Gobernu Kontseiluak bi hitzarmen baimendu ditu Ermuko eta Mundakako udalekin, alokairuko ehun etxebizitza publiko eta zuzkidura-bizitoki baino gehiago eraikitzeko

0
PRUEBA

Gobernu Kontseiluak baimena eman du Euskal Autonomia Erkidegoko udalekin —Ermua eta Mundaka— bi hitzarmen berri sinatzeko eta etxebizitza publikoak eta zuzkidura-bizitokiak —guztiak alokairuan— eraikitzeko, herritarrek etxebizitza eskuragarri baten eskaerari erantzuteko asmoz.

Bizkaiko Ermua udalerriarekin sinatutako hitzarmenaren arabera, Betiondo esparruan —udalerriaren iparraldean— bi partzela doan lagako dira alokairuko 80 zuzkidura-bizitoki eraikitzeko. Lehenengoak 1.990,52 m2-ko azalera du guztira; bigarrenak, berriz, 1.961,09 m2-koa; bi kasuetan, bi eraikin altxatzeko aukera dago. Eraikin horiek lurpean bi solairu, beheko solairua eta goiko hiru solairu izango dituzte. Akordio horren bidez ezartzen da Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saila arduratuko dela proiektuak idazteaz, obra zuzentzeaz eta gauzatzeaz, bai eraikinei dagokienez, bai ingurunea urbanizatzeari dagokionez.

Bestalde, Mundakako Udalarekin sinatutako hitzarmenak Erreka esparruan alokairuko babes publikoko 24 etxebizitza inguru eraikitzeko baldintzak zehazten ditu. Honako honek aurreko hitzarmen bat ordezkatzen du, bi aldeen arteko akordio baten ondoren likidatu zena, Udalak finka hori doan lagata. Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saila arduratuko da lehendik dagoen eraikina eraisteaz, eraikuntza-proiektuak idazteaz, obrak egikaritzeaz eta horiek amaitzean beheko solairuko lokala Udalari lagatzeaz.

Bi akordioetan ezartzen denez, etxebizitzak eta bizitokiak esleitzeko prozeduran ezarritako kupoak hartuko dira kontuan; kupo horien arabera, etxebizitzak erreserbatuko zaizkie gazteei (% 40a) eta etxebizitza izateko eskubide subjektibo onartua dutenei, lehentasunezko beste kolektibo batzuen artean.

Bi hitzarmen horien helburua da Etxebizitzaren aldeko Itun Soziala 2022-2036an adostutako helburuak lortzea sektore publikoko eta pribatuko 90 eragileren artean, eta hirugarren sektoreko erakundeekin, alokairuko parke publikoa handitzeko eta, horrela, euskal herritarrek etxebizitza eskuragarri baten beharrizanei erantzuteko.