Iñigo Urkulluk: “Euskadik bere etorkizuna ziurtatuko du lankidetzaren bidetik, horrela lortu dugu azken 15 urteetako langabezia tasarik baxuena”

0
PRUEBA

Gazteak presente izanik, Lehendakariak ezinbestekotzat jo du, enplegu aukera berriak eta kalitatezko enpleguak sortzen eta lan baldintzak hobetzen jarraitzea.

Iñigo Urkullu Lehendakariak LORTEK zentro teknologikoa bisitatu du gaur goizean Ordizian, Arantxa Tapia, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarekin batera. Bisitan, Lehendakariak,  lehen eskutik ezagutu ahal izan ditu kooperatibaren historia, bilakaera eta zentroko instalakuntzak.

Urkulluk egungo testuinguruari erreferentzia eginez hasi du bere hitzaldia, aldaketa ugari eta azkarrak eta etengabeko krisi eta nazioarteko gatazkak medio, segurtasun eza eta ziurgabetasuna nagusi direla aitortu du. Dena den lasaitasun mezua ere helarazi du, Euskadi eta bere industria aldaketa horietara egokitzen ari delako. “Hala ere, -jarraitu du- mundu lehiakor honek ez digu atsedenerako aukerarik ematen, etengabe egon behar dugu eta egon beharko dugu bikaintasunaren bila”. Ildo horretatik, Lehendakariak balioan jarri du industria dibertsifikatuaren eta lidergo eta lehiakortasuna bilatzen duten enpresen alde aspaldidanik egindako apustu irmoa. “Orain emaitzak ikusten ditugu” azpimarratu du; “kooperatiben edo ekimen pribatuaren arrakasta gizarte osoaren arrakasta da eta geroz eta lehen mailako enpresa gehiago izan, orduan eta errazagoa izango zaigu gure bizi kalitatea bermatzen jarraitzea” esan du.

Zentzu horretan, LORTEKek egiten duen lana aitortu du, “ezagutza sortzen duzue, gure industria-ehunera transferituz, helburu argi batekin: lehiakortasuna eta jasangarritasuna hobetzea. Irtenbide berritzaileen garapenean aitzindari izan nahi duzue, teknologiaren eskutik, trantsizio digital eta energetiko klimatikoa bezalako erronkei erantzuteko, lankidetzaren bidetik” esan du Urkulluk eta indibidualismoaren aurrean, lankidetzaren aldeko apustua egin du: “Euskadik bere etorkizuna ziurtatuko du elkarrekin lan eginez, lankidetzaren bidetik, horrela lortu dugu azken 15 urteetako langabezia tasarik baxuena” adierazi du Lehendakariak.

Lehendakariak gazteak ere izan ditu presente bere hitzaldian “enplegu aukera gehiago eta kalitate handiagokoak sortzen jarraitu behar dugu, gazteria oso presente izanik, gure eguneroko erronka da guztion lan baldintzak hobetzen jarraitzea: soldata onak, kontziliaziorako aukerak eta lanpostuetan formakuntza” baieztatu du.