Errentamendu-erregimeneko parke publiko baten lehen sustapena da Bizkaiko udalerri horretan eta Busturialdean
Etxebizitzako sailburuorde Pedro Jaureguik eta Mundakako alkate Sorne Rubiok lankidetza-hitzarmen bat aurkeztu dute. Hitzarmen horren bidez, Bizkaiko udalerri horrek alokairu-erregimeneko 24 etxebizitza publiko inguru izango ditu Erreka eremuan, Laidatxu hondartzaren ondoan.
Sustapena Eusko Jaurlaritzak eraikiko du 2.627 m2-ko finka batean. Gaur egun, erabiltzen ez den udal-instalazio bat dago bertan, eta Sailak eraitsi egingo du, etxebizitzen eraikina eraikitzeko.
Hitzarmenak eremu berean etxebizitza kopuru bera eraikitzeko aurreko beste hitzarmen bat ordezten du. Kasu hartan, etxebizitzak salmentara bideratuko ziren, baina Visesak ezin izan zuen hitzarmena gauzatu sustapen-kostu handien ondorioz, eta, beraz, bideraezina izan zen.
Etxebizitzako sailburuordeak azpimarratu duenez, “bi erakundeek herritarren beharrei erantzuten eta udalerrian eta Busturialdeko alokairuko lehen etxebizitza babestuak sortzen laguntzeko egin duten ahalegina urrats garrantzitsua da, eta norberaren herrian arrazoizko prezio batean etxebizitza bat eskuratzeko aukera emango dio jendeari, batez ere gazteei”. Eraikuntza sustatzeko, lau milioi euro inguru inbertituko ditu Jaurlaritzak, sailburuordeak azaldu duenez. Gaur egun, Mundakan etxebizitza bat eskatzen duten 80 pertsona daude Etxebiden alta emanda. Haietatik, 29 udalerrian erroldatuta daude. Eskatzaile horietako 53k (% 66k) alokairu-modalitatea eskatu dute.
Bestalde, Sorne Rubio alkatea “oso pozik” agertu da, “proiektua aurrera ateratzea lortu delako, aurreko udalbatzarekin geldirik baitzegoen duela urte batzuez geroztik”. Alkateak azpimarratu duenez, “gure udalerrian etxebizitza bat eskuratzeko arazo handia dago, etxebizitzen urritasunagatik eta erosteko eta alokatzeko prezio altuengatik”. Gaineratu duenez, “aukera paregabea da mundakarrentzat, eta pertsona guztiak animatu nahi ditugu prozesu honetan parte hartzera”. Halaber, azpimarratu du aurreko hitzarmenarekin sortutako zailtasunak kontuan hartu direla, “hainbat soluzio eta neurri zuzentzailerekin (mendi-hegala, saguzarren haitzuloa eta abar)”.
Udalak doan lagako dio etxebizitzak kokatuko diren finka Etxebizitza Sailari, eta sail hori arduratuko da gaur egun dagoen instalazioa eraisteaz, eraikuntza-proiektuak idazteaz, obrak egikaritzeaz eta obrak amaitzean beheko solairuko eta solairuarteko lokala udalerriari lagatzeaz.
Etxebizitza Sailak partikularren bost etxebizitza kudeatzen ditu Alokabideren bitartez. Etxebizitza horiek Eusko Jaurlaritzari laga dizkiote, Bizigune programaren bidez alokairuan arrazoizko prezio batean jartzeko, hileko kanon baten truke. Era berean, orain arte zazpi gaztek jaso dute merkatu libreko alokairu bat ordaindu ahal izateko eta, era horretan, emantzipazioa errazteko Gaztelagun laguntza.