Lanbidek ezohiko neurriak hartu ditu, bermatzeko egoera irregularrean dauden pertsonek prestakuntza-ikastaroak egiten jarraituko dutela

0

Mendia Lehendakariordearen ustez, konponbideak, batetik, pertsona guztien prestakuntzarako eskubidea babesten du, bestetik, ikastetxeen egoera konpontzen du, eta, azkenik, erraztu egiten du enpresek behar dituzten profilak aurkitzen jarraitu ahal izatea

Otsaileko bileran, Lanbide-Enplegu Zerbitzu Publikoaren Administrazio Kontseiluak salbuespenezko hainbat neurri ebatzi ditu. Neurriok helburu dute bermatzea administrazio-egoera irregularrean dauden pertsonek aukera izan dezaten prestakuntza-programa osoak osatzeko eta profesionaltasun-ziurtagiria lortzeko, orain arte bezala.

Bilera horretan, Idoia Mendia Lehendakariorde gehi Lan eta Enplegu sailburua buru zela, Administrazio Kontseiluak aztertu egin du nolako eragina izango duen 2/2023 Errege Lege Dekretua indarrean sartzeak arestian aipaturiko pertsonengan. Dekretuak arautzen du Gizarte Segurantzako Sisteman sartzea prestakuntza-programetako prestakuntza-praktikak edo kanpoko praktika akademikoak egiten dituzten ikasleak. Lanbideren jarduera-eremuan, betebehar horrek eragin zuzena du prestakuntza praktikoaren moduluan. Izan ere, Erakunde Autonomoak finantziatzen ditu lantokietan egiten diren praktika horien profesionaltasun-ziurtagiriak. Bestetik, Gizarte Segurantzaren sistemako altek legezko bizilekua eskatzen dute. Une honetan, egoera horrek 1.224 pertsonari eta 52 ikastetxeri eragiten die. Eta kopuru hori handitu egin daiteke 2024an zehar (egindako deialdien arabera).

Mendiak gogorarazi du Estatuari dagokiola Atzerritartasuna eta Gizarte Segurantza arautzea; baina, Euskadik «konpromiso historikoa» duela «hemen bizi diren pertsona guztien eskubideak bermatzeko», hots, osasuna, hezkuntza eta gutxieneko diru-sarrerak babestea. Aurrekoa betetze aldera, Mendiak azaldutakoaren arabera (Lanbidek aitortzen dituen profesionaltasun-ziurtagiriak eskuratzearekin batera, «laneratzeko gaitasun handiagoa erakusten ari dira-eta») legegintzaldi honetan Lan eta Enplegu Sailak    indartu egin ditu DSBE jasotzen dutenei laguntzeko prozesuak; zertarako eta, formakuntza jaso bitartean, haien egoera erregularizatu dezaten, eta, ondorioz, lan-kontratu bat eskuratu ahal izan dezaten. Gizartean sustraitzeko prozesu horiek arrakastaz probatu dira. Eta, aurten ere, indarrean jarraituko dute, hainbat udal- eta gizarte-erakunderekiko lankidetzan. Bitartean, Lanbidek deialdi zabal bat izapidetzen du, programa egonkorra izango da-eta.

Sortutako arazo baterako konponbideak

Halaber, gaineratu du Testuinguru horretan, ordaindu gabeko praktikak kotizatzeari buruzko araudi berria indarrean sartu dela, «oso neurri positiboa” dela, baina “egoera irregularrean daudenentzat kaltegarria dena, bai laneratzeko bai hezkuntzarako oinarrizko eskubideei dagokienez». Gainera, neurriak zuzeneko eragina izan du prestakuntza-zentroetan. Izan ere, zentro horiek finantzaketa eskuratzeko, beharrezkoa zen ikasleek modulu praktikoa egitea lantokietan. Baina lege-eskakizun berriak modulu praktiko hori egitea eragozten du. Ondorioz, hainbat enpresen kontratazio-aukerak ere kaltetu dira; hain zuzen ere bertan profil berriak txertatu nahi dituztenak.

«Lanbidek erantzun egin behar zien bai pertsonei, bai prestakuntza-zentroei bai eta enpresei ere. Eta horixe lantzen aritu gara asteotan Kontseilu honetan onartzeko» laburbildu du lehendakariordeak; hori guztia behin eta Lanbidek behin-behineko eta prebentziozko lehen zirkularra eman ondoren (zertarako eta, zentro horiek legezkotasun-zalantzak izan zitzaketen neurriak har ez zitzaten). Eta, kontsulta eta kontraste juridiko askoren ondoren, salbuespenezko neurriak jasotzen dituen Jarraibide berri batek ordezkatuko du hasierako zirkularra.

Neurri orokor gisa, luzatu egingo da praktikak egiteko epea; baldin eta atzerritarrek bizileku-baimenaren izapidea, luzapena edo Espainian legez bizitzeko aukera ematen dion beste edozein baimen-prozesu hasita baldin badute, eta, horren ondorioz, epe horretan haren erregularizazioa osatu ahal badute (Gizarte Segurantzan alta emandako enpresetako praktiken moduluan sartuta).

Bigarrenik (eta soilik neurri orokorra aplikagarria ez denean, eta egoitza-baimenik gabeko atzerritarrei kalterik ez eragiteko) praktika-modulua prestakuntza-zentroan bertan egin ahalko da. Beraz, profesionaltasun-ziurtagiri osoa lortzeko aukera emango zaie (eta beti ere, Lanbide Heziketako Sistemaren antolamendua garatzen duen uztailaren 18ko 659/2023 Errege Dekretuan xedatutakoaren babes osoarekin). Horretarako, ikastetxeek praktika-gelak izan beharko dituzte, batetik, lan-ingurunea simulatzeko, eta, bestetik, bertan, dagokion profesionaltasun-ziurtagiriarekin lotutako lanpostuari edo okupazioari dagozkion zereginak egiteko.

Gizarte Segurantzaren araua aplikatzeak atzerritarrei ez eragiteko neurri horiek beste neurri gehigarri batzuek osatuko dituzte; prestakuntza-zentroek kalterik jasan ez dezaten deialdietan hartutako konpromisoak betetzeko unean.