Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleak Medikuntza Nuklearreko Zerbitzu berritua eta abangoardiako teknologiaduna estreinatu du

0

Osakidetzaren Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleak Medikuntza Nuklearreko Zerbitzua berregituratu eta handitu du, eta egungo garaira egokitutako instalazio modernoa osatu du, irudi bidezko diagnostikoko abangoardiako teknologiarekin. Horretarako, Euskal Osasun Zerbitzuak guztira 8,4 milioi euroko zenbatekoa inbertitu du azken 5 urteotan.

Medikuntza Nuklearreko Zerbitzuaren espazioa eta ekipamendua berritzeari esker, irudi bidezko diagnostikoko ahalmena nabarmen handitu da, eta diagnostiko zehatzagoak eta goiztiarragoak egiten dira. Hartara, 14.000 pazienteri baino gehiagori eskaintzen zaien arreta hobetu da, arreta integrala eta pertsonalizatua eskaintzen den heinean.

Zerbitzu horrek onkologia, pneumologia eta hematologiako pazienteak artatzen ditu batik bat, eta nabarmen hazi da azken urteotan. Horrenbestez, gero eta proba gehiago egin dira eta gero eta paziente gehiago artatu dira. 2023an, proba kopuruak nabarmen egin du gora; izan ere, 38.000 proba inguru egin ziren, 2022an 31.000 proba izan zirenean. Artatutako pazienteen kopuruak ere nabarmen egin du gora, 13.000 pertsona izan ziren 2022an, eta 14.500 inguru 2023an.

Zerbitzua osatzen duten irudi bidezko diagnostikoko bost ekipoak azken belaunaldiko ekipoekin ordeztu dira. Punta-puntako teknologia horri esker, irudi bidezko diagnostikoaren ahalmena eta osasun-emaitzak hobetu dira eta pazienteen segurtasuna areagotu da, gaixotasunaren diagnostiko zehatzagoa eta goiztiarragoa lortzen baita.

Zehazki, Osakidetzak SPECT-TC gamma-kamerako 3 ekipo berri eta PET CT digitaleko 2 ekipo berri instalatu ditu.

PET digitalek nabarmen handitzen dute lortutako irudiaren kalitatea, eta horrek artatutako pertsonen patologiaren diagnostiko hobea egitea ahalbidetzen du. Aldi berean, injektatzen den erradiofarmakoaren jarduera % 50era murrizten du, eta, horrela, irradiazio txikiagoa pazienteentzat zein profesionalentzat. Horrez gain, probaren iraupena murrizten du, erabiltzaileen mesederako.

Bestalde, gamma-kamera miaketa hautatuak egiteko teknologia aurreratua da, organo eta egitura anatomiko konplexuagoei buruzko informazio zehatzagoa lortzeko aukera ematen duena, hala nola bihotzari, bizkarrezurrari, pelbisari edo garunari buruzkoa.

Espazioa berregituratzea eta handitzea

Zerbitzua berregituratu eta handitzeko obren ondoren, erabat birmoldatutako hiru gune sortu dira: Medikuntza Nuklear Konbentzionaleko Unitatea, PET-CT unitatea eta bulegoen eta txosten-gelen eremua. Hartara, pazienteak eta senideak hartzeko espazioa irabazi da.

Gainera, Terapia Metabolikoaren eremurako isolamendu-gela berriak sortu dira ospitalizazioko 2. A solairuan, eta, hala, ospitaleratzean erosotasuna eta larrialdiko laguntza medikoa hobetu dira.