Pasaia Zaintza Herrilab-ek tokiko ekosistemak finkatu ditu Euskadiko arreta eta zainketa eredu gisa

0

Nerea Melgosa Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak, Maite Peña Zainketa eta Gizarte Politiketako diputatuarekin, Teo Alberro Pasaiako alkatearekin eta Matxalen Legarreta UPV/EHUko Soziologiako ikertzaile eta doktorearekin batera, Pasaia Zaintza HerriLaben ebaluazioaren ondorioak aurkeztu ditu gaur goizean udalerrian bertan.

Ekimen hori 2018an jarri zen abian, eta Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatu dute. Helburua da Zaintzako Tokiko Ekosistemak garatzea, etxean bizi diren ahultasun- eta mendekotasun-egoeran dauden adineko pertsonen arreta eta zainketa hobetzeko.

Zainketen Tokiko Ekosistema batek tokian bertan integratzen ditu erabiltzaileen eta udalerriaren beharrak, osasun-zerbitzuak, gizarte-zerbitzuak eta komunitate-zerbitzuak, eta gizarte-ekimena eta ekimen pribatua lotzen ditu zainketen arloan.

Bere hitzaldian, Nerea Melgosak nabarmendu ditu Pasaia Zaintza HerriLab-en lortutako emaitza pozgarriak; izan ere, “80 urte eta gehiagoko pertsonak egoitzetan sartzeko adina atzeratzeko joera nabari da, bai eta telelaguntza-zerbitzuak gutxiago erabiltzeko joera ere, larrialdiak eta gizarte- eta osasun-arazoak konpontzeko”.

Era berean, txostenaren emaitzek erakusten dute adinekoen gizarteratzea eta bizi-kalitatea hobetu egin direla. Ebaluazioan parte hartu duten 135 erabiltzaileetatik, 119k (% 88,1) “oso ontzat” edo “ontzat” jo dute Gizarte Zerbitzuen edota beren udalerrian jasotako arreta- eta zaintza-zerbitzuen arreta.

“Pasaia Zaintza HerriLab-en lortutako emaitzek nabarmendu egiten dute ekosistemaren estaldura zabala, egokitasuna eta heldutasuna, baita udalerriaren eta bertako biztanleen beharrei erantzuteko eraginkortasuna ere”, nabarmendu du Nerea Melgosak.

Inplikatutako gizarte- eta osasun-zerbitzuetako profesionalen taldeari dagokionez, pilotajearen emaitzek gogobetetze eta motibazio handiagoa jasotzen dute profesionalen artean. Inkestatutako 41 pertsonetatik 32k (% 77,7) uste dute beren lanarekin eragin positiboa izaten ari dela artatutako pertsonen bizitzetan, eta 29k (% 71,7) motibatuta sentitzen dira artatutako pertsonekin lan egin ondoren.

Halaber, sailburuak nabarmendu du Zainketen Ekosistemak aurrera egin duela “nahi ez diren ahultasun- eta bakardade-egoera berriak detektatzeko eta horiei aurre egiteko”, eta nabarmendu du garrantzitsua dela gobernu-mailen eta sektore pribatuaren arteko lankidetza, etxez etxeko arreta eta zainketa indartuko duten laguntza-sareak sortzeko, eta, hala, “komunitatean zahartze duina eta kalitatezkoa” bermatuko dela.

Melgosak Pasaia Zaintza HerriLab programak erakutsi duen konpromisoa eta berrikuntza nabarmendu ditu, Euskadin Zaintzako Tokiko Ekosistemen garapenaren aitzindaria baita. Azpimarratu duenez, “programaren arrakasta estrategia integral batean oinarritzen da, eta estrategia horrek, ahultasun- eta mendekotasun-egoeran dauden adinekoen bizi-kalitatea hobetzeaz gain, eragin positiboa izan du haien lana zaintzen duten familien ongizatean”.

Hala, programak onuradunen lehentasunei eta itxaropenei erantzuten die; izan ere, galdetutakoen artean, 110 pertsonak (%81,5) esan dute laguntza gehiago behar izanez gero, etxean bizitzen jarraitu nahi lukeela.

Bestalde, Gipuzkoako Foru Aldundiko Zainketa eta Gizarte Politiketako diputatu Maite Peñak azpimarratu du “ez dela kasualitatea” Pasaia aukeratu izana Gipuzkoa eta Euskadiko lehen zainketa-ekosistema lokala ezartzeko. Ezaugarri soziodemografikoak eta lau distritutan banatuta egotearen berezitasuna direla eta, Pasaia inguru aproposa da bertako zainketa-ekosistema bat ezartzeko, Adinberri zahartzearen erreferentzia-zentroaz gain, Gipuzkoako Foru Aldundiaren proiektu estrategikoetako bat.

“Esperientzia hau guztiz berria da, eta lau premisatan oinarritzen da: pertsona, komunitatea, berrikuntza eta ebaluazioa”, zehaztu du Peñak. Gaur aurkeztutako azterlanarekin, ebaluazioan aurrera egiten da, “ezinbestekoa oinarri sendoetan aurrera egiteko”. Amaitzeko, diputatuak adierazi du Zaintza HerriLabek “hazten jarraitu” nahi duela, eta Pasaiako gunea Gipuzkoara irekitzean, “martxan daude zaintzarako tokiko 14 ekosistema, eta beste zazpi udalerrik estrategiarekin bat egiteko interesa agertu dute”.

Pasaiako alkate Teo Alberroren hitzetan, epe luzeko zainketen eredua aldatzen lagunduko du proiektuak lurralde osoan. “Tokiko esperientzia honen bidez, Gipuzkoa osora zabaldu eta errepikatuko den eredu bat eraikitzeko aukera emango duen ezagutza sortu nahi da”.

Pasaitarren ordezkariak azpimarratu du ekosistema hori ezin izango litzatekeela abian jarri arreta ematen den ingurunean diharduten prozesu, zerbitzu eta erakundeen multzoa integratu eta artikulatu gabe: “Horrela bakarrik lortu da arreta-eredu koordinatu, komunitario eta beti pertsonan oinarritua”.

“Horri esker”, amaitu du Alberrok, “orain pasaitarrek, eta etorkizunean Gipuzkoako gainerako biztanleek, duintasunez zahartu ahal izango dute beren etxeetan, beren eskubideak bermatuz eta beren lehentasunak eta nahiak errespetatuz, beren egunerokoan jaso nahi duten arretan”.

Azkenik, sailburuak gogorarazi du beharrezkoa dela “politikak ebaluatzeko kultura bat sendotzea, zainketa-eredu bidegabetik aurrera egiteko; izan ere, eredu horrek, sozialki, emakumeei esleitzen die zaintzeko ardura, eredu propio, publiko eta komunitario bat, berdintasun-politikarekin koherentea, erantzunkidea eta gure gizartearen zahartzeari erantzuteko gai dena”.