Jaurlaritzak eta foru aldundiek hitzarmena sinatuko dute Euskadin suteak itzaltzeko helikoptero bat elkarrekin finantzatzeko

0

Gobernu Kontseiluak gaur baimendu du Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako foru-aldundien artean lankidetza-hitzarmen bat sinatzea suteak itzaltzeko helikoptero bat alokatzeko. Akordioa sinatu da klima-aldaketak Euskadin duen eragin gero eta handiagoari erantzuteko, horren ondorioz muturreko fenomeno meteorologikoak gero eta sarriago gertatzen baitira, eta, besteak beste, denboran mantentzen diren tenperatura altuek basoko suteen arriskua areagotzen dute.

Laster sinatzekoa den eta kontratazio-espedientea abiaraziko duen hitzarmena lau erakundeek egindako azterketa sakonaren emaitza da. Gainera, suteak itzaltzeko lehendik dauden ekipamenduak osatzeko komenigarritasunari erantzuten dio, zeregin horretarako berariaz diseinatutako aireko baliabideak ere gaituz.

Eusko Jaurlaritzak 1,2 milioi euroko aurrekontu-partida onartu du (891.000€ alokairurako eta 330.000€ gehienez ere 240 hegaldi-ordutarako) zerbitzu hori alokairu-erregimenean kontratatzeko, eta erakunde guztien artean finantzatuko dute ehuneko hauen arabera:

  • Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saila: % 17,50
  • Arabako Foru Aldundia: % 22,32
  • Bizkaiko Foru Aldundia: % 32,66
  • Gipuzkoako Foru Aldundia: % 27,52

Hitzarmenaren arabera, helikopteroaren alokairuaren kostuaz gainera, erakunde bakoitzak helikopteroa bere lurraldean erabiltzen den ordu bakoitzaren kostua ere finantzatuko du, kontratuan ezarritako prezioaren arabera.

Suteak itzaltzeko 26 parte  

Euskadin suteak itzaltzeko foru-aldundien eta udalen titulartasuneko 26 parke daude: 10 Bizkaian, 9 Gipuzkoan eta 7 Araban. Akordio hori posible izan da Euskadik segurtasun publikoaren, babes zibilaren eta larrialdien arloan dituen eskumenei esker, eta kontuan hartzen ditu tokiko autonomia errespetatzea eta eskumenen banaketa, Lurralde Historikoen Legeak eta Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legeak foru-aldundiei eta udalei suteak itzaltzeko araudi autonomikoa betearaztearen arloan aitortzen dizkietenak.

Zaintza eta jarraipena

Hitzarmena bi urtez egongo da indarrean (alokairu-kontratua formalizatzen denetik aurrera), eta beste bi urtez luzatu ahal izango da.

Hitzarmena betetzeko beharrezko jarduerak koordinatzeko, gainbegiratzeko eta kontrolatzeko, bai eta horien jarraipena egiteko ere, lau erakundeetako bakoitzak izendatutako pertsonek osatuko duten batzorde bat eratuko da.