Basoak funtsezkoak dira planetaren osasuna bermatzeko. Klima erregulatzen dute CO2 xurgatzean, biodibertsitateari eusten diote, munduko animalia eta landare espezieen %80 inguru hartzen baitituzte, eta uraren zikloa kontrolatzen dute, lurzorua egonkortuz eta hodeiak eta euria sortzen lagunduz. Gainera, gizakiaren biziraupenerako ezinbestekoak dira. Baliabide naturalak ematen dituzte, hala nola zura eta elikagaiak, baita zerbitzu ekosistemikoak ere, hala nola airea eta ura garbitzea, eta osasun fisiko eta mentalari laguntzen diote aire librearen eta naturarekiko konexioaren bidez.
Horien kontserbazioa eta erabilera jasangarria funtsezkoak dira ingurumenaren oreka eta etorkizuneko belaunaldientzat bizi kalitate ezin hobea ziurtatzeko. Euskadiko basoen egoera hobetzeko, 2018an, NEIKER zentro teknologikoak EUSKOBASOA 2050 programa jarri zuen abian, Euskadiko Basogintza Hobetzeko I+G+B plana, Eusko Jaurlaritzak EAEko baso-zurgintza sektorea bultzatzeko duen estrategiaren barruan, gure basoen azterketaren ezagutza, ikerketa eta zabalkundea lortzeko.
Abiatu zenetik bost urte igaro ondoren, zentroak programaren esparruan lortutako lehen emaitzetako batzuk aurkeztu ditu gaur goizean, Arkautin dituen instalazioetan (Araba). Transferentzia jardunaldian, egurgintza-basogintza sektoreko hainbat esparrutako profesionalak izan dira –jabe txikiak, enpresak, administrazioak, etab.–, lanaren lehen emaitzak ezagutzeko interesatuta.
Topaketan, NEIKEReko taldeko hainbat kidek zentroak Euskadin basogintzaren hobekuntza bultzatzeko garatzen dituen lan ildoetako batzuk erakutsi dituzte: basoen osasuna ezagutu eta hobetzea, alternatiba berriak bilatzea eta egurraren kalitatea bermatzea, eta Euskadin ugarien dagoen intsinis pinuaren hobekuntza genetikorako plana berraktibatzea.
Azken lan ildo horri buruz, ekitaldiaren irekieran NEIKEReko zuzendari Leire Barañanok azaldu duenez, “hobekuntza genetikoko programa horien helburua da oinarrizko landare material bat lortzea, nahi ditugun ezaugarriak izango dituena, eta kalitatezko baso baliabide genetikoak erreproduzitzeko gai izango dena. Hori guztia, erresilientzia ziurtatuko digun aniztasun genetikoa ebaluatuz eta mantenduz, klima aldaketari eta etorkizunean ager daitezkeen eskaerei erantzuteko”.
Euskal basoaren erradiografia
Lehen hitzaldian, Eugenia Iturritxa NEIKEReko Baso Zientzien saileko ikertzaileak baso osasuna bultzatzeko landu diren arloak azaldu ditu: gaixotasunen diagnostikoa, epidemiologia eta kontrola, batez ere, banda marroiarena eta banda gorriarena.
Diagnostikoari dagokionez, NEIKERek Euskadiko patogenoen populazio garrantzitsuenen azterketa osoa egin du, horien sendotasunaren zergatia ezagutzeko eta kontrolatzeko estrategia potentzialak aztertzeko. Iturritxak azaldu duenez, besteak beste, “orain arte banda marroiaren 39 genotipo desberdin antzeman dira Euskadin, eta ikusi da iparraldeko leinuen eta hegoaldeko leinuen presentzia dagoela, eta, lehen aldiz, leinuen arteko hibridazioa”. Zentroko ikertzailearen hitzetan, “horrek azal dezake patogenoak nolako gaitasun handia duen baldintza txarretara egokitzeko, habitat berriak kolonizatzeko eta pinu espezie toleranteagoetan kalte larriak eragiteko”.
Epidemiologiari dagokionez, zentroak banden portaera, bizi zikloa, ostatu emaile berriak eta sakabanatzeko iragarpenak aztertu ditu, basogintzako neurriak optimizatzeko.
Gaixotasunen kontrolari erreparatuta, berriz, gaixotasun horiek prebenitzeko eta kontrolatzeko kudeaketa estrategiarik egokienak definitu dira. Horretarako, basoko gaixotasunen aurka eraginkortasun berezia duten 12 substantzia natural aztertu eta hautatu dira.
Aldi berean, zentroak NEIKERen beraren hautapenetik eta Radiata Pine Breeding Company konpainia zeelandaberritarraren intsinis pinuaren hobekuntza genetikorako programatik datozen hainbat familiatako landareek bandarekiko duten tolerantzia ebaluatzen jarraitzen du, izan ere, tolerantzia maila onengatik eta hazkunde azkarragatik nabarmentzen dira. Laukizen (Bizkaia) banda gorri eta marroiak oso kaltetutako landaketa batean urte eta erdiz ezarri ondoren, saiakuntza fruituak ematen ari da. “Zehazki, Dothi 1 eta Dothi 2 familien egokitzapena nabarmentzen dugu, altuera eta diametroetan hazkunde ezin hobeak dituztelako eta kalte maila, berriz, txikia dutelako”.
Pinuaren hobekuntza genetikoa
Bigarren hitzaldian, Javier Herrerok, halaber NEIKEReko Baso Zientzien saileko ikertzailea, EUSKOBASOA 2050en beste lan ildo batean jarri du arreta, hau da, pinuaren hobekuntza genetikoan, hainbat ezaugarri interesgarri lortzeko, hala nola zuraren bolumena, tolerantzia eta kalitatea. Horrela, programaren parte izango den oinarrizko material bat lortu ahal izango da, sektoreari basogintzarako baliabide baliotsuak emateko.
Horri dagokionez, beste ekintza batzuen artean, Euskadiko eta Kantauri aldeko intsinis pinuaren aniztasun genetikoa aztertu da, DNA tekniken bidez. “Ezagutza hori funtsezkoa da espeziearen aldakortasun genetikoaren mende dagoen erresilientzia eta moldagarritasuna ebaluatzeko”, Herrerok bere hitzaldian azaldu duenez.
Gainera, banda marroi eta gorriaren egungo testuinguruan, EAEko hiru lurraldeetan zundaketak egin dira, gaixotasunak erasandako lursailetan egonda ere, itxuraz egoera onean dauden eta gaixotasuna toleratzeko hautagai izan daitezkeen indibiduoak (zuhaitzak) aurkitzeko. “Zehazki –Herreroren hitzetan–, 51 indibiduo aurkitu ditugu, eta horiek ugaldu egin dira, 600 ale baino gehiago lortu arte. Zuhaitz horiek Laudion ditugun lursailetako batean landatu dira, etorkizuneko saiakuntzetan tolerantziari dagokionez bideragarri diren aztertzeko”.
Ildo horren barruan lanean ari dira, halaber, bolumen eta tolerantzia aldetik kalitatezko egurra eskainiko duten eta zurgintza sektorerako kalitatezko landare materialaren iturri bihurtuko diren zuhaitzak lortzeko.
Herreroren hitzaldiaren ondoren, era berean zentroko Baso Zientzien saileko kidea den Paloma Moncalean ikertzailearen txanda izan da, eta enbriogenesi somatikoaren teknikaren onurak aurkeztu dizkio publikoari, klima aldaketaren ondoriozko estres hidrikoari aurre egin diezaioketen errendimendu handiko pinuak ugaltzeari dagokionez.
Biodibertsitatea, lurzoruen babesa eta ura
Jardunaldiaren laugarren hitzaldian, NEIKEReko ikertzaile Itziar Montalbanek eta Nahia Gartzia Bengoetxeak baso sistema osasuntsuak eta erresilienteak lortzeko egiten ari diren lana mahaigaineratu dute, klima aldaketari aurre egin ahal izateko.
Ildo horretan, ezagutza sortzea ezinbestekoa da eremu zehatz bakoitzerako espezie egokiak hautatzeko gai izan gaitezen, hainbat faktore kontuan hartuta, hala nola klima –egungoa eta etorkizunekoa–, lurzoruaren egoera edo zuhaitz bakoitzaren behar espezifikoak.
Ikerketa horretatik ateratako beste ondorio batzuen artean, ikusi da “Euskadiko klima etorkizunean epelagoa izango dela, defizit hidrikoarekin, eta lurzoru xerikoak lekua irabaziko duela (Mediterraneoko tipikoa)”. Etorkizuneko giro hori gaur egun Portugalgo erdialdean dagoenaren antzekoa da. Horri dagokionez, Portugalgo Sintra eta Tapada da Ajudako eskualdeetako ezaugarri klimatikoetan bizirik irauten duten indibiduoen hazkundea aztertu da, aurreikuspenen arabera, hurrengo hamarkadetan euskal basoen portaera antzekoa izango baita.
Nahia Gartzia Bengoetxeak amaitu du jardunaldia, Euskadiko basoetako lurzoruen egungo egoerari eta karbono hustubide gisa duten potentzialari buruzko hitzaldi batekin. “Horretarako, Euskadiko lurzoruen karbonoaren mapa garatu dugu, eta, horri esker, zein egoeratan dauden jakin dezakegu, eta lurzoruaren eta uraren babesa hobetzeko neurriak proposatu”.
Euskadiko basoen egoera hobetzea etorkizunerako bermea da. Ekintza horiek Euskadiko basogintza hobetzeko EUSKOBASOA 2050 I+G+B planaren barruan sartzen dira. Zentro teknologikoak duela bost urte diseinatu eta abiarazi zuen ekimena, eta lanean jarraituko du euskal baso eta egurraren sektorea bultzatzeko, gure basoen inguruko ikerketaren bidez eta ezagutza transferituz.
NEIKERi buruz
NEIKER, Basque Research & Technology Alliance (BRTA) elkarteko kidea, nekazaritza, abeltzaintza eta basogintzako sektoreetarako irtenbide berritzaileak sortzen espezializatutako zentro teknologiko bat da. NEIKERen lan ildo nagusiak hauek dira: sektorearen barruan 4.0. nekazaritza bultzatzea, ustiategien jasangarritasuna eta lehiakortasuna garatzea, klima larrialdiak nekazaritzan eta abeltzaintzan dituen ondorioak arintzeko aukerak bilatzea eta bioekonomia sustatzea. Eta hori guztia One Health ikuspegia integratuz: animalien, ingurumenaren eta pertsonen osasunaren arteko harremana modu transbertsalean landuz. Gainera, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren menpeko erakundea den heinean, NEIKERen jardueraren helburua da euskal exekutiboak diseinatzen dituen estrategiei erantzutea eta horiek bultzatzea, Euskadiko nekazaritza eta abeltzaintzaren sektorea eta basogintzarena sustatzeko, garatzeko eta kudeatzeko.