Gobernu Bileraren osteko prentsaurrekoa

0
PRUEBA

Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak prentsaurrekoa eman du Gobernu Kontseiluaren ostean, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu Olatz Garamendi eta Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Nerea Melgosarekin batera.

Garamendik azaldu duenez, Gobernu Kontseiluak argi berdea eman dio gaur goizean Euskal Autonomia Erkidegoko langile publikoen ordainsariak 2023an % 0,5 igotzeari. Azaldu duenez, egungo soldata-igoera 2023ko urtarrilaren 1etik aurrerako atzeraeraginarekin ordainduko da, datorren martxoko nominatik aurrera, eta langile publiko guztiei aplikatuko zaie. «Enplegu publikoaren kalitatea hobetzeko legegintzaldia da hau», nabarmendu du sailburuak. Gainera, enplegua finkatzeko prozesuak azken fasean daudela adierazi du.»1.600 plaza baino gehiago esleitu aurreko uneetan gaude».

Bestalde, Nerea Melgosak Euskal Autonomia Erkidegoko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 2030 Estrategia aurkeztu du. Melgosak azaldu duenez, euskal botere publikoentzako ibilbide-orria da, eta gure gizartean emakumeen eta gizonen berdintasunerako eskubidea eraginkortasunez aplikatzea ahalbidetzen du. «Esparru horrekin, erakunde bakoitzak autonomiaz eta malgutasunez ekingo dio bere berdintasun-planari, bere eskumenen, lehentasunen eta errealitateen arabera».

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak iragarri du, halaber, Gogora Institutuaren eta Martxoak 3 Elkartearen arteko lankidetza-hitzarmena sinatuko dutela otsailaren 14an, Martxoak 3 memoriagunea sortzeko.

Era berean, Bizitegi-bazterketa Larriaren aurkako Euskal Estrategia berriaren xehetasunak partekatu ditu. Estrategia horren helburua etxegabetzeak prebenitzea eta etxebizitza-eskubidea gauzatzeko neurriak indartzea da. Sailburuak estrategia osatzen duten neurriak eta proiektu eragileak azaldu ditu. 

GOBERNU KONTSEILUAREN ERABAKIAK

Ohikoa denez, Bingen Zupiria bozeramaileak Gobernu Kontseiluan aztertu eta onartutako beste gai batzuen berri eman du.

Bozeramaileak azaldu duenez, Jaurlaritzak baimena eman du gaur Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako foru-aldundien arteko lankidetza-hitzarmena sinatzeko, suteak itzaltzeko helikoptero baten errentamendua batera finantzatzeko. Akordio horren arrazoia da klima-aldaketak gero eta eragin handiagoa duela Euskadin, eta muturreko fenomeno meteorologikoen maiztasuna areagotzen duela. Fenomeno horietako batzuek, hala nola tenperatura altuek eta denboran iraun dutenek, baso-suteak izateko arriskua errazten dute.

Era berean, Jaurlaritzak baimena eman dio Lanbideri aurten hiru milioi euro bideratzeko gazteentzako prestakuntza eta txandakako lanaren HEZIBI programa finantzatzeko. Programa horren bidez, bere lanbide-gaitasunak hobetu nahi dira, eta, aldi berean, enpresa batean ordaindutako jarduera bat egiten dute.

Gobernu Kontseiluak Euskadiko BGAEentzako dekretu berria onartu du gaur, Estatuan bakarra eta berritzailea den pentsio-eredu osagarri hori sendotzen jarraitzeko. Bozeramaileak adierazi duenez, dekretuak elementu berritzaileak ditu, hala nola BGAEentzat egokiak diren aktibo berriak edo gehieneko administrazio-gastuen beherapena.

Bestalde, Jaurlaritzak baimena eman du Ermua eta Mundakako udalekin sustapen publikoak eta zuzkidura-bizitokiak eraikitzeko, guztiak ere alokairuan, etxebizitza eskuratzeko erraztasunak emateko.

Prentsa-dosierra

Gai-zerrenda