Ideable, industria-, enpresa- eta gizarte-ekosistema eraldatzeko teknologia

0
PRUEBA

Big Data, Machine Learning edo Adimen Artifiziala. Teknologia horiekin lan egiten du Ideablek eraldaketa digitaleko prozesuak aurrera eramateko eta, horrela, aldaketetara egokitzeko gai diren enpresa eta erakunde lehiakorrak sortzeko. Barakaldoko enpresak 10 urte baino gehiago daramatza negozioak eta gizartea teknologiaren bidez bultzatzeko konpromisoa hartuta, eta horretarako garrantzitsuena, Iñaki Bartolome CEOaren arabera, “erakundea prozesu hau hasteko beharraz konbentzituta egotea da”. 

“Horrelako prozesu batean sartzea bitarteko profiletatik edo berrikuntzako arduradun batetik soilik sortzen bada, baina gerentzia hasieratik konprometituta ez badago eta prozesu horretan parte hartzen ez badu, ahaleginean geratuko da. Eta, jakina, enpresaren balio-kate osoan esku hartzen duten profil guztiak inplikatzea ezinbestekoa da. Denek dute zerbait esateko eta parte izan behar dute prozesua barneratzeko eta arrakasta ziurtatzeko “, azaldu du Bartolomek. 

Begirada horren pean, azken urteotan, besteak beste, Ulma, Nortunel, Osakidetza, RTVE eta Eusko Jaurlaritzarentzat lan egin du, eta azken bi urteetan fakturazioa bikoiztea lortu du. “Guretzat, SMC Europeren kasua adibide zoragarria da“, azpimarratu du konpainiako CEOak. “Bilaketak optimizatzeko garapen txiki baterako sartu ginen eta ia zazpi urte daramatzagu haiekin. Gaur egun, talde egonkor bat dugu iterazio-modalitateko proiektuak gauzatzeko eta unean uneko eskaerei erantzuteko. Gainera, aldi berean software eta cloud arkitektura-lanak egiten ditugu hornitzaile guztiei zeharka eragiten dieten alderdietan”, gehitu du. 

Eskala txikiagoan, baina inpaktu handiarekin, Nutec Procalen kasua dago: “prozesu jakin bat digitalizatzeko eta neurtzeko laguntza eskatu ziguten, eta gaur egun produkzioaren ia fase guztietan esku hartzen dugu, eraginkortasunean, produktibitatean, fakturazioan eta errentagarritasunean eragin handia izanik. Izan ere, eraldaketa digitala hasten denean, kalitatearekin gertatzen den bezala, prozesu hori ez da inoiz amaitzen“, esan du Bartolomek. 

Erakundeei bide horretan laguntzeko eta arrakastara eramateko, abangoardia teknologikoari eustea da Ideableren lehentasunetako bat. Hala azaldu du CEOak: “Bulego tekniko bat dugu, proiektu eta bezero guztiei eragiten dien zeharkako lana egiten duena. Talde hori konponbideak optimizatzearen edo zailtasun handiko erronka teknikoen bila dabil beti. Etengabeko zaintza teknologikoa egiten du, eta, ondoren, side projects eta barne-hitzaldietan islatzen du, erakundean probatzeko eta ezagutarazteko. Horrela, talde teknikoak eta komertzialak gai dira beren garapenetan aplikatzeko eta bezeroei eskaintzeko”. 

Gaur egun, adibidez, konpainia AA sortzailean murgilduta dago. Horren bidez, barne-informazio asko duen erakunde batek datu horietara heltzeko irisgarritasuna erraztu ahal izango luke ChatGPT motako elkarrizketa-txaten bidez; edo bezeroei bilaketa semantikoak eskaini ahal izango lizkieke beren katalogoetan erreferentziak aurkitzeko. “Bilaketa adimendunen eremuan hobetzeko tarte handia dago erakundeentzat, eta horixe da gehien lantzen ari garen eremuetako bat”, dio Bartolomek.  

Gizartea eraldatzeko teknologia

Hasiera-hasieratik, Barakaldoko konpainiak argi zuen bezeroei gizarte-itzulkina eskaini nahi ziela. Horren erakusgarri dira Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialarekin, Agintzari, Agipad, Bizitegi, Lagungo eta beste erakunde batzuekin egindako lan ugariak. Esperientzia horren ondorioz, eta familia-inguruabar pertsonalekin batera, Kwido sortu zen, adinekoak zaintzeko gailu anitzeko plataforma. 

Machine Learning eta Adimen Artifiziala erabiltzen ditugu zaintza-zerbitzuak diseinatzeko, batez ere telelaguntza aurreratuaren eta prediktiboaren bidez: bideo-deiak, estimulazio kognitiboa, sentsoreen bidezko monitorizazioa, telemedikuntza, balorazio geriatrikoa, etab.”, azaldu du Iñaki Bartolomek. Euskadin, adibidez, lehen etxeIKT zentroa teknologia horretan oinarritzen da, eta “urteak daramatza etxean 300 pertsona baino gehiago zaintzen. Era berean, BetiONen erabiltzen den estimulazio kognitiboa eskaintzen dugu, eta IMQ Igurcorekin elkarlanean aritzen gara etxeko zaintzarako IgurTEK zerbitzu berritzailean”, nabarmendu du. Euskadin ez ezik, Espainian, Italian, Panaman, Puerto Ricon, Polonian eta baita herrialde arabiarretan ere eskaintzen dute beren teknologia. 

Duela gutxi, Kwido aukeratu dute Madrilgo Erkidegoko Historia Sozial Bakarraren eta Telelaguntza Aurreratuaren proiektuaren konponbide tekniko gisa. Proiektu horretan, partzuergoan parte hartzen dute herrialdeko zenbait aholkularitza teknologiko garrantzitsurekin batera, eta bertan lanean ari dira beren teknologiak ia 50.000 pertsona hobeto zaintzeko aukera eman dezan. 

SPRI Taldeak aukera ematen die euskal enpresei haien jardueraren berri emateko bere informazio-kanaletan. Zure proiektua gure gaiekin lotuta badago (I+G+b, digitalizazioa, internazionalizazioa, ekintzailetza, berrikuntza…), Zutaz mintzo gara ekimenean parte har dezakezu.