko luke berekin: gizarte bidezkoak, baketsuak eta inklusiboak sustatzea. Bakearen GJHa. Ezinbestekoa da 2030 Agenda aginte-erreferentzia izatea gerraren aurrean eta bakearen alde».

Lehendakariak hitz horrekin, bakearekin, amaitu nahi izan du bere hitzaldia. «Anakronikoa eta paradoxikoa badirudi ere –deitoratu du–, 2024an berriro ere bakearen alde lan egiteko irrika, premia eta lehentasuna da».

2024ko otsailaren 6a