Enplegu Politika Publikoen Kontseilua Euskadin dauden baliabide guztiak antolatuko dituen mapa bat egiteko erronkarekin eratu da

0

Fernando Fantova Enplegu eta Inklusio Politiken Ebaluazio Organoaren arduradun izendatzea eta Antonio Igea ordezko izendatzea onartu du

Lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburu Idoia Mendia buru izan da gaur, asteazkena, Enplegu Politika Publikoen Euskal Kontseilua eratzeko prozesuan. Kontseilu hori gobernantzarako lehen tresna da, joan den abenduan Enplegu Legea onartu zenetik sortu dena, eta Euskadin arlo horretan dauden baliabide guztiak koordinatzeko mapa bat egitea du helburu.

Kontseiluak hamabi ordezkari instituzional ditu, eta horietatik sei Eusko Jaurlaritzaren izenean daude, bat aldundi bakoitzeko, eta beste hiru Eudel-euskal Udalen Elkarteak izendatutakoak, tamaina desberdineko udalak ordezkatzen dituztenak.

Hala, Lehendakariordearekin batera, honako hauek izan dira: Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburu Arantza Tapia; Hezkuntzako sailburu Jokin Bildarratz; Lanbideko Enplegu Zerbitzu Publikoko zuzendari Francisco Pedraza; eta Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuorde Elena Pérez Barredo eta Enplegu eta Gizarteratzeko sailburuorde Alfonso Gurpegui. Aldundien ordezkari gisa, Cristina González Arabako Enplegu, Merkataritza, Turismo eta Foru Administrazioko foru diputatua, Teresa Laespada Bizkaiko Enplegu, Gizarte Kohesio eta Berdintasuneko foru diputatua eta Irune Berasaluze Gipuzkoako Gobernantzako foru diputatua izan dira. Udalerrien ordezkari: Xabier Ochandiano, Bilboko zinegotzia; Nerea Bengoa, Legutioko alkatea; eta Iker Urkiza, Durangoko zinegotzia.

Kontseiluak Lanbideren, beste toki-administrazio publiko batzuen eta orientazioaren, bitartekaritzaren eta prestakuntzaren arloko erakunde pribatu laguntzaileen arteko lankidetza-eredua definitzeko lanaren lehen hurbilketa egin du, bai eta euskal enplegu-sarearen egungo egoeraren maparen lehen hurbilketa ere. Txosten hori Enpleguaren Euskal Sarearen Mapa egiteko oinarria izango da, operadore guztien arteko jarduketak koordinatu ahal izateko, Enpleguaren Legeak aurreikusten dituen zerbitzu pertsonalizatuak eraginkortasun eta lurralde-oreka handiagoz eman ahal izateko.

Gainera, lehen bileran, Kontseiluak ontzat eman du Fernando Fantova Azcoaga Enplegu eta Inklusio Politiken Ebaluazio Organo berriaren titular izendatzea, eta Antonio Igea Sesma ordezko izendatzea. Bi kasuetan, Organo honen jardun-eremuan ezagutza eta esperientzia izateagatik egokiak direla hartu da kontuan.