Eusko Jaurlaritzak espero du erakunde arteko akordio bat azkentzea Zainketen aldeko Euskal Ituna bultzatzeko

0

Eusko Jaurlaritza dagoeneko lanean ari da euskal erakundeekin etorkizuneko Zainketen aldeko Euskal Itunaren oinarriak finkatzeko. Hala iragarri du gaur Nerea Melgosa Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak Eusko Legebiltzarrean.

Azaldu duenez, Eusko Jaurlaritzak dagoeneko hainbat dokumentu adostu ditu itun hau sortzeko. Lehenik Elkarrizketa Sozialaren Mahaiarekin egin zuen, apirilean, eta joan den abenduan Elkarrizketa Zibilaren Mahaiarekin. Gainera, Melgosak gaur gaineratu duenez, azken egunotan dokumentazioa bi organo berrirekin kontrastatu da: Emakundeko aholku-batzordearekin eta Migrazioaren eta Asiloaren Euskal Foroko berdintasun-batzordearekin. Gainera, ‘Zainketen aldeko euskal itunerako bidean aurrera egiten’ Nazioarteko Kongresuak eta bertan ateratako ondorioek ere prozesu hau elikatu dute.

Izan ere, Melgosaren hitzetan, etorkizuneko itunak “koherentzia politikoa izan behar du berdintasuneko, gizarte-kohesioko eta migrazioetako politikekin”.

Eusko Legebiltzarreko talde jeltzaleak horri buruz galdetuta, Melgosak adierazi du bere saila elkarrizketa sozial, zibil eta instituzionaleko prozesu batean murgilduta dagoela, eta prozesu hori jadanik hasita dagoela eta zainketen aldeko herrialde-mailako etorkizuneko itun baten oinarriak ezartzera bideratuta dagoela.

 “Euskadik, trantsizio sozial eta demografikoaren testuinguruan, itun hau berritu beharra dauka eta berritu egin beharko du. Oinarri horien gainean, eduki berriei eta bere eraikuntzan eta garapenean aktiboki parte hartu nahi dutenei irekitako ituna da”.