Lan eta Enplegu Sailak Juan de los Toyos saria sortu du, lan duina sustatzen dutenak saritzeko

0

Agirre Lehendakariaren gobernuan 1937an Euskadiko lehen Lan sailburua izan zenaren izena darama sariak

Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Sailak Juan de los Toyos saria sortu du, edozein lan, lanbide edo ofizio motatan ereduzko jokabidea izan duten pertsonak, kolektiboak edo erakundeak publikoki aintzatesteko eta saritzeko, bai eta lan duina eta berdintasuneko baldintzetan sustatzen nabarmen lagundu dutenak ere, jarduera ekonomiko lehiakorra, jasangarria eta arduratsua eta enpresa-proiektuak garatzeko eta langileen lan-baldintzak hobetzeko lan-harreman egokiak ahalbidetzeko.

Idoia Mendia Lehendakariordeak zuzentzen duen arloak sari hau bultzatzea erabaki du, 1937an Jose Antonio Agirre Lehendakaria buru izan zuen gobernuan Euskadiko lehen Lan sailburu izan zenaren izenarekin. Juan de los Toyos Lehen Eusko Jaurlaritzako Lan, Aurreikuspen eta Komunikazio sailburu izendatu zuten, eta kargu horretan jarri zituen abian Langileak Enplegatzeko Bulegoak; Lan Kontseilua, sindikatuak eta patronalak Eusko Jaurlaritzarekin elkartzeko eta parte hartzeko organoa, eta langileentzako nahitaezko langabezia-subsidio bat, enpresek (AHV, Basconia eta Echevarría) lan egiteko ikatzik edo elektrizitaterik ez zutenean. Gainera, gizarte-aseguruei buruzko gaiez, gerra-pentsioen antolaketaz eta Euskal Autonomia Erkidegoko Lan Istripuen Kutxaren sorreraren azterketaz arduratu zen. Mexikon hil zen 1965ean.

Horrela, lan-baldintzak babesteko eta elkarrizketa sozialerako egiturak jarri ziren abian, gaur egun lan- eta enplegu-politika publikoen parte direnak, eta Gizarte Eskubideen Europako Zutabeak eta gainerako arau estatalek eta autonomikoek berariaz adierazten dituztenak, bereziki joan den abenduan Eusko Legebiltzarrak onartutako Enplegu Legeak.

«Sari honetan memoria historikoa eta enpleguaren arloko duintasuna batu nahi ditugu, uste demokratiko sendoak dituen gizarte baten funtsezko bi elementu gisa, eta langileen eskubideekiko eta gizarte-kohesioarekiko berariazko konpromiso gisa, baterako aurrerapenaren oinarri gisa, hilabete honetan sinatutako Enpleguaren aldeko Itun Sozialean ere jasotzen dena. Eta arau eta akordioekin batera, gauzak ondo egiten dituztenak ikusarazi nahi ditugu «, azaldu du Elena Pérez Barredo Laneko sailburuordeak.

Hautagaitzak

Orain izapidetzen hasiko den dekretuaren arabera, Juan de los Toyos saria eskuratu ahal izango dute, beren jarduera eta ibilbidearen bidez, gure gizartean lanaren kultura, duintasuna, berdintasuna eta lanaren kalitatea sustatzen nabarmen laguntzen edo lagundu duten pertsona fisiko edo juridikoek, publiko zein pribatuek, jarduera ekonomiko lehiakor, jasangarri eta arduratsu baterako ezinbesteko elementu gisa, edo aberastasuna sortzeko eta langileen lan-baldintzak hobetzeko lan-harremanak sustatu dutenek.

Epaimahaiak lanaren arloan ospe handia duten pertsonak izango ditu kide, eta egindako lanaren inplikazio luzea eta kalitatea baloratuko ditu. Horretarako, honako hauek hartuko ditu kontuan: lanaren dedikazioa, ahalegina eta ekarpen soziala; euskal gizartean eta nazioartean duen garrantzia eta eragina; lan-eredu bidezkoagoen eta berdintasunezkoagoen alde eta laneko diskriminazioaren aurka egindako ekarpena; lan-ingurune inklusiboak sendotzen laguntzea; lan-baldintzak eta lan-ingurune seguru eta osasuntsuak finkatzen laguntzea; eta ibilbide profesionala, pertsona edo erakunde hautagaiaren jokabide zibikoa, Konstituzioaren eta Estatutuaren balio, printzipio eta eskubideekin bat etorriz. Berariaz, ezingo zaie saria eman, zuzenean edo zeharka, giza eskubideak, eta bereziki lan- eta gizarte-eskubideak, babesteko printzipio gidariekin eta balio demokratikoekin argi eta garbi bateraezinak diren ekintzak egin edo jokabideak izan dituzten pertsonei.

Argazkia: Pablo Iglesias Fundazioa