Gobernu Kontseiluak Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 2030 Estrategia onartu du

0

Gobernu Kontseiluak EAEko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 2030erako Estrategia onartu du. Dokumentu hori euskal botere publikoek jarraitu beharreko ibilbide-orria da, gure gizartean emakumeen eta gizonen berdintasunerako eskubidea eraginkortasunez aplikatu ahal izateko.

Nerea Melgosa, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketarako sailburuak azaldu duenez, estrategia erakunde bakoitzak bere eskumenen eta lehentasunen arabera autonomiaz eta malgutasunez landu behar duen erreferentziazko esparru estrategikoa da.

2030era begira dagoen estrategia hori onartuta, Eusko Jaurlaritzak, lehen aldiz, legealdi bakoitzean berdintasunerako plan bat egiteko logika hausten du (1991tik, berdintasunerako zazpi plan egin dira etengabe), eta izaera estrategikoagoa eta, koherentziaz, denbora-horizonte zabalagoa duen proiekzio baten aldeko apustua egiten du. Horrela, bat egiten du 2030 Agendarekin eta Garapen Iraunkorreko Helburuekin, eta eraginkortasuna ematen dio emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabeko bizitzetarako Legeari.

Horrela, emakumeen eta gizonen berdintasunerako 2030 Estrategia plangintza-tresna da, 2030ean Euskadin honako 11 helburu zehatz hauek lortzeko:

  1. Euskadin gaur egun dagoen Genero Berdintasunaren Indizea 75 puntutik gorakoa izatea.
  2. Euskal herri-administrazioen aurrekontuaren % 1,5, gutxienez, berdintasun-politikak garatzeko erabiltzea.
  3. Euskal erakunde publiko guztiek beren helburuak betetzeko langile eta aurrekontu-zuzkidura nahikoak dituzten berdintasun-zerbitzuak eta -unitateak izan ditzaten lortzea.
  4. Euskal administrazio publikoetako langile guztien oinarrizko, mailakako, etengabeko eta nahitaezko prestakuntza bermatzea.
  5. EAEko enplegu-tasarekiko genero-aldea gutxienez erdira murriztea.
  6. Euskadin generoko soldata-arrakala 5 puntu murriztea.
  7. Euskal hezkuntza-sistemako ikastetxe guztiek hezkidetza-plan propioa izan dezaten lortzea, egoeraren diagnostikoari erantzun eraginkorra emateko.
  8. Etxeko lanetan eta zaintza-lanetan EAEn dagoen genero-aldea gutxienez erdira murriztea.
  9. EAEn bizi diren pertsona guztiek emakumeen aurkako indarkeria matxista onartezintzat jotzea.
  10. EAEn babes-sistemaren barruan eraildako emakumeak zerora murriztea.
  11. EAEko Administrazio Orokorretik bermatzea indarkeria matxistaren biktimek laguntza ekonomikoak jasotzen dituztela kalte-ordainak ordaintzen ez direnean.

11 helburu horiek lortzeko, 2030erako Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Estrategiak lau ardatz ditu: Gobernu ona, Emakumeen ahalduntzea, Antolaketa sozial iraunkorra eta ekitatiboa eta Indarkeria matxistarik gabeko bizitzak. Era berean, 13 helburu estrategiko, 31 lan-ildo eta 128 berariazko ezarri dira lau gai nagusien inguruan.

Gobernu Onari dagokionez, emakumeen eta gizonen berdintasunarekiko konpromiso politikoa bermatu nahi da, administrazio-jardueran txertatu, eta gobernantza instituzionalaren eredua eraldatu.

Dokumentuak administrazio publikoetan emakumeen ahalduntzea bultzatzea aurreikusten du, ikuspegi intersekzionalaren bidez eta ikuspegi feminista duten lidergoekin.

Gizarte-antolaketa jasangarri eta ekitatiboari dagokionez, estrategiak honako hauek proposatzen ditu: demokrazia zaintzailea eraikitzeko bidean aurrera egitea, erakundeen kulturan eta Euskadi modernizatzeko prozesuan berdintasuna sartzea, bai eta antolaketa-eredu justu, berdintasunezko eta iraunkor bat garatzeko konpromisoa indartzea ere.

Indarkeria matxistarik gabeko bizitzak izeneko laugarren ardatzak hiru helburu estrategiko ezartzen ditu: ikerketa, sentsibilizazioa, prebentzioa eta prestakuntza espezializatua bultzatu, emakumeen eskubideak bermatzeko eta indarkeria matxistari erantzuteko ahalduntzea bultzatu eta erakundeen arteko esku-hartze koordinatua sustatu.

Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 2030 Estrategia oso dokumentu landua da Emakunderen barruan, eta Erakundetik kanpo ere kontraste handia egin da. Emerjenteak diren gaiak jorratzen ditu, hala nola intersekzionalitatea, gizonen inplikazioa edo zaintzak.