Nerea Melgosa, Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua, Xabier García Ramsden kazetariak zuzendutako Radio Euskadiko Boulevard saioan izan da gaur goizean. Melgosak bere sailaren gaurkotasunaren errepasoa egin du. Izan ere, bihar Eusko Legebiltzarrean Haur eta Nerabeen Legea eta Lankidetzaren Legea onartuko dira, eta baita Transexualak genero-identitateagatik ez baztertzeari eta haien eskubideak aitortzeari buruzko Legearen aldaketa ere —Trans Legea izenaz ezagutzen denarena—.Jorratutako beste gai batzuk izan dira, batetik, Martxoak 3 Memoriala eta, bestetik, Tolosa, Ibarra eta Azpeitiko inauterien esparruan izandako sexu-erasoekiko gaitzespena.
Gaur egun Espainiako Gobernua eta Eusko Jaurlaritza negoziatzen ari diren migrazioen transferentziari dagokionez, Melgosak esan du konfiantza osoa duela Olatz Garamendi sailburuarengan, zeinak atzo adierazi baitzuen negoziazioak bide onetik doazela. “Ondo doazela esaten badu, ondo doazela esan nahi du”. Hala ere, Nerea Melgosak onartu du elkarrizketen oztopo nagusia transferentzia-eredua zela. Horri dagokionez, dagoeneko ebatzita dagoen “desadostasun” bat dela adierazi du. “Migrazioen transferentzia transferentzia bat izango da, ez, ordea, kudeaketa-mandatu bat”.
Aurkeztutako bi legeen onarpenari dagokionez —Haur eta Nerabeen Legearena eta Lankidetzaren Legearena—, Melgosak nabarmendu du erakunde sozialen parte-hartzea, prozesuan oso aktibo eta elkarlanerako prest agertu baitira, baita zenbait talde politikok legeak aurrera ateratzeko izan duten aurretiko jarrera ere. “Politikariok arazoak konpontzeko gaude, ez horiek sortzeko”, esan du.
García Ramsdenek Lankidetzari buruzko Legean jasotako puntu baten inguruan galdetu dio sailburuari. Puntu horretan adierazten da Eusko Jaurlaritzak bere aurrekontuaren % 0,7 helburu solidarioetara bideratuko duela. “Egia da, garapenerako lankidetzara bideratuko dugu % 0,7a. Eusko Jaurlaritzak mundu hobe bat eraikitzeko egiten duen ekarpena da”, esan du. Ildo horretatik, Nerea Melgosak gauza bera egitera gonbidatu ditu erakunde guztiak: “Bide batez, esan nahi dut alderdi jakin batzuek % 0,7ari buruz hitz egiten digutela, eta ez dutela ekarpen hori egiten alderdi horiek zuzentzen dituzten udal guztiek”.
Azpeitian, Tolosan eta Ibarran inauterien esparruan izandako bost sexu-erasoak ere izan dira hizpide. Gertakariak gaitzesteaz gain, Melgosak nabarmendu du hezkidetza beharrezkoa dela haurren garapenean, pertsona heldu berdinzaleagoak eta errespetuzkoagoak sortzeko. “Emakumeen aurkako erasoei aurre egiteko, berdintasunean eta errespetuan oinarritutako hezkidetza landu behar dugu”, adierazi du. Sailburuak onartu du eztabaida agenda politikoan dagoela, eta gogora ekarri du joan den asteartean Gobernu Kontseiluan onartutako 2030 Berdintasun Estrategia.
Azkenik, eta Gogora Institutuak eta Martxoak 3 Elkarteak gaur sinatutako hitzarmenari eta bihar notario aurrean Martxoak 3 Fundazioa inskribatzeari dagokionez, Nerea Melgosak esan du harro dagoela “arabar eta gasteiztar gisa”. Sailburuak adierazi duenez, “langile-klasearentzako eta hiriarentzako errekonozimendu bat” da. Eta, bukatzeko, esan du: “Ordaindutako zor bat da”.