Euskal herritarrek euren egoera pertsonalari eta Euskadiri buruz duten balorazioa hobetu da

0

Euskal biztanleriak positiboki baloratu du (7 puntu 10etik) bere egungo egoera pertsonala eta segidako baliorik altueneraino iritsi da, Prospekzio Soziologikoen Kabineteak argitaratutako azken Euskal Soziometroaren arabera. Euskadiren gaur egungo egoeraren balorazioa ere ona da (6 puntu).

Euskal Soziometroak herritarren unean uneko egoerari, jarrerei eta balio politikoei buruzko pertzepzioen informazioa biltzen du, eta gaur urteko lehenengo Euskal Soziometroa argitaratu da. Landa-lana urtarrilaren 30etik otsailaren 2ra egin zen.

Euskadiko arazo nagusiei helduta, ikerketak egiaztatu duenez, gizartearen kezka nagusiek lan-merkatuarekin lotuta jarraitzen dute, nolanahi ere, 2021etik hona ardura horren maila jaisten ari da. Hain justu ere, une honetan, biztanleen % 48k kokatzen du lan-merkatua hiru arazo nagusien artean; 2021ean, berriz, biztanleen % 61ek ipintzen zuen gizarteko hiru problema handienen barruan.

Kezka-iturriekin jarraituz, lan-merkatuaren ondotik, tarte handi samarrarekin, osasuna (% 35), etxebizitza (% 25) eta ekonomia (21%) aipatu dituzte euskal biztanleek.

Euskal erakundeei dagokienez, konfiantzarik handiena Unibertsitateak eragiten du (84%); eta bere atzetik Eusko Jaurlaritza (73%), Udalak (70%), Aldundiak (69%) eta Eusko Legebiltzarra (68%) kokatu dira.