Euskadin 17.235 kultura-ekitaldi egin ziren 2023an, aurreko urtean baino % 6 gehiago

0
  • Kulturaren Euskal Behatokiak kaleratu ditu iazko kultura-programazioaren datuak, Kulturklik atarian jasotako ekitaldiak kontuan hartuta
  • Ekitaldi programatuenak kontzertuak (5.569) eta antzerkia (3.601) izan dira.

Kulturaren Euskal BehatokiakEAEko kultura programazioaren azterketa. 2023. urtea txostena argitaratu du gaur. 2023ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean programatutako kultura-ekitaldiak kontuan hartuta, guztira 17.235 ekitaldi programatu ziren Euskadin. Hau da, aurreko urtean baino % 6 gehiago. 2022an 16.221 kultur ekitaldi programatu ziren. Datu horiek Kulturklik-ek jasotzen duen agendan oinarritzen dira. www.kulturklik.euskadi.eus euskal kulturaren atari interaktiboa da, kultura-eragile guztiei zabalik dagoena, haien programazioa eta eduki interesgarriak zabaltzea helburu duena.

2023an, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako kultura jardueraren banaketa honako hau izan da, Kulturkliken jasotako ekitaldi motaren arabera:

  • Kontzertuak % 32,3
  • Antzerkia % 20,9
  • Ikus-entzunezko proiekzioak % 10,1
  • Erakusketak % 7,2
  • Hitzaldiak % 7
  • Bertsolaritza % 6,2
  • Dantza % 4,3
  • Bestelakoak % 12

Ekitaldi ugarienak kontzertuak izan dira,  5.569 guztira, aurreko urtean baino % 6 gehiago.  Kontzertu gehienak musika garaikideari dagozkio, % 77,4. Ordainpeko kontzertuen batez besteko prezioa 14,4 eurokoa izan da. Bizkaian programatu dira kontzertu gehien (% 44,6), ondoren Gipuzkoan (% 41,5) eta Araban (% 13,9). Halaber, euskara izan da musika-emanaldietan gehien erabili den hizkuntza. Kontzertuen % 27 euskaraz izan dira.

Antzerkiari dagokionez, 2023an 3.601 ekitaldi programatu ziren (guztira, 4.562 emanaldi edo funtzio), eta ekitaldi bakoitzeko batez besteko prezioa 10,9 eurokoa izan zen. Emanaldi horien erdia baino gehiago Bizkaian izan ziren, % 50,4. Antzerki-emanaldien % 35,1 Gipuzkoan programatu ziren eta % 14,5 Araban. Hizkuntzari dagokionez, funtzioen % 44,1 gaztelaniaz izan ziren eta % 41,2 euskaraz. Antzerki-genero adierazgarriena testu-antzerkia izan da (% 59,2), ondoren zirkua (% 13,9). Gainera, 2023an Euskadin taularatutako funtzioen % 43 haurrei eta/edo familiei zuzenduta zeuden.

2023ko Euskadiko kultur programazioaren analisiaren arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 742 dantza-ekitaldi programatu ziren 2023an (845 dantza-emanaldi), aurreko urtean baino % 8,3 gehiago.  Ordainpeko dantza-ikuskizunen batez besteko prezioa 13,4 eurokoa izan zen, eta dantza garaikidea izan da Euskadiko agertokietan presentzia handiena izan duen generoa, antzezpen guztien % 66,6rekin; ondoren, ballet klasikoa ( % 4,9).

Kulturaren Euskal Behatokiaren txostenak 1.233 erakusketa ere biltzen ditu 2023an Euskadin. Erakusketen % 48,6 Bizkaian egin ziren, % 32,8 Gipuzkoan eta % 18,6 Araban. Aztertutako erakusketak 2023ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean inauguratu direnak dira, amaiera-data edozein dela ere. Era berean, ez dira sartu 2023an jendearentzat irekita egon arren 2023ko urtarrilaren 1a baino lehen inauguratutako erakusketak.

Bestalde, 2023an 1.065 bertso-saio egin dira Euskadin, gehienak Gipuzkoan, %53,4, ondoren Bizkaian ( % 36,6) eta Araban ( % 10).