Egoitza Judizial Elektronikoa herritarren eskura, parte interesatua den prozesu judizialetan sartu eta parte hartu ahal izateko

0

Egoitza Judizial Elektronikoa Avantius eta PSP-Euskadi kudeaketa prozesaleko sistemaren bidez euskal herritarrengana iritsi da. Plataforma hori profesionalen eta pertsona juridikoen esku dago, Justizia Administrazioarekin elkarreragiteko. Horrela, partikular orok alderdi gisa erregistratuta dagoen prozesu judizialetan sartu eta esku hartu ahal izango du. Sarrera urtarrilaren 29tik dago martxan.

Avantius-Euskadi da espediente judizial elektronikoen kudeaketa integrala ahalbidetzen duen sistema bakarra Estatu osoan. Horrela, organo judizialek, fiskalek, profesionalek, administrazioek eta erakunde publikoek, pertsona juridikoek eta, orain, herritarrek prozesu judizialean sartu eta esku har dezakete; hori guztia, behar bezalako segurtasun prozesal eta digitalarekin, espediente judizial bakar baten barruan. Eta hori guztia denbora errealean.

“Egitate bereizgarri horrek aukera ematen dio Euskal Autonomia Erkidegoari Justiziaren 2030erako helburuak betetzeko, Justizia eskuragarriagoa emanez, denbora errealean eskuratzeko; arinagoa, erabat digitalizatutako komunikazioekin; iraunkorragoa, paperaren eta haren garraio fisikoaren erabilera murrizten baita, eta eraginkorragoa, prozesu judizialak azkartu egiten baitira interesdunek informazioa eskuratzeko kostua murriztuz”, azaldu du Javier Landetak, Eusko Jaurlaritzako Justizia Digitalaren eta Azpiegituren zuzendariak.

Hala, Euskadi, Avantius (Nafarroa, Aragoi eta Kantabria) gainerako erkidegoekin batera, Estatuko digitalizazio judizialaren prozesuaren buru da, eta herritarrei espediente judizial elektroniko osoa eskaintzen die. Horretarako, online alta kudeatu behar da ziurtagiri elektronikoaren bidez.

Izapide hori formalizatu ondoren, interesdunak parte gisa erregistratuta dauden espediente judizial elektronikoetako datuak eskuratu ahal izango ditu, sumarioko sekretupean daudenak izan ezik. Espediente bakoitzaren datuak ere kontsultatu ahal izango dira: zenbakia, urtea, prozedura mota, hasiera data, egoera, organo tramitatzailea eta identifikazio orokorreko zenbakia. Halaber, legeak herritarrei ahalmen hori ematen dien espediente-motetan idatziak (hasierakoak eta izapideetakoak) aurkezteko aukera izango du.

Egoitza Judizial Elektronikoaren bidez, halaber, organo judizialen jakinarazpen telematikoak jasoko dira (ordezkaririk ez badago), legeak herritarrei beren burua ordezkatzeko aukera ematen dien espediente-motetan.

Egoitza Judizial Elektronikoaren bidez sartuko da:

https://egoitza.justizia.eus/psp-euskadi-es/webjus01-contentgen/es/