Nerea Melgosa Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak Migratzaileak Hartzeko Euskal Eredua proposatu du “Integrazioa eta gizarte inklusiboak” gaiari buruzko Europako Ministro Konferentzian, Europar Batasuneko beste puntu batzuetan egokitu daitekeen jardunbide egokien adibide gisa.
Atzo, osteguna, ezkero, Bruselatik gertu dagoen Mechelen herri flandriarrean, “Immigranteen integrazioari buruzko goi mailako foro politikoa” eta “Immigranteen integrazioari buruzko Ministro Konferentzia” egiten ari dira Lamot Kongresu Zentroan. Flandriako Gobernuak bi ekitaldiak antolatu ditu Belgikak Europar Batasunean duen presidentetzaren esparruan, migratzaileak Europako gizartean integratzearen garrantzia azpimarratzeko, baita Europako estatu kideetan dauden politikak eta haien jardunbide egokiak ere.
Gaurko, ostirala, topaketan, Integraziorako eta Inklusiorako 2021-2027 Ekintza Planaren epe ertaineko aurrerapenak azpimarratu dira, Migrazioetarako Nazioarteko Erakundeko zuzendari nagusiaren eta Danimarkako, Portugalgo, Kanadako, Europako Kontseiluko, Herbehereetako eta Europako autonomia-erkidego eta eskualdeetako —parte-hartzearekin horien artean Euskal Autonomia Erkidegoko— ministerio-arduradunen.
Jardunbide egokiak
Nerea Melgosa sailburuak azaldu egin ditu “iritsi berrientzako integrazio-politiken etorkizunari buruzko ekarpenak”, eta eztabaidatu egin du “Integrazioa eta gizarte inklusiboak: nola eraiki gizarte inklusiboak” gaiaren inguruan honako hauekin: Ugochi Daniels, Migrazioen Nazioarteko Erakundeko Operazioen zuzendari nagusiaren ondokoa; Kaare Dybvad Bek, Danimarkako Immigrazio eta Integrazioko ministroa; Ana Catarina Mendes, Portugalgo Parlamentuko Gaietarako ministrordea; Catherine Scott, Kanadako Immigrazioa, Errefuxiatuak eta Herritarrak Finkatzeko eta Integratzeko ministrorde albokoa; eta Tina Heferle, Esloveniako Barne Ministerioko estatu-idazkaria.
“Euskadi ez da hutsetik abiatzen migrazio-politikak abian jartzean. Hogei urte baino gehiago daramatzagu Euskal Harrera Eredua eraikitzen”, gainerako euskal administrazioekin, hirugarren sektoreko erakundeekin eta jatorri atzerritarreko pertsonen elkarteekin batera, Melgosak nabarmendu duenez.
Nerea Melgosa sailburuak zehaztu duenez, “‘Euskal Harrera Eredua’k pertsonak hartu, integratu eta babesten ditu, funtsezko hiru printzipio hauek aintzat hartuta: berdintasuna eta diskriminaziorik eza —immigranteen eta bertakoen eskubideak eta betebeharrak parekatzea dakarrena—; herritartasuna —herritar immigranteen erabateko partaidetza zibikoa, soziala, ekonomikoa, kulturala eta politikoa aitortzea eskatzen du—; eta kulturartekotasuna —jatorri eta kultura desberdinetako pertsonen arteko interakzio-mekanismo gisa, kultura-dibertsitatea errespetatuz—”.
“Gaur egungo ‘Euskal Harrera Ereduak’ tenkatuta dagoen Estatuko harrera-sistema osatu eta betetzeko sortu ditugun baliabideak biltzen ditu. Halaber, atzerritar jatorriko biztanleei zuzendutako parte hartzeko espazioak, zerbitzu publikoak, programa espezifikoak eta jardunbideak eskaintzen ditu, arreta indibidualizatua bermatzeko, baina, batez ere, Euskadira iristen diren atzerritar jatorriko pertsonen integrazio-prozesuak bermatzeko”, azaldu du Melgosak.
Printzipioak
Nerea Melgosak “Euskal Harrera Eredua” eraikitzeko azaldutako printzipioek integrazio-politika publikoa egituratzen dute honako printzipio hauetan oinarrituta: integrazioa noranzko biko prozesutzat hartzea, elkarrengana egokitzeko prozesutzat; abiapuntu gisa hartzea integrazio-prozesuaren erantzukizuna eta kudeaketa administrazioek eta gizarte-eragileek —immigranteek eta gizarte osoa barne— partekatu behar dutela; ikuspegi integrala edo globala hartu beharra, bai immigrazio-politiketan, bai integrazio-politiketan; integrazio-politikak herritar guztiei zuzentzea, immigranteei eta bertakoei, immigranteek zerbitzu publiko eta pribatu orokorretarako irispide normalizatua izan dezaten sustatzeko eta bermatzeko jarduketa publikoekin.
“Biztanle immigratuak politika publiko garrantzitsu guztietan integratzeari buruzko gaiak zeharka txertatu behar dira”, nabarmendu du Melgosak. “Gure asmoa da ‘Euskal Harrera Eredua’ sendotzea, euskal gizarte askotariko, bidezko eta kohesionatuagoa eraikitzen jarraitzeko, elkarrekin bizi garen guztiok aukera, eskubide eta betebehar berberak izan ditzagun”, adierazi du, amaitzeko, Nerea Melgosak Europako administrazioetako ordezkarien aurrean. Melgosa sailburuarekin batera, Xabier Legarreta Migrazio eta Asiloko zuzendariak, Ana Reka Kabineteko zuzendariak eta Marta Marin parte hartu dute topaketetan.