Osakidetzak lehiaketara atera ditu Debagoieneko Ospitaleareneraikin berriaren obrak, 29 milioi euroko inbertsioarekin

0

Osakidetzak lehiaketara atera ditu eta 2024an jarriko ditu abian Debagoieneko Ospitalearen (Arrasate) eraikin berriaren obrak. Bloke berri horretan, osasun-baliabide modernoa eskainiko zaio eskualdeari, eta eskualde horretako 63.000 biztanleen premiei erantzungo dien zerbitzu-zorro zabala eta eguneratua izango du.

Herritar guztien esku dagoen gertuko eta kalitateko arretan aurrera egiten jarraitze aldera, Osasun Sailak Osakidetzako zentroak eta egiturak hobetu, modernizatu eta egokitzearekin duen konpromisoaren beste adibide bat da eraikin horren eraikuntza.

Bloke berri horretan kokatuko dira, besteak beste, eguneko ospitale mediko-kirurgikoa, medikuntza fisikoko eta errehabilitazioko eremua, endoskopia-unitatea, larrialdi-zerbitzua eta erresonantzia magnetiko nuklearreko zerbitzua.

Lanak urte honetako bigarren erdian hastea eta 30 hilabeteko epean gauzatuta egotea aurreikusten da; horretarako, 29 milioi euro inguruko inbertsioa egingo da, eta horri altzarien eta ekipamenduaren zenbatekoa gehitu beharko zaio.

DEBAGOIENEKO OSPITALEAREN ERAIKIN BERRIAREN EZAUGARRIAK

Jada eraitsita dagoen ospitale zaharraren ordezko eraikin berria Txaeta eta Zalduspe kaleen arteko izkinan eraikiko da.

Jarduketak guztira 9.300 m²-ko azalera eraikia hartzen du aintzat, sestra gaineko 5 solairutan eta 2 soto-solairutan antolatuta —solairu bakoitzean 1.200 m² eraiki baino gehiago izango dira—.Gainera, bloke berriak zuzeneko konexioa izango du kanpoko kontsulten eraikinarekin. Hori dela eta, eraikin berriarekin konektatzen diren ondoko eraikinetan guztira 2.000 m² berrituko dira, eta, hartara, bertako eraikinen eta zerbitzuen arteko zirkulazioa sortu ahal izango da eta haien arteko elkarreraginak hobetu.

Unitate horiez gain, eraikinak zerbitzu osagarriak eta administratiboak hartuko ditu, eta solairu bat erreserban geratuko da, osasun-asistentzian sortzen diren premietara egokitu ahal izango dena. Estalkiak instalazioen eremu tekniko gehienak jasoko ditu, eta sotoko bi solairuak aparkalekurako erabiliko dira, egungo aparkalekuarekin bat eginik.

IRISGARRITASUNA ETA ENERGIA-EFIZIENTZIA

Horrez gain, eta eraikitako inguruneen irisgarritasuna hobetze aldera, obra-proiektuan barne hartuko da, halaber, aldagailu bat birmoldatzea eta komunak egokitzea ostomizatutako pertsonak sartzera begira.

Gainera, eraikinak energia-efizientziari buruzko egungo araudia beteko du, eta energia-kalifikazio gorena (“A”) lortuko du, bai energia primario ez-berriztagarriaren kontsumoan, bai karbono dioxidoaren emisioetan.