Morbimortalitatea murriztea eta bizi-itxaropena hobetzea dira iktusa duten pazienteen arreta-planaren helburuak

0

Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburu Gotzone Sagarduik, Mikel Sánchez Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko zuzendariarekin batera, iktusa duten pazienteen arreta-plana aurkeztu du gaur Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordean. Plan horren helburua da emakumeen artean heriotza-kausa nagusia den eta biztanleriaren osotasunean desgaitasunaren kausa nagusia den gaixotasunari hobeto aurre egitea. Zenbatesten da Euskadin urtean 3.400 kasu izaten direla eta 1.400 heriotza eta 5.000 ospitaleratze eragiten dituztela.

Zehazki, planaren lehentasunezko helburuak dira iktusa duten pazienteen morbimortalitatea murriztea eta haien bizi-itxaropena hobetzea. Horretarako, Osakidetzako asistentzia-sareak dituen baliabide guztiak integratzeko eta koordinatzeko protokoloa ezartzen du, sintomatologiaren identifikazio goiztiarra optimiza dadin, osasun-erantzuna azkarragoa izan dadin eta iktusaren eraginpean dauden pertsonentzako asistentzia optimiza dadin. Protokolo hori prestatzeko prozesuan parte hartu dute Larrialdietan, Lehen Mailako Arretan, Neurologian, Neurokirurgian, Erizaintzan, Erradiologian, Anestesian eta Zainketa Intentsiboetan adituak diren profesionalek.

Osasuneko sailburuak aditzera eman duenez, Euskadik urteak daramatza iktusa duten pertsonen arretan eta tratamenduan lan egiten, baita iktusaren ondoriozko konplikazioetan ere. Edonola ere, plan hori haratago doa, euskal osasun-sistema publikoaren baliabide horiek guztiak arinago eta eraginkorrago integratzeko eta koordinatzeko jarraibideak zehazten baititu, erantzunaren eraginkortasuna eta ekitatea hobetze aldera.

Horrekin batera, Gotzone Sagarduik nabarmendu du garrantzi handikoa dela nork bere osasuna zaintzeko zeregina, eta gogorarazi du 10 iktusetik 8 inguru saihestu daitezkeela, eta elikadura ona eta jarduera fisikoa ezinbestekoak direla iktusa ez ezik beste gaixotasun batzuk ere saihesteko.

IKTUS KODEAREN EUSKAL SAREA, IKTUS KODEA

Euskadin, iktusa duten pazienteen arretarako jarritako baliabideak Iktus Kodearen Euskal Sarean, Iktus Kodean, antolatzen dira, eta baliabide horiek euskal osasun-sistema publikoak artatzen duen biztanleriaren estaldura ziurtatzen dute.

Gaixotasun zerebrobaskularraren efektuak murrizteko edo saihesteko jarduketak fase akutuko tratamenduarekin hasten dira. Horren helburuak dira gaixoaren biziraupena zaintzea, oraindik kalte itzulezinik ez duten neuronen osotasuna zaintzea eta gerta daitezkeen konplikazioak prebenitzea edo konpontzea. Arreta prozesuari hasiera ematen zaio larrialdi neurologikoa onartzearekin, sintomak arinak edo iragankorrak izanik ere. Iktus iskemikoan (garunean odol-fluxua etetea) bereziki kritikoa da denbora, leiho terapeutikoa oso laburra izan baitaiteke; hori dela eta, lehen orduetan behar bezala jardutea funtsezkoa da garuneko ehuna salbatu dadin.

Fase akutuaren osteko faseko arretan prebentzioaren, errehabilitazioaren eta gizarteratzearen alderdiak jorratzen dira. Iktus errepikarien kasuan, heriotza-tasa % 70 handitzen da eta mendekotasun funtzionala % 40. Hori dela eta, funtsezkoa da arrisku baskularreko faktoreen kontrolaren bidez prebenitzea, iktusa errepika ez dadin. Errehabilitazioak sortu den defizita minimizatzen eta kasuan-kasuan ahalik eta gaitasun funtzionalik handiena lortzen saiatzen da.

Planak helduen iktusaren tratamenduari ez ezik, iktus pediatrikoari (14 urtetik beherakoa) ere heltzen dio, horren diagnostikoa egiteak eta hari ekiteak duen konplexutasunaren eta berezitasunaren ondorioz.